Prentsa Aretoa
Berriak
2026/10/13
Meñakako EAJ-PNVk herriguneko aparkalekuak antolatzeko neurriak eskatu ditu, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko
Jeltzaleek EH Bilduren “utzikeria” salatu dute, bidegorriaren obren ondorioz areagotu den eta herriguneko mugikortasuna zailtzen ari den egoeraren aurrean.
Meñakako EAJ-PNVk Udalari eskatu dio herriguneko aparkalekuak antolatzeko neurriak har ditzala, meñakarren mugikortasunean eta segurtasunean eragina duten egoerak saihesteko. Alderdi jeltzaleak EH Bilduren Gobernu taldeak behin eta berriz errepikatzen den egoera horren aurrean neurririk hartu ez izana kritikatu dute; arazoa, gainera, agerikoagoa bihurtu da bidegorriaren obrak hasi zirenetik.
Herriguneko hainbat tokitan, bereziki Iturrialde kale inguruan, ibilgailuak zirkulazioa oztopatzen duten lekuetan aparkatzen ari dira, galtzada hartuz edo ikuspena murriztuz. EAJ-PNVren ustez, Udalak neurriak hartu behar ditu gune jakin batzuk libre egongo direla bermatzeko eta ibilgailuen joan-etorriak normaltasunez egin ahal izateko.
Gainera, gaur egun egiten ari diren bidegorriaren obrek are nabarmenago egin dituzte arazo horiek. Ibilbide eta gune batzuk aldi baterako aldatu direnez, pasabidea oztopatzen edo ikuspena murrizten duen edozein ibilgailuk zailtasun handiagoak sor ditzake eta segurtasuna arriskuan jar dezake.
“Ibilgailu batek pasabide bat okupatzen duenean, zirkulazioa zailtzen duenean edo ikuspena murrizten duenean, arazoa ez da aparkalekuarena bakarrik. Mugikortasunaz eta segurtasunaz ere ari gara, eta Udalak neurriak hartu behar ditu ezagunak diren eta behin eta berriz errepikatzen diren egoera horien aurrean”, adierazi du Meñakako EAJ-PNVk.
Horregatik, jeltzaleek aparkatzea debekatuta dagoen guneak argi seinaleztatzeko eskatu dute. Zehazki, Iturrialde kalean marra horiak margotzea proposatu dute, debekua argi gera dadin eta zirkulazioan arazoak sor ditzaketen egoerak saihesteko.
Era berean, Udalari eskatu diote beharrezko jarraipena egin dezala gaizki aparkatutako ibilgailuak saihesteko eta araudia betetzen dela bermatzeko. Talde jeltzalearen ustez, seinaleztatzea ez da nahikoa, eta Udalak sortzen diren egoerak zuzentzeko neurriak ere hartu behar ditu.
Prebentzioaren ordez, utzikeria
Jeltzaleek EH Bilduren “utzikeria” salatu dute prebentzioaren bidez konpondu beharko litzatekeen egoera baten aurrean. “Arazoa begi-bistakoa da, eta Udalak baditu neurriak hartzeko tresnak. Ez dugu ulertzen zergatik uzten den denbora pasatzen, arazo gehien sortzen diren guneak antolatzeko eta mugikortasun-arazo bat segurtasun-arazo bihurtzea saihesteko neurri errazak har daitezkeenean”, adierazi dute.
EAJ-PNVk azpimarratu duenez, oro har, herrigunean badaude aparkatzeko lekuak. Beraz, proposamenaren helburua ez da aparkatzeko aukerak handitzea edo mugatzea, dauden espazioak modu ordenatuan erabiltzea baizik, eta gaizki aparkatutako ibilgailuek herriguneko mugikortasunari kalterik ez egitea.
“Orain, obrak martxan daudenean, Udalak arreta berezia jarri beharko luke herriguneko mugikortasunean eta segurtasunean. Seinaleztatzea, espazioak antolatzea eta egoeraren jarraipena egitea udal-kudeaketaren oinarrizko zereginak dira, eta EH Bilduk bere gain hartu behar du ardura hori”, ondorioztatu du Meñakako EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/10/13
BERRIA
2026/10/13
BERRIA
2026/10/12
IURRETA
2026/10/11
ETXEBARRI
2026/10/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












