Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/15

Lekeitioko EAJ-PNVk Musika Eskola publifikatzearen alde dagoela berretsi du, baina EH Bilduk premiazko prozedura batera jo behar izan duela salatu du bere planifikazio faltagatik

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du Musika Eskolaren publifikazioa bultzatu zuela 2025eko aurrekontuari egindako ekarpenetan, EH Bilduk bere gain hartu zuela konpromiso hori, baina ez zuela bete, eta salatu du pilatutako atzerapenek eta prozeduraren kudeaketa eskasak behartu dutela orain udal gobernua premiazko tramitaziora jotzera, nahiz eta beti EAJ-PNVren babesa izan proiektua aurrera ateratzeko.

Ezagutzera eman
Lekeitioko EAJ-PNVk Musika Eskola publifikatzearen alde dagoela berretsi du, baina EH Bilduk premiazko prozedura batera jo behar izan duela salatu du bere planifikazio faltagatik

ARGAZKIA JAITSI

Lekeitioko EAJ-PNVk Musika Eskolaren publifikazioarekin duen konpromisoa berretsi du maiatzeko azken plenoan eta prozesua aurrera ateratzeko babesa ematen jarraitzeko prestutasuna agertu du, EH Bilduren udal gobernuaren “planifikazio eta kudeaketa falta nabarmena” salatzearekin batera.

Jeltzaleek gogorarazi dute aldarrikapen hau urteetan EAJ-PNVk ere defendatu duela eta 2024tik lanean eta proposamen zein alternatiba ezberdinak aztertzen aritu direla musika eskolaren publifikazioa posible egiteko.

EAJ-PNVk gogorarazi du, gainera, 2024ko azaroko aurrekontuen negoziazioan Musika Eskolaren publifikazioa berariaz planteatu zuela 2025eko udal kontuetarako ekarpen gisa. EH Bilduk konpromiso hori hartu zuen orduan, baina ez zituen tramiteak 2025. urte bukaerara arte hasi, eta 2026ko otsailera arte ez zuen eraman zerbitzua sortzeko behin-behineko onarpena udalbatzara.

“Zaila da ulertzea, konpromiso hori 2025erako hartuta, udal gobernuak ia urtebete pasatzen utzi izana tramitazioekin hasteko. Publifikazioa ez da atzeratu babes politiko faltagatik, plangintza eta kudeaketa faltagatik baizik”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

“Berriro erakutsi dugu prozesuak aurrera egin eta bide onetik joateko dugun borondatea. Inoiz ez gara Musika Eskolaren publifikazioaren aurka egon; alderantziz, beti defendatu dugu helburu hau, herriko familia eta ikasle askoren eskariari erantzuten diolako”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Hala ere, alderdi jeltzalearen ustez, EH Bilduk egindako kudeaketa “oso kaskarra” izan da. “Arazoa ez da helburua, baizik eta prozedura osoa nola kudeatu den: berandu, askotan epez kanpo eta segurtasun juridiko falta kezkagarri batekin”, adierazi dute.

EAJ-PNVk azaldu duenez, sortutako segurtasun juridikorik eza hainbat faktoreren ondorio da. Horien artean, zerbitzua sortzeko behin betiko onarpena ematen zuen osoko bilkuraren erabakia dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharra zegoen lizitazioa abian jarri aurretik; hala ere, nahitaezko izapide hori ez zen osorik bete. Era berean, gogorarazi dute udal-txostenak berak zalantzan jartzen duela presazko prozeduraren justifikazioa, ikasturtearen hasierara garaiz ez iristea ez baita berez arrazoi nahikoa salbuespenezko bide horretara jotzeko. "Inguruabar horiek errekurtsoak ekar litzakete eta prozedura are gehiago atzeratu", ohartarazi dute.

Jeltzaleen ustez bereziki esanguratsua da udal gobernuak orain irailaren 1era heltzeko premiazko tramitazio batera jo behar izatea. “EH Bilduk gaur prozedura premiazko bidetik azkartu behar badu, denborak behar bezala kudeatzen jakin ez duelako da”, azaldu dute.

Gainera, EAJ-PNVk kritikatu du Udalak ez zituela bete Eusko Jaurlaritzari baimena eskatzeko behar diren epeak, Musika Eskolak 2026-2027 ikasturtea zerbitzu publiko gisa hasi ahal izateko. Eskaera 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen bideratu behar zen, baina ez zen maiatzaren 5era arte egin.

“Ez dugu ulertzen zergatik. Zerbitzua sortzeko beharrezko dokumentazioa gutxienez otsailaren 12tik eskuragarri zegoen, behin-behineko onarpena eman zenetik, edo martxoaren 24tik, behin betiko onarpena gauzatu zenetik. Hala ere, Udalak hilabete bat baino gehiago atzeratu zuen proiektuaren etorkizunerako ezinbestekoa zen izapide hori”, adierazi dute EAJ-PNVko ordezkariek.

EAJ-PNVk nabarmendu du atzerapen berri hau udal gobernuaren erantzukizun zuzena dela, eta ez du onartzen Udalak berak epe barruan behar bezala izapidetu ez duen prozeduraren ondorioak gero Eusko Jaurlaritzari egotzi nahi izatea.

Alderdi jeltzaleak azpimarratu du “arduraz eta zorroztasunez” jokatzen jarraituko duela, dokumentazio guztia aztertuz eta beharrezkotzat jotzen dituen alegazioak aurkeztuz, prozesua familientzat zein zerbitzuko langileentzat berme guztiekin gauzatuko dela bermatzeko.

Azkenik, Lekeitioko EAJ-PNVk musika-eskola publiko "egonkor, ondo kudeatu eta jasangarri" baten aldeko konpromisoa berretsi du, eta udal-gobernuari "plangintza gehiago, zorroztasun gehiago eta inprobisazio gutxiago" eskatu dio.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!