Prentsa Aretoa
Berriak
2015/02/19
Itxaso Atutxa: “Azken urteotan Ezker Abertzaleak abertzaleen arteko akordioetara heltzeko aukera izan du, baina ez da posible izan”
Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak atzo egindako adierazpenekin guztiz ados agertu da gaur goizean, atzoko adierazpenak “egia borobilak” direla adieraziz. Ezker Abertzaleari “politikan parte hartzea eta benetako proposamenak egitea” eskatu dio.
Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak Iñigo Iturrate legebiltzarkideak atzo egindako adierazpenekin erabat ados agertu da gaur goizean. EH Bildu EAJ-PNV-rekin obsesionatuta dagoela eta bere barne zatiketei buruz hitz ez egitearren, bakeaz ari dela esan zuen Iturratek. “Egia borobilak dira Iturrateren adierazpenak”, baieztatu du BBB-ren presidenteak. “Azken urteotan ikusi dugu Ezker Abertzalea aberrigintzan eta politikagintzan ari dela eta instituzio desberdinetara bueltatu dela, baina oraindik ez digute erakutsi aldaketak egiteko prest daudenik” eta azkeneko lau urteotan proposamen zehatzik gogoratzen ez diola esan du.
Atutxak adierazi bezala, “ez dute abertzaleen elkartasunean eta abertzaleen arteko elkarlanean benetan sinisten. Bestela, hainbat aukera izan dituzte benetan gurari hori zutela erakusteko eta hainbat gairen inguruko akordioa lor genezakeen. Baina ez da posible izan”. "Beraz, nahiko nuke behingoz politikan parte hartzea eta benetako proposamenak egitea”. Ezker Abertzalea, bere barne errealitatea eta inkestek ematen dien datuak direla eta urduri egotea ulertzen duela esan du eta “urduritasun hori areagotzen den heinean, bortitzagoak izango dira gure kontrako akzioak eta adierazpenak”. Dena den, “lasai hartu behar dugu jarrera hau. Argi dago hurrengo hileetan EAJ izango dela kontra egiteko jopuntua, gu indartsu gaudelako. Zorionez, etxean bake ederra daukagu eta lanerako gaitasun handia daukagu. Eta bide horretan segituko dugu”, baieztatu du Atutxak. Nolanahi ere, azpimarratu nahi izan du ez direla eten EBB eta Sorturen exekutiben artean hasitako harremanak.
Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Itxaso Atutxak gogoeta egin nahi izan du hizkuntzaren erabileraren inguruan. “Hitzekin kontuz ibili behar dugu. Ezin dugu dena ustelkeria dela esan. Inputatuak "izurritsutzat" jotzen dira eta denak kondenatuta daudela dirudi. Ahalegindu behar dugu hitzei daukaten balioa ematen eta neurtzen. Politikagintzan denak ez du balio, eta hizkuntzaren erabilera gero eta zuzenagoa izan beharko litzateke”, ezarri du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak aurkeztu berri duen planaren inguruan ere mintzatu da Atutxa, eta argi utzi du plan hori ez dela LOMCE legea Euskadin aplikatzeko proiektua. “Inork ez dauka zalantzarik Eusko Jaurlaritzak ez duela lege hau begi honez ikusten eta EAJk ez zuela LOMCE legea onartu. Beste gauza bat da, legea hautsi barik ere, gure hezkuntza irizpideak mantentzea lor genezakeela. Egia da momentuz ez daukala adostasun zabala, baina Jaurlaritzak badauka oraindik akordioak lortzeko tartea” eta gehitu du Eusko Jaurlaritza beti dagoela denekin hitz egiteko eta adostasun zabala lortzeko prest .
Pozez hartu du, beste alde batetik, Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea aldatzeko hartu berri duen erabakia. Aldaketa nahikoa ez izan arren, euskara eta euskalgintzan ematen den “edozein aurrerapauso pozez hartzekoa da”, baieztatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25