Prentsa Aretoa
Berriak
2015/01/21
EAJ-PNVk Barakaldoko Udalean aurkeztu du ‘Gardentasunez jarduteko dekalogoa‘
Udal talde jeltzaleak hamar ekimen proposatu ditu Udalaren kudeaketan gardentasuna berreskuratzeko eta hiritarren parte hartzea sustatzeko
Barakaldoko EAJ-PNVren Udal Taldeak gaur goizean aurkeztu du ‘Barakaldon gardentasunez jarduteko dekalogoa’ izenburuko dokumentua, Udalak bere kudeaketa eta zerbitzuetan berma ditzan gizarteak gero eta sarriago eskatzen duen gardentasuna.
Ekimen hau hamar konpromisok osatutako dekalogoa da, Barakaldoko udalak bete beharko lukeena, barakaldarrengandik hurbilen dagoen erakundea den aldetik, herritar guztien konfiantza berreskuratzeko eta Udalaren eguneroko kudeaketa lanean gobernu onaren oinarrizko printzipioak bermatzeko.
EAJ-PNVren aldetik uste dute udal gardenak hiritarren aurrean kontuak azaltzea sustatzen eta ahalbidetzen duela, eta egiten ari denari eta bere jarduera egitasmoei buruzko informazioa ematen du, informazio publiko hori era ulerterraz eta argian emanez, eta hiritargoak gobernu jardueraren kontrola egiterik izan dezan. Eszenatoki horren aurrean, ezinbestekoa da barakaldarren konfiantza berreskuratzea, gure Udalean gardentasunaren aldeko apustu argi eta irmoa eginez.
Zentzu honetan, EAJ-PNVk ‘Barakaldon gardentasunez jarduteko dekalogoa’ izenekoa aurkeztu du, bertan adierazitako konpromisoak Barakaldoko Udalean ordezkatuta dauden talde politikoek eurengana ditzaten. EAJ-PNVk konpromiso hau legegintzaldi honetan beteko du eta maiatzeko hauteskundeen ondoren hasiko den legegintzaldira eramateko konpromisoa hartu du.
Dekalogoak honako ekimenak proposatzen ditu:
1. Oposizioko talde guztiek kontratazio mahaietan parte hartzea
2. Ikerketa Batzordeetan herritarren parte hartzea bermatzea
3. Herritarren elkarteek eta udal taldeek aurkeztuko dituzten mozioak bozkatu ahal izango direla bermatzea
4. Herritarren elkarteek eta udal taldeek aurkeztutako mozioak osoko bilkurara eramango direla bermatzea, bertan aztertuak izan daitezen
5. Barakaldarrek ohiko informazio batzordeetan parte hartzeko eskubidea dute
6. Barakaldarrek zuzenean eragiten dieten gaiak aztertuko diren informazio batzordeetan parte hartzeko eskubidea dute
7. Kexa eta iradokizun batzorde berezia martxan jartzea
8. Udal politikari buruz eztabaidatzeko eta udal gobernuaren kudeaketari kontrola egiteko urteroko bilkura
9. Herritarren parte hartze batzordeak eta barruti batzordeak martxan jartzea
10. Karmenak antolatu ohi dituen Jai Batzordeak hartutako erabakiak bete beharrekoak dira
Barakaldoko EAJ-PNVren udal taldeak defendatzen du informaziorik gabe ez dagoela ez konpromisorik ezta inplikaziorik ere. Halaber, osoko bilkuran aurkeztuko den dekalogo honek Barakaldoko Udalean ordezkaritza duten alderdi gehienen babesa jasoko balu, Udalaren funtzionamendua arautzen duen Erregelamendu Organikoa aldaraztea eskatuko lukete, gardentasun dekalogo hori erregelamenduan sartzeko.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25