" />

Prentsa Aretoa

Berriak

2010/09/02

Barakaldoko EAJ-PNVk udal taldea utzi duten zinegotzi biei eskatu die berehala beren zinegotzi aktak eman ditzatela

Komunikabideetan agertu da Barakaldoko EAJ-PNVren zinegotzi bik udal taldea utzi egin dutela eta atxiki gabekoen taldera igaro direla. "Barakaldoko EAJ-PNVk argi utzi nahi du transfugismo politiko kasu larri baten aurrean aurkitzen garela eta ondorioz, zinegotzi hauei eskatzen diegu beren zinegotzi aktak berehala eman ditzatela".

 

Ezagutzera eman
Barakaldoko EAJ-PNVk udal taldea utzi duten zinegotzi biei eskatu die berehala beren zinegotzi aktak eman ditzatela

ARGAZKIA JAITSI

Berba hauekin mintzatu da Kike Martínez Barakaldoko Batzar Artekoen eta Barakaldoko UBBren lehendakaria. Gaur goizean alderdiaren egoitzan eskaini den prentsa aurrekoan, bere ondoan izan dira Amaia del Campo udal bozeramailea eta Xabier Sagredo eta Gotzon Lobera BBBren burukideak. EAJ-PNVk espero du egoera ezatsegin hau planifikatu gabekoa izatea. "Zinegotzi biak talde mistora igarotzean, gure udal taldearen eta alderdiaren  jardueratik kanpo geratu dira eta ez diote egoki erantzuten Barakaldoko hiritarrek EAJri botoa emanda eman zieten konfiantzari".

Halaber, Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzaleak argibide batzuk eman nahi ditu gertakari hauen aurrean. "Ezer baino lehenago eta Barakaldoko EAJ-PNVren buruzagitza garen aldetik, Amaia del Campo andereak zuzentzen duen udal taldearekiko osoko babes eta laguntasuna berretsi nahi dugu. Bizkai Buru Batzarraren osoko babesa ere badu; horren erakusle da gaur eta hemen  BBBren ordezkaritza agertu dela, Barakaldoko gure ordezkariei babesa emateko. Bigarrenik eta uztailaren amaieran iragarri genuenez, Barakaldoko EAJ-PNVk egina du jadanik hurrengo udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda. Gure alderdi barruko estatutuek ezartzen dutenez alderdikideak izan dira zerrenda horretako pertsonak aukeratu eta izendatu dituztenak eta oraingo bost zinegotzietatik bik jarraitu egingo dute eta hiruk ez, hauen artean daude gure udal taldea uztea erabaki duten bi pertsonak. EAJ-PNVren hautagaiak izango ez zirela jakin ondoren eman dute erantzun hau". 

EAJ-PNVk argi eta garbi utzi nahi du "udal taldeak hartutako erabakiek Barakaldoko exekutibaren babesa  dutela eta  berau da udalerrian alderdiaren estrategia politikoa markatzen duena. Zentzu honetan, eta aipatutako bi zinegotziek erabilitako argudioaren gainean, hau da, udal batzorde eta erakundeetatik era arbitrarioan kanporatuak izan direlako argudioaz esan behar dugu hori alderdi barruko udal exekutibaren erabakia dela eta lanerako barne berrantolaketarako egin dela. Juanjo Gutiérrezen kasuan, berak idatziz eskatu zuen batzorde horietatik kanpo geratu nahi zuela. Josean Alvarez jaunari dagokionez, argitu behar da, erabaki hau  hartu  zela zinegotzi honek bere ohiko aulkia utzi eta EB-IUren tokian esertzen hasi eta gero . Jarrera honek eragin zuen gure alderdiak zinegotzi honekiko konfiantza galtzea eta horren eraginez aurkeztu da aldatzeko eskaria".

Arestian esandakoagatik guztiagatik, "Barakaldoko EAJ-PNVk honakoa adierazten du Transfugismo politiko kasu larriaren aurrean aurkitzen gara; ondorioz, zinegotzi hauei beren zinegotzi akta berehala ematea eskatzen diegu. Jakin badakigu akta hauek pertsonalak eta izenari atxikiak direla, baina zintzotasunak beren aktak ematera eraman beharko lituzke; alderantzizkoa eginda  iragan den hauteskundeetan botoa EAJ-PNVri eman ziotenen konfiantza urratuko luketelako. Boto emaileek botoa ez zieten Juanjo edo Joseani eman, Euzko Alderdi Jeltzaleari baizik. Iragarri nahi dugu gai hau gure alderdi barruko organoen ardurapean jarriko dugula, hau da, gure barruko epaimahaien ardurapean".

Ondorioz, EAJ-PNVk zera argitu nahi du "Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea  indartsua da eta batuta dago. Hau ez da alderdi barruko arazoa, baizik eta alderdia ordezkatzen ez duten pertsonen arazoa da eta ez dute onartu nahi alderdikideak direla hurrengo hauteskundeetarako zerrendetatik kanpo utzi dituztenak. Barakaldoko exekutibak BBBri bere esker ona adierazi nahi dio gure erakundeari , udal taldeari eta Amaia del Campo bozeramaileari eman dien babes eta laguntasunagatik".
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!