Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2011/10/24

Urkullu: “Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi hitz egingo du: Euskadi Nazio bat da”

Gaur Gernika-Lumon burutu den ekitaldian EAJren EBBren presidente den Iñigo Urkulluk jendez gainezka zegoen Gernikako Batzar-etxean azaldu duenez, “herri honen sustraiak sakonak dira. Sustrai hauen gainean Euskadik aurrera egin du. Orain aukera berri bat dugu. Bakearen eta elkarbizitzaren aukera. Orain ere, Herri honek aurrera egiten jakingo du”.

rss Ezagutzera eman
Urkullu: “Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi hitz egingo du: Euskadi Nazio bat da”

ARGAZKIA JAITSI

“Duela 75 urte Jose Antonio Agirrek hemen zin egin zuen. Hemen, -lur honen gainean zutunik, Gernikako zuhaizpean-. Gaur ere, hemen gaude zuhaizpean zutunik. Etorkizun berri bat eraikitzeko prest. Herri honek etorkizun berri bat nahi du. Guda, diktadura eta indarkeria gainditu ditugu. Etorkizun berri bat merezi dugu, nahi dugu eta lortuko dugu. Gure Aberriaren katea ez da eten. Gure Aberriak aurrera egin du eta aurrera egingo du. Azken urte bi hauetan, Madrilen izan dugun ordezkaritzari esker, bete gabe zeuden 18 eskumen berreskuratzea lortu dugu”. “Euskadiren eskumenak. Gureak ziren eta Estatuak gatibu mantentzen zituen. Eta hau dena, gure Herria ordezkatzen duen Gobernua, besoak gurutzaturik egon den bitartean. Eskumen bahitzearen aurrean, geldi eta isilik”. 

Urkulluren aburuz, “autogobernua da egutegian jartzen den ikur edo fetitxea baino askoz gehiago. Autogobernua ongizatea da. Aukera da, aurrerabidea da. Autogobernua, munduan bere tokia bilatzen duen Herri baten erregaia da. Instituzionalki hazi nahi dugu. Mendekotasun gutxiago, erabakiak hartzeko orduan. Gure kabuz aukeratu. Euskaldun belaunaldi berrientzako nahi dugun etorkizuna, askatasun osoz erabaki. Orain ez dago aitzakiarik, Euskadirentzako estatus politiko berrira eramatea eragotziko digutenik. Ezker Abertzalearentzat ere ez dago aitzakiarik. Orain bere egitasmoak planteatzera, partekatzera, negoziatzera eta adostera behartuta baitago”.

“Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi hitz egingo du: Euskadi Nazio bat da. Euskadi, Nazioa Europan. Europan dauden Estonia eta Kroaziarekin batera. Bidea eskatzen duten Eskozia eta Flandriarekin batera”.

EBBren agintariaren ustez, “aniztasun politikoa berreskuratuta, indarkeria behin betiko desagertuta, hurrengo legebiltzar agintaldiak eman beharko du oinarri zabaleko adostasunerako bidea. Akordio berria. Euskal Herriaren borondate politikoa eguneratuko duen akordioa. Elkarrizketan oinarritutako akordioa. Gutxiengoaren eta gehiengoaren eskubideak errespetatuko duen formulazio juridiko-politiko berria. Aldebikotasun formulak izango dituen akordioa. Eta antzinatean egin zen moduan, nortasun eta errealitate nazional ezberdinen arteko bizikidetza gordeko duena. Euskadik estatus politiko berria lor dezake.  Euskadi, Nazioa Europan. Hau da gure helburua. Itun politikoa. Akordio instituzionala. Gizartearen berrespena. Hauxe dugu konpromisoa.1839 urtean indargabetu ziren Foruak, Herri honen -Lege Zaharra- baliogabetu zen.  2015 urtean berretsiko dugu -Lege Berria-, Euskadi berrirako akordio eratzailea, bakean eta askatasunean”.