Prentsa Aretoa

Berriak

2015/02/07

Busturialdeak etorkizunerako ideiak batu ditu BizkaiaGO! ekimenean

BizkaiaGO!, jeltzaleek herritarren abian jarri duten parte hartze ekimena Gernika-Lumon hazi da, eta 900 pertsona batzen ditu dagoeneko

rss Ezagutzera eman
Busturialdeak etorkizunerako ideiak batu ditu BizkaiaGO! ekimenean

ARGAZKIA JAITSI

“Gaur bereziki, bihotz-bihotzez eskertu behar dizuet goiz hau gurekin zaudetelako zuen ideiak eta ardurak gurekin partekatzen. Eguraldia gure alde ez dagoen arren, azpimarratu egin behar dugu zuek guztiok gaur hemen egoteko egin duzuen esfortzua. Eskerrik asko, benetan”. Hitz horiekin agurtu ditu gaur goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan BizkaiaGO! Ekimenaren ekitaldi berrian parte hartzera hurbildu diren ehunetik gora emakume eta gizonak.

EAJ-PNVk Bizkaian hasi duen ibilbidearekin segitzen du, bizkaitar emakume eta gizonen ekarpenak jasotzen, iragan apirilean abian jarri zen eta BizkaiaGO! Izena eman zaion herritarren parte hartze ekimenaren bidez. Egitasmo honen helburua oso argia da: herrialde osoan milatik gora pertsonek etorkizunerako eta enplegura eta suspertze ekonomikora begira dituzten proposamenak entzutea eta jasotzea, “gai horiek dira oraindik gizarte honen ardura nagusienetakoak", adierazi du Atutxak.

“Agerian dago krisiak eta albiste ekonomiko txarrek Busturialdean ere eragina izan dutela. Baina, tunel amaierako argia ikusten hasiak gara eta ematen du titularretan albiste onak ere badaudela", esan du. "Krisi honek zer edo zer irakatsi badigu, hori da elkarrekin lan egitea, guztion artean, gure herrikideen ongizate sistema hobetzeko helburuarekin. Eta horretarako, herritargoa hartu behar da kontuan. Horregatik sortu zen BizkaiaGO!, gure jardun politikoan pertsona helburu dugulako", esan du Atutxak.

“Ezinbestekoa da, era berean, erakunde publiko eta pribatuen arteko lana, harreman beharrezko eta derrigorrezkoa, eta udalek enpleguaren, prestakuntzaren eta ekonomiaren aldeko etengabeko apustua egitea". Lan honen adibide argia da Bizkaiko Foru Aldundiak Eskualdea Biziberritzeko jarri duen Egitasmoa. "Horri esker espero da ehun bat pertsonaren enplegua sustatzea, beren negozioen bidez lan munduan sartu daitezen", azaldu du burukideak. Ekimen honek 2013an Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdean eta 2014an Enkarterrin, Nerbioi-Ibaizabalen, Bilbon eta Arratian garatutako esperientzien ereduari jarraitzen dio. Programaren bidez, proiektu bakoitzari eskainiko zaizkio aholkularitza eta laguntza. Hiru fasetan egingo da: prestakuntza eskaintzea, negozioaren ideia garatzea eta enpresa sortzea. Programan parte hartzeko aukeratu diren 100 pertsonek hilean 350 euroko laguntza jasoko dute prestakuntza fasean eta negozio plana egiteko fasean, eta, behin euren enpresa abian jarritakoan, 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Baina, zalantzarik gabe, Busturialdea eskualdeko udalerri guztietatik heldu diren ehun bat emakume eta gizonak dira BizkaiaGO! ekimenaren protagonista nagusiak. Adin eta egoera ezberdineko herritarrak dira, EAJ-PNVrekin inolako loturarik ez dutenak, eta gaika antolatu diren mahaietan parte hartu dute (enplegua eta suspertze ekonomikoa; gizarte politikak; ingurumena; turismoa eta merkataritza; kultura eta sormen industriak; gazteria eta kirola; parte hartzea eta teknologia berriak; landa garapena, eta hezkuntza eta prestakuntza), talde jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian eta inguruko udaletan dituen herri kargudunekin batera.

Eskualde guztiak

Ekimen honen bidez, hilabete honen bukaeran herrialdeko eskualde guztietan egon ondoren bukatutzat emango dena, euskal gizartearen aniztasuna baliatzea bilatzen da etorkizunerako gai garrantzitsu batzuen inguruan hausnartzeko, eta denon artean gizarte heldua sortzen joateko. Antzeko foroak egin dira orain arte Getxo, Lekeitio, Barakaldo, Derio, Zalla, Durango, Basauri eta Lemoan.

Gaur Gernika Lumoko Jai Alai pilotalekuan elkartu direnen artean izan dira Unai Rementeria, Presidentziako diputatu eta Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaia ; Pilar Ardanza eta Irene Pardo diputatuak; Iosu Madariaga diputatua; Maitane Leizaola, Gonzalo Olabarria eta Gorka Estebez foru zuzendariak; Hezkuntza,Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuorde Arantza Aurrekoetxea; Basquetour-eko zuzendari nagusi Arantza Madariaga; eta eskualdeko udaletxetarako hautagai jeltzaleak: María Uribe (Gernika-Lumo), Jane Eyre Urkieta (Forua), Jesús Mari Olagibel (Elantxobe), Joseba Mallea (Mendata), Aritz Abaroa (Bermeo) eta Ibon Legarza (Kortezubi).

Atutxak gogora ekarri nahi izan du berriro EAJ-PNVren konpromisoa dela 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako egingo den hauteskunde programan, parte hartze ekimen honetan jasoko diren proposamenik interesgarrienak sartzea. Horiek denak batutakoan, hurrengo urratsa izango da mahai bakoitzean aurkeztu diren proposamenak txostenetan jasotzea. “Hitza ematen dizuegu: irakurri egingo ditugu, aztertuko ditugu eta partekatu egingo ditugu. Guretzat oso material garrantzitsua da lehen eskutik datorrelako" eskertu du Bizkaiko jeltzaleen buruak.