Prentsa Aretoa

Berriak

2015/01/30

Aritz Abaroa, Bermeoko EAJ-PNVk Udalaren gidaritza eramateko aurkezten duen hautagaia

Bere gaztetasunak, lan egiteko gaitasunak eta herriarekin duen konpromisoak abalatzen dute alderdikideek alkategai aukeratu izana

rss Ezagutzera eman

Orain arte Bermeoko EAJren zinegotzi eta bozeramailea izan den Aritz Abaroak bere herriko alkatetza berreskuratzeko lana egingo du. Hautagaiak berak baieztatu bezala "ilusioa pizten duen egitasmoa" delako egingo du, "Bermeoko emakume eta gizonek merezi duten kalitatezko etorkizuna" ahalbidetuko duelako. "Argi eta ozen esango dut: Bermeoko gizon eta emakumeok Bermeon bizi, lan eta gozatu nahi dugu, eta horretarako nire helburua izango da erronka horiek guztiak lortzeko aukerak emango dizkigun herria egitea" esan zuen ekainean egin zen aurkezpen ofizialean. Abaroa, 28 urteko bermeotar gazteak alderdikideek aukeraketa prozesuan erakutsi dioten konfiantza eta babesa eskertu zuen eta "erantzukizunarekin" erantzungo duela esan zuen.

Alkatetza berreskuratzekotan, Abaroak indar bereziak jarriko ditu herriko ekonomia pizteko ekimenean, "aukerak emango dituen udalerria" eraikitzeko, Bermeoko herritarrek lan bila herritik kanpo joan behar izan ez dezaten. "Beste gauza batzuen artean, jarduera ekonomikoa suspertu eta piztu beharko da, sektore guztiekin lan eginez eta Bermeoren garapen orekatua lortzea helburu". 

Abaroak argi dauka "zentzuz eta taiuz" lan egin behar dela "herriak eskatzen digu eta horixe da egingo duguna. Herritarrei azalduko diegu zein zen momentu bakoitzeko errealitatea, irteerarik gabeko putzu ilunik eraiki gabe, baina etorkizun baikorrari eta ilusioz beteari ateak itxi gabe".

Euskal Filologian lizentziatua da eta Teknologia Berrietan eta Hizkuntza Modernoetan Graduatua. Labayruinstitutuan lan egin du eta 2008 urtetik Euskaltzaindian ari da diaktologia esparruko hizkuntza ikerketa egitasmoetan; hain zuzen ere, Ahozko Tradiziozko Hizkeren Corpusa ATHC (2012 urtera arte) eta gaur egun Euskal Herriko Hizkeren Atlasa EHHA izenekoen lanketan.

Bermeo herriaz zera azpimarratu nahi izan du“bermeotarrek gaitasuna badugu arazoei indarrez, ilusioarekin, eta itxaropenarekin erantzuteko, arazo horiek oso handiak izan arren". Horregatik konbentzituta dago "Bermeoko herritarrok ilusio eta itxaropenarekin hartuko dugu gure udalerriaren etorkizunaz hitz egingo duen egitasmoa, argi baitaukagu gure geroa zehazten eta eraikitzen joan behar dugula".