Prentsa Aretoa

Berriak

2015/02/28

Juan Mari Aburto: “Gaurko hausnarketak ez dira alferrik galduko; guztion artean etorkizuneko Bilbo eraiki dezagun balio izango dute”

EAJ-PNV-k Bilbon aurkeztuko duen alkategaiak hitza eman du “hiritarren ondoan” egongo dela eta “beren beharrizan eta ideiak jasotzeko entzute aktiboa" bultzatuko duela. Baieztapen horiek egin ditu BizkaiaGO! Bizkaiko herrialde mailan 1.000 bizkaitarren ekarpenak jasotzeko egin den parte hartze ekimenaren markoan.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

BizkaiaGO!, EAJ-PNV-k 2014ko otsailean herritarren parte hartzea sustatzeko martxan jarri zuen ekimena Bilboko Miribilla auzoan kokatuta dagoen Bilbao Arenan egin du gaur saio berria. Bertan elkartu dira herrialdeko hiriburuko 150etik gora herritar, beren ekarpenak eta ideiak ezagutzera emateko. Juan Mari Aburto, EAJ-PNV-k Billboko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaiak hitza eman du “herritarrengandik hurbil” egongo dela eta “biztanleen beharrak, eta hauek Bilbo hiria hobetzeko izan ditzaketen ideiak jasotzeko entzute aktiboa” bultzatuko duela.

Aburtok bertaratu guztien iradokizunak eta hausnarketak eskertu ditu eta hitza eman die ez direla "alferrik galduko”. "Ekarpen horiek guztiak izango ditugu kontuan, denen artean diseinatutako Bilbo nahi dugulako; kanpora begira egongo den Bilbo hiria, nazioartean; eta, barrura begira, auzoei begira eta pertsonei begira“ laburtu du. “Gaur aztertu eta eztabaidatu ditugu Bilbotarroi interesatzen zaizkigun gaiak: enplegua, jarduera ekonomikoa, merkataritza, auzoak, pertsonen duintasuna, gazteen kezkak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, turismoa, euskara eta kultura, baloreak, solidariotasuna eta gardentasuna eta baliabide publikoen kudeaketa zuzena”, azken batean "Bilboko emakume eta gizonei interesatzen zaizkien gaiak”.

Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak ildo beretik hitz egin du bertaratuei ongi etorria emateko esan dituen hitzetan. “Pertsonei entzutea da herri bat eraikitzeko modurik onena. Iradokizun guztiak kontuan hartu behar dira eta beren eguneroko jardunaren bidez udalerri hobeak, bizitzeko eta hazteko toki egokiagoak egiten dituzten guztien ideiak eta beharrak hartu behar dira kontuan", azpimarratu du.

EAJ-PNVk helburu argia ezarri zuen, duela urte bete egitasmo hau martxan jarri zuenean: mila bat bizkaitarrek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko orduan egin ditzaketen ekarpen eta proposamenak jasotzea; eta, horrela izan da. 2014ko otsailetik aurrera, Bizkaiko jeltzaleak herrialdeko eskualde guztietan izan dira. Ekimena aurkeztu zen momentutik aurrera (Bilbon egin zen) BizkaiaGO! Getxon, Lekeition, Barakaldon, Derion, Zallan, Basaurin, Durangon, Lemoan eta Gernika-Lumon izan da gaurko honetan Bilbora itzultzeko.

“Bilbo da herrialde honetako hiriburua, gure herrialdeko hiriburua. Etorkizunari begiratzen dion hiria, baina iragana sekula ahaztu gabe. Eta, hiri honek ondotxo daki elkarlana zer den, pertsona, erakunde eta talde ezberdinen artean lan egitea, denontzako etorkizun onena eraikitzeko", esan du Atutxak. "Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren artean dagoen harreman estua oso ezaguna eta esanguratsua izan da beti. Azkeneko urteetan, Iñaki Azkuna, lehenengo, eta Ibon Areso, orain, Jose Luis Bilbaorekin batera Bilbao-Bizkaia harremanari sentsua eman diete. Eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusirako gure hautagaiak berak esan zuen bezala, itun hori burdinazkoa bazen, une honetan titaniozko bihurtu da. Itun sendo bat da esparru guzti-guztiak hartzen dituena: gizarte esparrua, lana, ekonomia, kultura... horiek guztiak elkartzen dira helburu bakarrari eusteko: suspertze ekonomikoa bultzatzea eta enplegu berrien sorrera sustatzea", azpimarratu du bizkaitar jeltzaleen buruak.

150etik gora pertsona elkartu dira gaur goizean Miribillako Bilbao Arenan egin den saioan. Parte hartzaileak, adin eta egoera guztietako hiritarrak, EAJ-PNVrekin inolako loturarik ez dutenak izan dira eta gaika antolatutako mahaietan izan dira alderdi jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean dituen herri kargudun eta ordezkariekin batera. Bi ordu luzez, parte hartzaile guztiek 10 arloren inguruan hitz egin eta eztabaidatu ahal izan dute: enplegua eta suspertze ekonomikoa; gizarte politikak, turismoa eta merkataritza; kultura eta sormen industriak; parte hartzea eta gardentasuna; berdintasuna eta integrazioa; hezkuntza, prestakuntza eta baloreak; euskara; gazteria eta kirolak, eta auzoak eta oinarrizko zerbitzuak.

EAJ-PNV-k Bizkaian duela urte bete hasi zuen ekimenaren bidez bilatu nahi izan da euskal gizartearen aniztasuna eta bertan dauden sektore ezberdinak baliatzea, herritarrek interesgarrien jotzen dituzten gaien inguruan hausnartzeko. Gai horiek guztiak jorratu beharrekoak baitira denen artean gizarte heldua eraikiko badugu. Hain zuzen ere, "Bizkaiaren etorkizunaren alde lan egiteko modurik onena da elkarrekin eta bata bestearen eskutik aritzea, herritargoaren ongizatea hobetzea delako denon helburua. Eta horretarako, herritarrekin elkarlanean egin behar dugu", azpimarratu du Itxaso Atutxak bertaratu guztiei parte hartzea eta ekarpenak eskertzeko orduan.

Audio: Juan Mari Aburto (Eus)