Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2015/02/12

Juan Félix Naberan alkatea izango da Gautegiz-Arteagako EAJ-PNVren alkategaia

Herritarren babesa jasotzekotan, Naberanen laugarren legegintzaldia izango litzateke. Herria maite duela azpimarratu du: "Zorionekoak gara hemen bizi garenak", esan du

rss Ezagutzera eman
Juan Félix Naberan alkatea izango da Gautegiz-Arteagako EAJ-PNVren alkategaia

ARGAZKIA JAITSI

Juan Félix Naberan, Gautegiz-Arteagako oraingo alkatea izango da Urdaibaiko biosferaren erretserbaren erdian kokatuta dagoen herriko jeltzaleen zerrenda-burua. Herrikideen babesa jasoko balu, Naberanek bere laugarren legegintzaldiari ekingo lioke. Gautegiz-Arteagako alkate izan zen 1987-1995 artean eta une honetan, 2011ko azken hauteskundeetatik aurrera.

EAJ-PNVren alderdikide da 1975 urtetik aurrera, Soziologian lizentziatua izan zen Deustuko Unibertsitatean eta hainbat barne kargu izan ditu Alderdian. EGIren exekutibako kide izan zen, Aberri Batzarreko ahaldun eta une honetan Busturialdeko burukidea da Bizkai Buru Batzarrean.

Azken lau urte hauetan Udalean egin dituen lanen artean, azpimarragarrien jotzen du udal kutxa egoera onean uzteko egin den ahalegina. Agintaldi honetan udal zorpetzea murriztu du hasierako 950.000 eurotik 200.000 eurora "hori dena gastu arrunta murriztu gabe eta hiritarren zerbitzura dauden zerbitzuak mantenduz", baieztatu du Naberanek.

Udalerria Busturialdeko Hondakinen Partzuergoan sartu da eta zaborrontzi guztiak berriztatu dira; argiteria publikoa berriztatu da eta horrek ekarri du argi faktura nabarmen jaistea eta argi kutsadura murriztea. Aldi berean, semaforoak jarri dira udalerriko kale nagusian, ibilgailuen abiadura murrizteko eta oinezkoei bide seguruagoak eskaintzeko.

Gautegiz-Arteagako makila berriz hartuko balu, alkateak esan du "ahal duen guztia" egingo duela udal kutxaren zorpetzea murrizteko, "inoiz ere herrikideen beharrak ahaztu gabe". Era berean, herriko bide nagusiaren segurtasuna eta sarbideak hobetzeko lana egingo du.

Juan Félix Naberan ezkondua da eta bi alaba ditu. Biziki maite ditu baratzeko lanak. "Mahasti txiki bat dut eta ni arduratzen naiz prozesu osoaz: landatzea, batzea, botilaraztea... eta lurrak ematen diguna familiarekin eta lagun artean dastatzen dugu. Hori bai plazerra". Era berean aitortu bera dela etxeko konponketak egiten dituena.

Naberan harro dago bere herriaz. "Zorionekoak gara Urdaibairen erdian dagoen herrian bizi garelako. Urdaibaiko padurek bizitza gordetzen dute txoko bakoitzean eta ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituzte: zorionekoak gara hemen bizi garenok" esan du. Juan Félix Naberanek Gautegiz-Arteagaren tamaina azpimarratzen du: "Neurri egokia dauka: txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut leku guztietan agurtzeko eta hitz egiteko ezagunen bat aurkitzea”.