Prentsa Aretoa

Berriak

2011/07/31

Urkullu: “Euskadi da gure aberria. Eta guk geuk erabakiko dugu gure etorkizuna”

Gaur Sabin Etxean ospatu den EAJ-PNVren sorreraren 116. urteurrenean EBBren presidente den Iñigo Urkulluk azpimarratu du “Euzkotarren aberria Euzkadi” dela. “Gaurko honetan, elkarrekin ospatzen dugu Euzko Alderdi Jeltzalearen sorrera. 1895eko uztailaren 31an izan zen. Hementxe bertan, aitaren etxean. Eusko Aberriaren alderdiaren sorrera ospatzen dugu. Euskal Herria protagonista eta subjektu politikotzat duen alderdia. Euskadi da gure aberria. Eta guk geuk erabakiko dugu gure etorkizuna”.

rss Ezagutzera eman

Urkulluren aburuz “Euskadik atzean utzi nahi ditu estualdiak, zentzurik gabeko bortxakeriak eragindakoak. Uztaila  honetan ere, ETA sortu zen duela 52 urte agirietan diotenez. Beste hogeitahiru urte lehenagoko suntsipena, mina eta herioa bersortu ziren berarekin. Horixe da atzean nahi dugun estualdia. Ahaztu eta gainditu nahi duguna. ETAk aitortu beharko luke denbora bere kontra dagoela, agortzear duela bere denbora.  Denborak aurrera egiten du eta Euskadi ez dago denbora galtzeko moduan. ETA-k behin betiko amaiera izan behar du. Oraindik ez dugu gaur ospatzerik izan!. Izan beza gu guztiok horretaz zoriontzeko aukera!. Azken urrats hau ematen ez bada, kalkulu hutsagatik izango al da?. Aldebatekotasunetik dagoen interesagatik. Eta interes hori salatu nahi dugu. ETA jokoan ari da denborekin. Interes partikularra eusko aberriaren interesen gainetik jarri du”.

“Bere interes propioa, sorburuan aipatzen zituen askatasunen gainetik.Aurten, egiaztatu dugu ezkertiar abertzaleak baldintza juridikoak onartu dituela.Lehen urratsa da, baina ez da nahikoa.  Orain, baldintza politikoak eta moralak onartu behar dituzte. Printzipioak eta baloreak ditugun pertsonek osatzen dugun herria gara. Gure etorkizunak bakea eta adiskidetzea behar ditu. Eragindako mina onartu eta ordaindu behar dugu. Iraganarekin adiskidetu behar dugu benetako askatasunezko etorkizuna eraikitzerik izan dezagun.Hauxe da denontzako abiapuntua. Etorkizun berria askatasun giroan eraiki dezagun. Bultzatzea, ahalbidetzea eta sustatzea da gure egitekoa.Euzko Alderdi Jeltzalearen egitekoa eta konpromisoa” gaineratu du.. 

Bukatzeko, EAJren EBBren presidenteak azaldu du baita “egun, gehiago exijitzen digun konpromisoa da. Begira bestela zer nolako Gobernua dugun.Euskobarometroak  jakin bagenekiena egiaztatu digu. Patxi Lopezen gobernuak ez du gizarte konfiantzarik eragiten. Ez du funtzionatzen. Euskobarometroak hau esan du, baina 70 egun lehenago ere,  euskal hiritarrek gauza bera esan zuten, Udal eta Foru hauteskundeetan”. "PSE-PP itunak botoen % 30 eskuratu zituen Hori da lortu duten babesa. Gobernura iritsi zirenetik,horixe da lortu duten emaitza eskasa. Hauxe da bizi dugun egoera. Eta gaur, uztailaren 31 honetan, egun ona da barrura begiratzeko, Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan begiratzeko. Eszenatokia aldatu egin da. Guk ere aldatu behar dugu. Hobetu behar dugu, aurrera egin eta hazi. Atzera begiratzeak harrotu egiten gaitu. Eta,  zuen baimenarekin,  urteotan ibilitako bidea aldarrikatzeko hitz batzuk esango ditut.Gaur Espainian, autogobernua , autonomia eta  deszentralizazioa ere auzitan jartzen da. Eta une honetan, gu hazi egin gara. Erakunde sistema propioa eraiki dugu, gure autogobernua hazi eta indartu egin da. Urteetan ukatutako eskumenak lortu ditugu. Euskadiren interesak defendatzeko ekimena egin dugu. Eta lortu egin dugu.Lau urte hauetan, eta aurrekoetan ere, inbertsioak eta diru laguntzak lortu ditugu.Lau urte hauetan Esatatutoa betetzea lortu dugu.Eta orain Euskadik estatus berri bat lortuko du.Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen helburua”.