Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/11

Markina-Xemeingo EAJ-PNVk herrigunea eta Kareaga industrialdea lotuko dituen bidegorriaren proiektua berreskuratzea proposatu du

Jeltzaleek Kareagarekin konexio seguru bat eskatu dute, gaur egun oinezkoek eta txirrindulariek industrialdera iristeko dituzten arriskuak saihesteko; izan ere, ingurune horretan 30 bat enpresa daude eta egunero ehundaka joan-etorri izaten dira.

Ezagutzera eman
Markina-Xemeingo EAJ-PNVk herrigunea eta Kareaga industrialdea lotuko dituen bidegorriaren proiektua berreskuratzea proposatu du

ARGAZKIA JAITSI

Markina-Xemeingo EAJ-PNVk joan den apirilaren 30ean egindako Osoko Bilkuran eta maiatzaren 12ko Lurralde Batzordean, udalerriko herrigunea eta Kareaga industrialdea lotuko dituen bidegorriaren proiektua lantzen hastea proposatu zuen. Jeltzaleen ustez, azpiegitura hori lehentasunezkoa da segurtasuna hobetzeko, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta udalerriko jarduera ekonomikorako gune nagusietako batekin lotura indartzeko.

Kareagako industrialdean 30 enpresa inguruk egiten dute lan; horien artean dago Peñascal Cooperativa, non hainbat gaztek prestakuntza jasotzen duten eta egunero bertaratu behar duten, bertan kokatutako gainerako enpresetan lan egiten duten ehunaka lagunekin batera. Ibilbide hori oinez edo bizikletaz egin nahi edo egin behar dutenek ez dute gaur egun bide segururik, eta errepide bazterretik ibili behar izaten dute, horrek suposatzen duen arriskuarekin trafikoaren abiaduragatik eta zenbait gunetan dagoen argiztapen faltagatik.

“Markina-Xemeinentzat beharrezkoa eta onuragarria izango den ekimen baten aurrean gaude. Ez da bidezkoa lanera doazenek edo oinez nahiz bizikletaz mugitu nahi dutenek segurtasun baldintza egokirik gabe egin behar izatea”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Jeltzaleen iritziz, azpiegitura horrek herritarren eguneroko mugikortasuna hobetuko luke, garraiobide jasangarriagoen erabilera sustatuko luke eta herrigunearen eta tokiko jarduera ekonomikorako estrategikoa den eremu baten arteko lotura indartuko luke.

Gainera, egungo bidegorria Kareagarekin lotzeak hobekuntza ekarriko lieke Markina-Xemein zeharkatzen duten Done Jakue Bideko erromesei ere, gaur egun erabiltzen duten ibilbidearen aldean aukera erosoagoa eta seguruagoa eskainiz.

EAJ-PNVk gogorarazi du proiektu hau bere garaian Bidaurretako etxebizitza-garapenari lotuta egon zela. Egitasmo hura baztertuta geratu arren, alderdiak ezinbestekotzat jotzen du bidegorriaren proposamena modu independentean berreskuratzea, udalerri osoarentzat onuragarria den azpiegitura bat beste proiektu batzuen menpe gera ez dadin.

“Bidaurretako etxebizitzen proiektua ez gauzatzeak ez luke esan nahi segurtasuna, konektibitatea eta bizi-kalitatea hobetzen dituen aukera bati uko egin behar zaionik. Uste dugu lan egiteko unea dela ekimen hau berreskuratu eta errealitate bihurtzeko”, adierazi dute EAJ-PNVko ordezkariek.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!