Prentsa Aretoa

Berriak

2014/11/29

BizkaiaGO! Basaurira heldu da Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko proposamenak jasotzera

Gaur goizean, BizkaiaGO! Hiritarren parte hartze ekimena Basaurira iritsi da helburu argi batekin: herrialde osoan milatik gora herritarrek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko dituzten proposamenak entzutea eta jasotzea.

rss Ezagutzera eman

EAJ-PNVk Bizkaia osoa ibiliko duen ekimenarekin segitzen du lanean, bizkaitar emakume eta gizonen ekarpenak jasotzea helburu. Gaur goizean, BizkaiaGO! Hiritarren parte hartze ekimena Basaurira iritsi da helburu argi batekin: herrialde osoan milatik gora herritarrek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko dituzten proposamenak entzutea eta jasotzea.

Beste behin ere, Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidente andrea izan da Basauriko Artunduaga kiroldegira hurbildu diren ehunetik gora parte hartzaileei harrera egin diena. " Nerbioi-Ibaizabalek ez du lortu krisitik kanpo geratzea. Baina, era berean eredu ere bada eta argi eta garbi ikusi ahal izan dugu erakunde publiko eta pribatuen arteko lan bateratua, egin beharreko dugun lan hori, eta udalek enpleguaren, prestakuntzaren eta ekonomiaren alde egindako lanak beren fruituak ematen hasiak direla”.

Eta, Bizkaiaren etorkizunaren alde lan egiteko modurik onena da "denon artean, elkarren eskutik, hiritarren ongizatea hobetzeko helburuarekin egitea. Eta, horretarako, hiritarrari entzun behar zaio. Horregatik sortu zen BizkaiaGo!, pertsona delako gure jardun politikoaren helburua" gogoratu du Atutxak. "EAJ-PNVren aldetik, konbentzituta gaude horrela eginik, herri honetako emakume eta gizonen laguntasunarekin, herri honi itxaropena, ilusioa eta etorkizuna bueltatzea lortuko dugula" baieztatu du Bizkai Buru Batzarraren presidenteak.

Baina, zalantzarik gabe, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udalerri guztietatik heldu diren ehun bat emakume eta gizonak dira BizkaiaGO! Ekimenaren protagonista nagusiak. Adin eta egoera ezberdineko hiritarrak, EAJ-PNVrekin inolako loturarik ez dutenak, eta gaika antolatu diren mahaietan parte hartu izan dutenak (enplegua eta suspertze ekonomikoa; gizarte politikak; ingurumena; turismoa eta merkataritza; kultura eta sormen industriak; gazteria eta kirola; parte hartzea eta teknologia berriak; landa garapena , eta hezkuntza eta prestakuntza) talde jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian eta inguruko udaletan dituen herri kargudunekin batera.

Bizkaia onena

BizkaiaGO!, talde jeltzalea 2014ko apiriletik aurrera garatzen ari den anbizio handiko prozesu parte hartzailea da eta enplegu eta suspertze ekonomikoa du helburu. Herrialdeko eskualdeetan egiten ari den ekitaldi bakoitzean ehun bat pertsona hamar mahairen inguruan elkartu izan dira mahai bakoitzean gai zehatz bat jorratzeko eta horren inguruko proposamenak prestatzeko. Lanketa honen xede nagusia izango da enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoari laguntzea. Ekimen honen bidez euskal gizartearen aniztasuna baliatzea bilatzen da etorkizunerako gai garrantzitsu batzuen inguruan hausnartzeko, eta denon artean gizarte heldua sortzen joateko. Antzeko foroak egin dira orain arte Getxo, Lekeitio, Barakaldo, Derio eta Zallan.

Artunduaga kiroldegian izan direnen artean zeuden Itziar Epalza eta Arantza Aurrekoetxea sailburuordeak; Josune Ariztondo, Irene Pardo eta Iosu Madariaga foru diputatuak; Sergio Murillo eta Maitane Leizaola zuzendariak; Andoni Busquet (Basauri), Asier Albizua (Arrigorriaga), Ibon Uribe (Galdakao) eta Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes) alkateak eta alkatetzarako hainbat hautagai, besteak beste, Urtzi Vergara (Arrankudiaga), Gaizka Pineda (Zaratamo) eta Iñaki Cuadra (Urduña).

Atutxak gogora ekarri nahi izan du EAJ-PNVren konpromisoa dela 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako egingo den hauteskunde programan, parte hartze ekimen honetan jasoko diren proposamenik interesgarrienak sartzea. Jasotakoan, hurrengo urratsa izango da mahai bakoitzean aurkeztu diren proposamenak txostenetan jasotzea . “Hitza ematen dizuegu: irakurri egingo ditugu, aztertuko ditugu eta partekatu egingo ditugu. Guretzat oso material garrantzitsua da lehen eskutik datorrelako" eskertu du Bizkaiko jeltzaleen buruak.

Ekitaldia amaitutakoan, Itxaso Atutxak Nerbioi-Ibaizabal eskualdearen errealitatea ekarri du gogora. "Eskualde honetako familia askoren errealitateak 180 graduko iraulia eman du azken urteotan. Baina, herri indartsua gara, dagoen lekutik beti altxatzea lortzen duena. Jakin badakigu enpresen itxieren, ERE edo kaleratzeen aurrean, Bizkaiko erakundeak buru belarri ari direla konponbidea bilatzeko lanean. Edesa dugu horren adibide argia. Eskualdeko udalak, Aldundiarekin batera, oso hurbiletik eta etengabe babesten ari dira langileen eskariak; eta langile horiei ere eskertu behar zaie erakutsi duten kemena" azpimarratu du BBBren presidenteak. "Baina, azpimarragarria ere bada egunero udaletan egiten den lana: Prestauntza tailerrak, era guztietako ikastaroak, enpresei zuzendutako laguntasunak, ekintzaileei babesa ematea, Behargintza zentroak bultzatzea eta hainbat eta hainbat tresna, hiritarren zerbitzura daudenak, haien ongizatea hobetzea helburu". Era berean aipatu behar da "Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean Suspertze Ekonomikorako abian jarri zuen egitasmoa. Eskualdeko hamaika udalerrietako 125 langabe lan merkatuan sartzea ahalbidetuko du egin den 750.000 euroko inbertsioari esker" gogoratu du .

“Argi daukaguna da langabezia borrokatzea, enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea direla EAJ-PNVren lehentasunak. Gure kezka eta gure ardura nagusia da; eta, hala izaten jarraituko du, gauden erakundean gaudela" zehaztu du burukide jeltzaleak. Eta horretarako "Nerbioi-Ibaizabalgo alkate eta hautagaiek beren herritarren alde lan egingo dute. Zalantzarik ez dugu beren gaztetasunak, profesionaltasunak eta sektore ezberdinetan egindako ibilbideak direla jendaurrean aurkezteko argudiorik onenak" amaitu du Bizkai Buru Batzarraren presidenteak.

Ekitaldia behin amaituta, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJ-PNVk Partidu Popularrarekin izan duen itunaren haustearen inguruan mintzatu da. “Gure erantzuna erabatekoa izan da. Partido Popularrak, behintzat Bizkaian, Bildurekin lerrokatu da epaitegietan EAJ-PNVren kontra joateko. Orain, gure ardura, atzo esandakoa mantentzea da. Ez gara auzibidera joaten direnekin akordioetara helduko. Beraz, PPk ez badu bere jarrera aldatzen, Euzko Alderdi Jeltzaleak bertan behera utziko du Batzar Nagusietan alderdi horrekin irekitako aurrekontu-negoziazioa”, argudiatu du.

“Bere bidea bada, onartuko dugu. Baina ulertzen dugu ez dutela nahi gurekin erakunde-akordioetara heltzea, Bizkaian behintzat. Pilota PPren teilatuan dago orain”, azaldu du burukideak,

“Salaketa erretiratzea da eskatzen dugun gutxienekoa. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi gure atzoko jarrera aldatuko dugunik. Ezin dugu alderdi potiko batekin, kasu honetan Partidu Popularra, Batzar Nagusietan inolako akordioetara heldu euren bidea epaitegiak baldin badira eta ez instituzio politikoak”, bukatu du Atutxak.