Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2014/07/04

Bermeoko EAJ-PNk Idurre Bidaguren alkateari exijitu dio koherentea izan dadila eta Juan Karlos Goienetxearekin izan dezala Bilduk EAJ-PNVk gobernatzen dituen udaletan erakusten duen exijentzia maila bera

Era berean Bilduri exijitu dio beraiek kontuan hartzea herriari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerakoan, Auzitegi Gorenaren aurrean Ormazako lantegiaren orubearen birkalifikazioa indargabe geratzearen ondorioz aurkeztuko den kasazio errekurtsoa kasu.

rss Ezagutzera eman

Epaile andre batek  Bermeoko EAko alkate ohi eta  gaur egun Bildu taldearekin Hirigintza zinegotziaren kontra, ustez eraikitzailearen mesedetan jardun izana egotzita hasi dituen diligentzien aurrean, Bermeoko EAJ-PNVren Uri Erakundeak  adierazi nahi izan du "prozesu judizialekiko errespetua" gordetzen duela eta  "errugabetasun presuntzioa" aldarrikatzen duela, "Bilduri bere botika dastatzeko ordua "heldu zaiola gogoratu nahi izan duten arren. "Ez genuke ebaluaziorik egin nahi ezta inor kriminalizatu nahi ere, beraiek egiten duten moduan. Guk ez dakiguna da Bilduk Bermeoko liburu beltza aterako ote duen azken hilabeteotan eta azken urteotan egin dituzten praktikekin".

Bermeoko Uri Erakundetik gogoratu duenez "Bilduk azken aldi honetan, udaletan bereziki, EAJ-PNVk gobernatzen dituen udalak judizializatzeko estrategiari ekin dio, eta bide honetan zigor  bidezko auziperatzeak ere eman dira. Kausa horietako bakar batek  ere ez du aurrera egin; denak izan dira baztertuak eta artxibatuak. Baina, Bilduk politika egiteko erabili izan duen modua izan da. Horregatik, orain jakin nahiko genuke koherente izango ote diren eta beste udal eta alderdiekiko erakutsi duten exijentzia maila berari eutsiko ote dioten".

Bermeoko EAJ-PNVren aldetik defendatu dute "Juan Karlos Goienetxearen errugabetasun presuntzioa" eta  gogoratu dutenez "begirune osoa erakutsi nahi dugu erabaki eta prozesu judizialekiko". "Hori bai, Idurre Bidaguren Bilduko alkateak berak bere iritzia eman beharko luke  eta azaldu beharko luke EAko alkate ohi eta Bilduko kide hau zergatik ote dagoen orain horren prozesu ilunean sartuta. Hiri Antolamendurako Plan Nagusia hondatu ahal dute, eta hori oso larria litzateke. Salaketa partikularra izan da eta epaitegietan aztertu beharko da".

Beste alde batetik,  EAJ-PNVko ordezkariek Bilduko gobernuak Euskal Herriko Auzitegiak duela 11 egun ezagutzera eman zuen epaiaren kontra kasazio errekurtsoa aurkezteko hartu duen erabakiaren kontra daudela erakutsi nahi izan dute. Epai honen bidez indargabetuta geratu da Ormazako lantegiaren orubearen birkalifikazio eta  Bermeoko Udalari ezarri zaio epaitegiko prozesuaren kostua ordaintzeko derrigorra.

Bermeoko EAJ-PNVk aditzera eman bezala "Arazo benetan larria da mahai gainean daukaguna. Hala ere, eta nahiz eta 11 egun luze pasatu diren epaia atera den egunetik, Bermeoko Udaleko Alkateak ez digu dei egin gaiari buruzko informazioa emateko ez eta, dagokion batzarrean iritzi desberdinak entzun, epaiaren ondorioak ezagutu, aukera desberdinak aztertu edota etorkizunari buruz berba egiteko. Gaur egun, 4.000 Bermeotar baino gehiagoren ordezkari garen EAJ-PNV-ko kideok, ez daukagu prentsa bidez jasotako informazioa baino.

Gure ustetan erabat salagarria da horrelako erabaki handien aurrean aldebakartasunez erabakitzea. Ez dakigu epai honek Bermeo herriari zer suposatuko dion ezta Madrilen errekurtsoa aurkezteak zer ekarriko dion ere. Ez dakigu alkate andreak zer oinarri juridiko edo  zer helburu duen esku artean. Gu  ez gaude kasazio errekurtsoaren kontra  baina bai uste dugu halako erabakiak ez liratekeela aldebakartasunez hartu behar. Ondorioz, Bilduri exijitzen diogu gu kontuan hartzea Bermeo herriari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerako orduan".