Prentsa Aretoa

Berriak

2014/10/18

Itxaso Atutxak oparotasuna eta solidariotasuna uztarturik bideratzearen aldeko aldarria egin du Bizkaiko EAJ-PNVren Derio BizkaiaGo! ekimenean

“Erabat onartezina da, pertsonak, gehienetan beharrean daudenak, alderdikeriatan aritzeko erabiltzea” adierazi du buruzagi jeltzaleak.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak gaur goizean Derioko BizkaiaGo! Ekimenean azpimarratu duenez “oparotasunak eta solidariotasunak uztarturik joan behar dute, eta hori ez dugu soilik bizkaitarrok pentsatzen. Euskal hiritargoaren gehiengoak partekatzen duen ideia da. Euskal hiritarrak, guztiak eta Herrialde guztietan, langileak eta ekintzaileak gara, eta solidarioak gara. Penagarria da gure buruzagi politiko batzuk halakoak ez izatea. Penagarria da solidariotasuna bezalako gai sentsiblea beren alderdikerietarako erabiltzera. Eta, onartezina da pertsonak erabiltzea, gehienetan beharrean daudenak, hauteskundeei begira beren etekina ateratzeko: Bitxia bada ere, politiko horiek dira orain  gizartean arrakala zabaltzen ari direnak, euskal herritarren artean  lubakiak irekitzen ari dira eta irain faltsuak xaxatzen ari dira. Zorionez, Maroto eta De Andrésen  sinesgarritasunari atzera egiteko ordua heldu zaio. Beraiek izan dira beren demagogia, berekoikeria eta kontraesanekin uxatzea lortu dutenak”.

Ehunetik gora lagun bildu dira gaur Kultur Birikan Bizkaiko EAJ-PNVk BizkaiaGO! Izenez deitu duen hiritarren parte hartze ekimenaren inguruan. Egitasmo honen bidez, Bizkaiko jeltzaleen helburua da herrialde osoan milatik gora pertsonek suspertze ekonomikoaren eta enplegu sorreraren inguruan esan behar dutena entzutea. Bizkaiko jeltzaleen burua izan da gaur Txorierri eta Uribe-Butroi eskualdeetatik etorritakoei ongi etorria egin diena “Bizkaiaren  lehentasuna dira pertsonak: Bizkaia da enpleguaren sorrera eta suspertze ekonomikoa kalitatezko ongizate sistemarekin bateragarriak direla erakusteko adibiderik onena. Oparotasuna eta solidariotasuna ondo uztartzen diren hitzak dira, eta eskutik oratuta joan behar dute. Hona hemen hori erakusteko datu bat: Bizkaian, Aldundiak kudeatzen dituen euro bitik bat, eta 488 milioi euro dira , Gizarte Ekintzara bideratzen dira. Aldi berean, hiru urtetan 6.000 lanpostu berri sortu ditugu 50 milioi euro inguruko foru inbertsioari esker “ adierazi du.

Atutxarentzat, BizkaiaGO! egitasmo honetako benetako protagonistak dira eskualde hauetako udalerrietatik etorri diren gizon eta emakumeak. Adin eta izaera guztietako hiritarrak, EAJ-PNVrekin inolako zerikusirik ez dutenak eta gaika banatu diren mahaiak partekatu dituztenak (enplegua eta suspertze ekonomikoa, politika sozialak, ingurumena eta turismoa, kultura eta sormen industriak, gazteria, gobernu ona, landa garapena eta lehen sektorea, teknologia berriak eta etorkizuneko sektoreak, hezkuntza eta prestakuntza) talde jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Foru Aldundian edo inguruko udaletan dituen herri kargudunekin.

BizkaiaGO! helburu handiak dituen egitasmoa da, talde jeltzaleak  2014ko apirilean abian jarri zuen eta enplegu eta suspertze ekonomikoa du helburu. Herrialdeko eskualdeetan egingo den ekitaldi bakoitzean ehun bat pertsona  hamar mahairen inguruan elkartuko dira, mahai bakoitzean gai zehatz bat jorratzeko eta horren inguruko proposamenak prestatzeko. Lanketa honen helburu nagusia izango da enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoari laguntzea. Ekimen honen bidez, euskal gizartearen aniztasuna baliatzea  bilatzen da etorkizunerako gai garrantzitsu batzuen inguruan hausnartzeko, hala nola enplegua, hezkuntza, gazteria, suspertze ekonomikoa, politika sozialak, ingurumena eta turismoa, kultura eta sorkuntza industriak, etorkizuneko sektoreak eta teknologiak, gobernua edo nekazal garapena. Getxo, apirilean, eta Lekeitio, ekainean, jardunaldi hauek hartu zituzten lehenengoz.

Kultur Birikako instalazioetan elkartu dira besteak beste Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, Irene Pardo, Josune Ariztondo, Imanol Pradales, Pilar Ardanza eta Iosu Madariaga Foru Diputatuak; eskualdeko alkate jaun/andre Joseba Goikuria (Erandio), Ainara Zelaia (Fruiz), Aitor Apraiz (Bakio) eta Igotz López (Zamudio); jeltzaleek eskualdean alkatetzarako aurkeztuko dituzten hautagai Ager Izagirre (Mungia), Asier Larrabe (Gamiz), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama) eta Ester Apraiz (Derio). Halaber, Itziar Epaltza Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo sailburuordea; Arantza Aurrekoetxea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Kirola eta Gazteria saileko zuzendari nagusia izan dira bertan.

Bere hitz egitean, bizkaitar jeltzaleen buruak gaineratu duenez “pertsonak dira gure derrigorra, erakunde, enpresa eta eragile sozial ezberdinen artean akordioak lortzea beren bizitza kalitatea hobetzeko eta beren beharrizanei erantzuteko. EAJ-PNVren aldetik ez dugu hartuko pertsonen eskubideak murrizteko erabakirik eta ez dugu Euskadiko ongizatearen apurketa bultzatuko. Eta eginahalak egingo ditugu euskal erakunde guzti guztiek 2015 urtean enplegua sortzen eta ekonomia suspertzen  lagunduko duten aurrekontuak izan ditzaten, bai, baina krisitik denok batera irteten garela bermatzeko, inor bidean geratu barik, dena delakoa izan bere arraza,  jatorria edo bere kontu korrontea”.

Itxaso Atutxa ahots kortea