Prentsa Aretoa

Berriak

2015/02/04

Arteako Udalak hilabete barru irekiko du bere kiroldegi berria

Egunotan burutuko dira pilotalekua handitzeko egin diren lanak; pilotalekuan estalpe osoa jarri zaio eta kiroldegi txikia egin da bere ondoan

rss Ezagutzera eman

 Artean, amaitzear dago Arratiako udalerri honetan azken urte hauetan egin den egitasmorik garrantzitsuenetakoa. Egunotan burutuko dira pilotalekua handitzeko egin diren lanak. Pilotalekuan estalpe osoa jarri zaio eta kiroldegi txikia egin da bere ondoan. Horren udal txikiarentzat hain egitasmo handiak zer suposatzen duen kontuan hartuta, lanak fase ezberdinetan egin dira eta 2011 urtetik aurrera jarri izan dira urtez urteko aurrekontuak, zorpetzea saihestea helburu. Kiroldegia hilabete baten buruan irekiko da.

Lanek bi milioi euroko aurrekontua izan dute osotara, oso kopuru handia da urteko aurrekontua milioi euro ingurukoa duen herriarentzat. Dena dela, udal kutxa egoera onean dagoelako eta egitasmoa fase ezberdinetan bultzatu delako, herriak egitasmoa garatu ahal izan du zorpetzeko beharrik izan gabe.

Pilotalekua osorik estali da eta ondoan bi solairuko eraikina egin da: Beheko solairuan aldagelak jarri dira eta 150 metro koadroko aretoa, orain arte eskolan eta Kultur Etxean egiten ziren jarduerak bertan egiteko ; goiko solairuan sarbideak daude eta soinketa egiteko makinak jarri dira 200 metro koadroko aretoan.

Herritarrek behin eta berriz eskatu izan duten zerbitzua da hau, hainbat jarduera egiten zirelako (yoga,pilates,aerobic, hirugarren adinekoentzako soinketa...., hau da 130 pertsona kirola praktikatzen) oso baldintza desegokietan. Azpiegitura berriaren bidez leku arazoa konpontzeaz gain, kirol eta jarduera berriak egiteko aukera ematen da.

Kiroldegi berrira pilotalekutik ere sartu ahalko da sarrera nagusia Udalaren atzeko partean egongo den arren, Ekomuseorako kalean, hain zuzen. Lanak amaitzear daude, sarrera nagusia bukatzea baino ez da falta dotazio berria amaituta egoteko.