Prentsa Aretoa

Berriak

2008/02/26

Ortuzarrek autokritika egin du eta diskriminazioaren aurkako politikekin duten konpromiso aktiboa sendotu du

EAJren hainbat ordezkari, hala nola, Josu Erkoreka, Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburua, eta Margarita Uria, Senaturako hautagaia, gaur goizean gay, lesbianen eta transexualen kolektiboekin bildu dira Sabin Etxean, haien arazoez mintzatzeko. Andoni Ortuzar EAJren BBBren buruak honakoa aitortu du gai honen inguruan: “EAJn argi daukagu autokritika egin behar dugula ez dugulako jakin gure planteamenduak sozializatzen”.

Ezagutzera eman
Era berean, azaldu du nahiz eta “azken urteotan egin dugun jardun politiko eta instituzionala gay, lesbianen eta transexualen kolektiboaren eskubideak defendatzearen aldekoa izan den, oraindik bide luzea dugu guztiok egiteko, benetako berdintasuna eta diskriminaziorik gabeko tratua bermatzeko”.

Ortuzarrek adierazi du EAJ-PNVren baitan “Administrazioetan ondoko alderdi hauekin konpromiso aktiboa hartzearen aldeko apustua egiten dugula; Euzko Alderdi Jeltzaleak kudeatuko lukeen konpromisoa, alegia: diskriminazioaren aurkako politika aktiboekin, estereotipoen aurkako sentsibilizaziorako eta gay, lesbianen eta transexualen eskubideen normalizaziorako proiektuekin, homofobia eta transfobiaren aurkako borrokarekin, eta gay, lesbianak eta transexualak ikusarazten lagunduko duten ekintzekin.”

Kolektibo hau ikusaraztearen gaiari helduta, BBBko buruak aipamen berezia egin die lesbianei, izan ere, “ez dute tratu berdina izaten arrazoi bikoitzagatik, emakumeak direlako eta homosexualak direlako”. “Jakin badakigu arlo guztietan eta agian guri dagokigun arlo honetan bereziki –politika arloan- presio soziala eta erabateko berdintasunezko bizitza izateko trabak benetan gogorrak direla. Administrazioek ahalegin handiagoa egin behar dute kasu honetan, diskriminazio bikoitz horren aurka borrokatzeko”, azaldu du.

Transexualen arazoei dagokienez, Andoni Ortuzarrek esan du “gai horri buruz Legebiltzarraren txostenaren ondorioekin bat egiteko konpromisoa hartu dugu zalantzarik gabe”. Halaber, zera ere onartu du: osasun sistema publikoan prestazio zuzenak (psikologikoak, hormonalak eta kirurgikoak, hori guztia bularrari dagokionez) sartu izana “arlo horretan aurreratuen dauden gizarteetako bat garela erakusten duen aurrerapausoa da”.

Azkenik, onartu egin du “Genitalak kirurgia bidez berriro esleitzeko beste Erkidego batzuetara edo profesionaltasun berme handiko sektore pribatura bideratzea konponbideen artean arrazoizkoena da, arlo sozialean zein ekonomikoan”.

Beste alde batetik, Senaturako Bizkaiko hautagaiak, Margarita Uriak, gogora ekarri du EAJ-PNVk arlo horretan azken legegintzaldian egindako lana. Hainbat ekintzaren artean, zera nabarmendu du: “sexu bereko pertsonen arteko Ezkontzari buruzko Legea onetsi zenean Euskal Taldeko zazpi Diputatuok, botoa emateko askatasuna baliatuz, pertsona horiek heterosexualen baldintza berberekin ezkondu ahal izatearen aldeko botoa eman genuen”.

Halaber, berdintasunaren aldeko politikekiko konpromisoaren eredu hau ere eman du: “EAJ-PNV buru den udal askotan eta askotan mota horretako ezkontzak egiten dira”. Eta zera ere azpimarratu du: “EAJ-PNVk administrazioarekiko harremanei edo harreman sozialei beraiei dagokionez orientazio sexualagatik diskriminaziorik ez dagoen gizarte batean sinesten du”.
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!