Prentsa Aretoa
Berriak
2014/12/13
Durangaldeak herrialde osorako etorkizunera begira dituen proposamenak islatu ditu Durangon egin den BizkaiaGO! ekimenaren bileran
Durangaldean egin da gaur goizean BizkaiaGO! ekimenaren saio berria, EAJ-PNVk duela hilabete batzuk abian jarri zuen hiritarren parte hartze egitasmoa, herrialde osoan mila bat pertsonek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko dituzten proposamenak entzuteko eta jasotzeko
EAJ-PNVk Bizkaia herrialde osoan zabaldu duen parte hartze ekimenarekin segitzen du, eta Durangon egin du gaur goizean BizkaiaGO! ekimenaren bilera berria. Beste behin ere, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidente andrea izan da Landako Guneko instalazioetara hurbildu diren ehunetik gorako herritarrei harrera mezua eskaini diena. “EAJ-PNVren barruan aspaldi erabaki genuen hiritargoak bere etorkizunaren parte hartzaile eta sortzaile izan behar duela, Bizkaia osoaren etorkizunaren sortzaile, alegia. Eta, horregatik gaude gaur hemen. Herrialde berria sortzen laguntzea eskatzeko, denon artean, bertan bizi diren guztien ongizate sistema hobetzerik izan dezagun”, azpimarratu du burukideak. “Konbentzituta gaude herritarroi galdetuta eta zuen iradokizunak entzunda baino ez dugula herri honi itxaropena, ilusioa eta etorkizuna bueltatzea lortuko”, baieztatu du Bizkai Buru Batzarraren presidenteak.
Atutxak gogoratu du “parte hartze ekimen honetatik sortuko diren proposamenik interesgarrienak 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako egitasmoan sartzeko hartu duen konpromisoa”. Hurrengo urratsa izango da mahai bakoitzean jasotako ondorio eta hausnarketak batzea. “Hitza ematen dizuegu: irakurri egiten ditugu, berraztertu egiten ditugu eta gure artean partekatzen ditugu. Oso material garrantzitsua da guretzat, lehen eskutik datorkigulako”, baieztatu du.
Landako Guneak hartu ditu gaur BizkaiaGO! ekimenaren benetako protagonistak: Durangaldeko udalerri guztietatik etorritako ehun bat emakume eta gizon. Adin eta izaera ezberdinetako hiritarrak, bakoitza bere egoerarekin eta EAJ-PNVrekin inolako loturarik ez dutenak, eta gaika antolatu diren mahaietan (enplegua eta suspertze ekonomikoa; gizarte politikak; ingurumen politikak; turismoa eta merkataritza; kultura eta sormen industriak; gazteria eta kirola; parte hartzea eta teknologia berriak; nekazal garapena eta hezkuntza eta prestakuntza) talde jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian eta inguruko udaletan dituen ordezkariekin eta herri kargudunekin batera egon dira.
Etorkizunerako Bizkaia
Talde jeltzaleak 2014ko apirilean abian jarri eta hurrengo hilabeteotan garatuko duen BizkaiaGO! parte hartze prozesu honek enplegu eta suspertze ekonomikoa du helburu. Herrialdeko eskualdeetan egingo den ekitaldi bakoitzean, ehun bat pertsona bilduko dira hamar mahairen inguruan, mahai bakoitzean gai zehatz bat jorratzeko eta horren inguruko proposamenak prestatzeko. Lanketa honen helburu nagusia izango da enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoari laguntzea. Ekimen honen bidez euskal gizartearen aniztasuna baliatzea bilatzen da etorkizunerako gai garrantzitsu batzuen inguruan hausnartzeko. Ekitaldi hauek Getxo, Lekeitio, Barakaldo, Derio, Zalla eta Basaurin egin dira orain arte.
Landako Gunean elkartu direnen artean izan dira Imanol Pradales, Pilar Ardanza, Iosu Madariaga, Josune Ariztondo eta Irene Pardo foru diputatuak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxea; Basquetour erakundeko zuzendari nagusi Arantza Madariaga, eta Maitane Leizaola foru zuzendaria. Halaber, bertan izan dira eskualdeko alkate eta berraukeratuak izateko hautagai batzuk, hala nola Aitziber Irigoras (Durango), Iñaki Totorikaguena (Iurreta) eta Orlan Isoird (Berriz); eta Andoni Agirrebeitia (Amorebieta-Etxano), Joseba Mujika (Elorrio), Oskar Zarrabeitia (Izurtza), Gorka Garate (Abadiño), Julen Uribelarrea (Mañaria) eta Beñat Gorospe, azken hauek beren udalerrietako alkatetzarako hautagaiak .
Ekitaldia amaitutakoan, Itxaso Atutxak gogora ekarri nahi izan du iragan ostegunean Abadiño herrian burutu zen krimen bikoitza. “Zergatia bata dela bestea dela, erailketa ez da sekula konponbidea izango. Aukera hau baliatu nahi dut egin diren gaitzespen mezu guztiekin bat egiteko eta gure arbuiorik sendoena eta irmoena adierazteko, Mari Luz Alejo eta Amelia Rodríguezen heriotzen aurrean. Ezin dugu onartu eta ez dugu onartuko, emakumeen kontrako bortxakeriarik edo diskriminaziorik”, baieztatu du. “Zoritxarrez, aste honetan, bat baino gehiago izan dira Bizkaian gertatu direnak. Heriotza hauek dira gaur egun emakume eta gizonen artean dauden desberdintasunen adierazpenik larrienak, emakumeak menderatzeko ematen diren botere harremanen ondorioz”, ezarri du Atutxak. “Gizarte osoaren inplikazioarekin eta balore aldaketarekin baino ez dugu gizarte berdintzailea sortzea lortuko, gizarte horrekin emakumeenganako bortxakeriaren arazoarekin amaitzea lortze aldera”, ezarri du.
Halaber, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak Bizkaiko aurrekontuen onarpenaz hitz egin du “Jose Luis Bilbaoren agintaldiko azken aurrekontuen aurrean aurkitzen gara, eta onartzea lortu dugu. 12 urteko agintaldia izan da, 12 urte eta Bizkaiko aurrekontuek aurrera egin izan dute” gogoratu du. “Bizkaia denon artean eraikitzen da; hori da gizarteak eskatzen diguna. Eta aurten ere Bizkaia eraikitzen segituko dugu, 2015ekoak ere kontu adostuak izango direlako eta akordioetara iritsi nahi izan dutenen artean eginak izan direlako; salbuespenik gabe”, gaineratu du.
“Aurten, inoiz baino ageriago dago EAJ-PNVk akordioetara iristeko duen gaitasuna. Gobernatzen dugun erakundeetan, hau da, Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian baino ez dugu aurrekontuak aurrera ateratzea lortu. Askok ahaztu arren, aurrekontuak dira hiritarren beharrizanak betetzeko eta beren ongizatea hobetzeko tresna. Bilbon dugu horren adibiderik argiena. EAJ-PNVk gehiengo absolutua dauka korporazioan; baina, horrela ere, oposiziokoekin akordioetara iristen da beren proposamenak ere kontuan hartzeko. Batzuek ez dute gogoratzen gizarte taldeek, hiritarrek, azken finean, ez dutela alderdi politikoen artean dauden desadostasunaren errurik”, deitoratu du.
“Ezin dugu ahaztu adosteak barnean hartzea esan nahi duela. Batzuk baldintza horretaz ahazten dira eta ez dituzte EAJ-PNVren proposamenak kontuan hartzen aurrekontuak egiteko orduan, ez adostutako aurrekontuak egiteko ez eta bestelakoak egiteko ere. Ez dute amore ematen, ez dute entzuten eta ez dituzte besteen ekarpenak kontuan hartzen. Baina guk hiritarrentzat onak diren zuzenketa guztiak onartzea ahalbidetuko dugu”, zehaztu du burukideak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25