Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/28

Ondarroako EAJ-PNVk Kamiñazpi eta Errenteria lotzen dituen udal errepidearen egoera larria salatu du

Alderdi jeltzaleak ohartarazi du EH Bilduren gobernuaren utzikeriak errepidearen egoera mugara eraman duela, eta neurriak berehala hartzea eskatu du istripu larriren bat gertatu aurretik.

Ezagutzera eman
Ondarroako EAJ-PNVk Kamiñazpi eta Errenteria lotzen dituen udal errepidearen egoera larria salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Ondarroako EAJ-PNVk salatu du Kamiñazpi eta Errenteria lotzen dituen udal errepidea egoera tamalgarrian dagoela gaur egun, eta bide-segurtasunerako arrisku nabarmena bihurtu dela. Alderdi jeltzalearen arabera, urte luzez EH Bilduren udal gobernuaren esku egon den azpiegitura horrek mantentze-lan eskasak pairatu ditu, eta horren ondorioz, bere egoerak etengabe egin du okerrera, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriz.

EAJ-PNVren arabera, errepidean gero eta sakonagoak diren zuloak eta hondoratzeak agertu dira azken urteotan, eta horietako batzuk benetako arrisku bihurtu dira ibilgailuentzat zein txirrindularientzat. Egoera horrek herritarren kezka eragin duela azaldu du alderdiak. “Herritar asko etorri zaizkigu errepidearen egoeraz kexuka”, adierazi du Aitor Basterretxea EAJ-PNVko udal bozeramaileak.

Jeltzaleen iritziz, onartezina da udalaren titulartasuneko errepide batek urteetan zehar beharrezko mantentze-lan egokorik ez izatea, are gehiago segurtasun arazo larriak sortzen ari direnean. Azpiegituren kontserbazioa udal gobernuaren oinarrizko betebeharren artean dagoela gogorarazi dute, eta kasu honetan EH Bilduren kudeaketak huts egin duela uste dute.

“Herritarren segurtasuna ezin da bigarren mailako kontua izan. Errepide honen egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen du, eta udal gobernuak lehenbailehen konponbide eraginkorrak martxan jartzea espero dugu”, adierazi du Basterretxeak.

Era berean, EAJ-PNVko bozeramaileak azpimarratu du oraindik garaiz dagoela egoera konpontzeko. “Atzerabueltarik ez duen ezbeharren bat gertatu baino lehen jardun behar da. Udalak beharrezko baliabideak bideratzen baditu, errepide hau baldintza egokietan berreskuratu daiteke eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu”, gaineratu du.

EAJ-PNVk udal gobernuari eskatzen dio premiazko jarduketa-plan bat aurkezteko, errepidearen egoera zehatz-mehatz aztertzeko eta beharrezko konponketa-lanak lehenbailehen gauzatzeko. Alderdiaren esanetan, herritarren segurtasuna eta udal azpiegituren kalitatea bermatzea lehentasunezko ardura izan behar da udal gobernuarentzat.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!