Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

Berriak

2026/09/30

Abadiñoko EAJ-PNVk abstenitu da “udalerriaren etorkizunerako funtsezkoak diren gaiak kanpoan uzten dituen” Etxebizitza Planaren aurrean

Jeltzaleek etxebizitza-politika anbiziotsuagoa eskatu dute, eskaintza handitzeko, herritarrei etxebizitza eskuratzea errazteko eta Abadiñoren etorkizuneko hazkundea nola eta non gauzatu behar den planifikatzeko.

Ezagutzera eman
Abadiñoko EAJ-PNVk abstenitu da “udalerriaren etorkizunerako funtsezkoak diren gaiak kanpoan uzten dituen” Etxebizitza Planaren aurrean

ARGAZKIA JAITSI

Abadiñoko EAJ-PNVk abstenitu da EH Bilduren eta AIBren Gobernu taldeak aurkeztutako Etxebizitza Planaren bozketan gaurko osoko bilkuran. Jeltzaleen arabera, dokumentua “osatu gabea” da, eta udalerriak duen erronka nagusietako bati heltzeko funtsezkoak diren hainbat gai kanpoan uzten ditu.

EAJ-PNVrentzat, etxebizitza lehentasuna eta etorkizuneko politika izan behar da; eskaintza handitzea, gazteek emantzipatzeko aukera izatea eta familiek euren bizi-proiektua Abadiñon garatu ahal izatea ahalbidetuko duen politika. Horretarako, alderdi jeltzalearen iritziz, ezinbestekoa da dauden aukerak baliatzea, geldiarazita dauden proiektuak desblokeatzea eta etxebizitza berriak sortzeko beste aukera batzuk aztertzea.

“Etxebizitza gai garrantzitsuegia da paperean zenbakiak jartzera mugatzeko. Abadiñok etxebizitza gehiago behar du, baina baita gure udalerriak non, nola eta norentzat hazi nahi dugun jakitea ere”, adierazi du Abadiñoko EAJ-PNVk. “Aukera guztiak baliatzeko gai izan behar dugu, eta hurrengo belaunaldietan ere pentsatuz planifikatu”.

Ildo horretan, jeltzaleek plangintza zehatzagoa eskatu dute hala nola Torresolo eta Zubibitarte jarduketetan, egungo egoerari, aurreikusitako urratsei eta garatzeko epeei buruzko informazioa eskainiz. Torresoloren kasuan, Zelaietan dagoen lursailean, farmazia kalearen amaieran, hain zuzen ere, udalak iragarri zuen geldirik jarraitzen duen sustapenari irtenbide bat bilatuko ziola.

EAJ-PNVren ustez, beharrezkoa da udalerriak berak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzea etxebizitza berriak sortzeko. Beheko eta lehen solairuetako zenbait lokal etxebizitza bihurtzeko aukera aztertzea proposamenen artean dago, betiere hirigintza-, teknika- eta lege-baldintzak betetzen badituzte.

Zeus-Jatari dagokionez, alderdi jeltzaleak Matienako eremu horretan 300 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proposamenaren aurrean beste aukera batzuk aztertzeko eskatu du. “Ez da etxebizitzak eraikitzearen alde edo kontra egotea; baizik eta Abadiñok zer hazkunde-eredu behar duen erabakitzea eta hazkunde horrekin batera zerbitzuak, espazio publikoak eta bizi-kalitatea bermatzea”, adierazi dute.

Halaber, Matiena eta Astola lotzen dituen industria-tartea baliatzea proposatu du alderdi jeltzaleak, bertan etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzeko. Horrela, bi auzoen arteko lotura eta hirigintza-jarraitutasuna indartu eta bi gune horien integrazioan aurrera egitea litzateke helburua.

EAJ-PNVren esanetan, etxebizitza-politika egiteak beharrei aurrea hartzea eta herritarrek Abadiñon bizitzen jarraitzeko aukerak sortzea ere esan nahi du. Jeltzaleek martxan dauden garapenak etxebizitza sortzeko aukera berriekin uztartuko dituen estrategia baten alde egiten dute, udalerriaren hazkunde orekatua ahalbidetzeko.

“Etxebizitzak eraikitzea eta eskaintza handitzea nahi dugu, baina plangintzarekin eta udalerriarentzako ikuspegi zabal batekin. Badira gauzatzeke dauden proiektuak, lurzoruak eta aztertu beharreko beste aukera batzuk. Ezin duguna egin da aukera horiei uko egin, ezta gaur egun etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituztenei erantzunik eman gabe utzi ere”, azpimarratu du alderdi jeltzaleak.

Arrazoi horiengatik, EAJ-PNVk abstentzioaren alde egin du, aurkeztutako dokumentuak “oraindik ere hobetzeko tartea” duela eta Abadiñoko etxebizitza-beharren eta hirigintza-garapenaren ikuspegi orokorragoa jaso behar duela iritzita.

“Abadiñok etxebizitza-estrategia bat behar du, ez dokumentu bat soilik. Eskaintza handiagoa, proiektu zehatzak eta etorkizuna planifikatzeko gaitasuna behar ditu. Horixe da udal Gobernuari eskatzen diogun ardura”, ondorioztatu du Abadiñoko EAJ-PNVk.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!