Prentsa Aretoa

Berriak

2015/03/17

EAJ-PNV-ren eta José Mari Gorroñoren taldearen arteko koalizioaren helburua izango da Gernika-Lumo eta Busturialde eskualde osoko ekonomia suspertzea

Itxaso Atutxak maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan koalizioan aurkezteko adostu den akordio hau deskribatzeko orduan esan duenez "arduraz jokatu nahi izan dugu Gernikako herritar guztien ongizatea lehenesteko".

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak ,EAJ-PNV-ren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak Gernika-Lumon iragarri du hiribilduko EAJ-PNV taldea, maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begira, José Mari Gorroñok zuzenduko duen taldearekin osatuko den koalizioan aurkeztuko dela. "Ardura osoz jokatu nahi izan dugu. Gure arteko ezberdintasun guztiak alde batera uzten jakin izan dugu eta norabide berean egiteko beharra ikusi dugu, Gernika-Lumoren eta gernikar emakume eta gizonen mesederako", zehaztu du Atutxak. Gaur eguerdian eskaini den prentsa aurrekoan, Bizkaiko jeltzaleen buruak hiribilduko alderdikide guztiei eskertu die beren "eskuzabaltasuna", Bizkai Buru Batzarraren onespena eta, beraz, Euzkadi Buru Batzarraren babesa jaso duen akordio hau onartzean.

Akordioa atzo eguerdian hitzartu zen eta iluntzean aurkeztu zitzaion Gernikako Uri Batzarrari. Oso helburu argiak ditu: udalerri eta eskualde osoko ekonomia suspertzea, enplegua sortzea, herriko bizitza kultural, sozial eta turistikoa dinamizatzea eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dauden harremanak eta solaskidetza hobetzea. Halaber, akordio honen bidez bilatuko da udalerriko gazteei etorkizuna eskaintzea, herrian eta eskualdean gera daitezen. "Konbentzituta gaude udalerriko eta Busturialde osoko egoera ekonomikoak arduraz jokatzea eskatzen digula, egoerak eskatzen digun mailan egotea , eskuzabaltasunez jokatzea eta denon ahaleginak batzea", azpimarratu du Atutxak.

Burukide jeltzalea konbentzituta dago akordio hau dela "Gernika-Lumori gertatu ahal zaion onena" eta udalerriko errealitate soziologiko nagusia bateratzeko helburuarekin egin dela. "Egoeraren diagnosia eginda, akordioak alde batera utziko ditu norberekeria eta alderdikeria guztiak, garrantzitsuenari ekiteko: pertsonak; gernikar emakume eta gizonak" gaineratu du Atutxak. “Gernika, Busturialdea, Bizkaia eta Euskadi osoan politikariak ikusi nahi dituzte lanean, egiten; eta ez eztabaidan eta kritikatzen", azpimarratu du Itxaso Atutxak.

Maria Uribe hauteskunde zerrendako bigarrena izango da eta herrian lortu den akordioa defendatu du "ona da Gernika eta Busturialde osoarentzat, udalez gaindiko erakundeetan emaniko bidean aurrera egiten lagunduko digulako, horra hor Elkartegiaren kasua". Uribek azpimarratu du herriak aurrera egingo badu, beharrezkoa izango dela herritar guztien arteko adostasuna lortzea.

José Mari Gorroño izango da koalizio zerrendako burua. Aditzera eman duenez, berak espero du "inflexio puntu " izatea "beherako joera aldatzeko eta gorako bidea hartzeko, eta bide hori ona izan dadin gure herriarentzat eta eskualde osoarentzat".

Itxaso Atutxak azaldu dudenez, EAJ-PNVk berriz erakutsi du Euskadin, Bizkaian eta Busturialdean lortzen diren akordio guztien eragilea dela, eta berriro esan du pertsonak direla talde jeltzalearen jardun politikaren helburu nagusia. "EAJ-PNV-k gernikar emakume eta gizonen zerbitzura jarriko du lana, ahalegina eta adostasuna, Gernika-Lumo eskualdeko udalerri ekintzaile eta motore izaten segi dezan", ezarri du.