Prentsa Aretoa

Berriak

2008/02/26

Urkullu: “Gure zortea da Euskadin bizi garela eta gizarteak PP eta PSOE ez diren beste aukera batzuk hautatu ditzakeela”

Gaur arratsaldean, EAJk Bilboko Zabalguneko Merkatuan egin duen ekitaldian, EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk honakoa nabarmendu du “atzoko debatearen ondoren, biek erakutsi zuten maila ikusita…, uste dut gure zortea dela Euskadin bizi garela eta gizarteak PP eta PSOE ez diren beste aukera batzuk hautatu ditzakeela, eta beste aukera garbi bat dagoela: Euzko Alderdi Jeltzalea.

Ezagutzera eman
Urkullu: “Gure zortea da Euskadin bizi garela eta gizarteak PP eta PSOE ez diren beste aukera batzuk hautatu ditzakeela”

ARGAZKIA JAITSI

Gogoeta hori egin du, Zapaterok atzo bizkaitarrei bidali zien gutunaren karietara: “Zazpi bider aipatu zuen Espainia eta hiru, espainolak, eta behin ere ez euskaldunak. Zilegi da eta, gainera, horixe da Espainiako Gobernurako hautagai gisa aldezten duena eta, era berean, bere diputatuek aldeztuko dutena” azpimarratu du.

Antzeko berbekin aipatu du atzoko debatea. “ Terrorismoa, baita biktimak ere, botoak lortzeko helburuarekin bakar-bakarrik erabiltzen dituzte”, adierazi du, ondoren nabarmentzeko, gure kanpainaren eslogana dela: “Euskadin bizi naiz ni… zu, non bizi zara? Eta atzoko debatearen ostean, uste dut gure zortea dela Euskadin bizi garela eta gizarteak PP eta PSOE ez diren beste aukera batzuk hautatu ditzakeela”.

Josu Erkoreka Kongresurako Bizkaiko zerrenda-buru jeltzaleak, bere aldetik, PPz eta PSOEz berba egitean adierazi du, “ez dutela Bizkaiaz hitz egiten” eta esan du, halaber, ez dutela hala hitz egiten, “ezer ere ez dutelako egin Bizkaiaren alde, eta txarragoa dena, ez dute proiektu autonomorik gure lurraldearentzat”.

“EAJk, ostera, Bizkaiaren alde lan egin du Gorte Orokorretan eta hala egiten segituko du datozen lau urteetan ere, baita bakarrik lan egin behar badu ere” esan du.

Gorte Orokorretan langai izan diren eta langai izaten segituko duten zereginen artean, Josu Erkorekak batzuk azpimarratu ditu, hala nola: Euskadiren esparruan urtetan bete duen industri aitzindaritzari eustea eta sendotzea; kanpoko portuaren eraikuntza eta trenbide-sarea eta errepideena amaitzea, Euskadi Europako komunikazio-arteria nagusiekin lotuta geratzeko; aireportuaren handitzea sustatzea; zientzia eta teknika ikerketarako zentro handi bat, neutroizko espalazio-zentro europarra bezalakoa, eraikitzea, gure lurraldean aspaldi-aspalditik horrelako instituziotan duen defizita berdintzen lagunduko bailuke; Ekonomia Ituna blindatzea, Bizkaiko Aldundiak, beste foru-aldundiekin batera, inbertsioa erakartzen lagundu dezaketen zerga-politikak diseinatu ditzan, aberastasuna, lanpostuak eta ongizatea sortzeko; Bilbora ekartzea Energiaren Nazio Batzordearen egoitza; Bilbon dagoen Euskadiren Nazio Artxibora ekartzea Euskadin Gerra Zibilean konfiskatutako dokumentuak, gaur egun Salamancako Gerra Zibilaren Artxibo Orokorrean gordailatuta daudenak; eta opera-denboraldia sendotzea oraingo kalitate-mailetan edo hobeetan.

Arlo horietan guztietan oraindik ezinbestekoa da Estatuaren instituzio zentralek esku hartzea, eta Erkorekak hau adierazi du, “guk EAJko diputatuek eta senatariek konpromiso bat hartu dugu: lanean segitzea Estatuari exijitzeko arin eta arretaz erantzun diezaion ardura horri. Beste batzuek ez dute egingo. Horrexegatik ez zaie interesatzen Bizkaiaz hitz egitea eta debatitzea”.
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!