Prentsa Aretoa
Berriak
2015/04/10
Busturialdeko hautagaiek beren udalerrietatik lan egingo dute eskualde oparoa eraikitzea helburu
Bermeoko EAJ-PNV-ren alkategai Aritz Abaroak “Busturialdearen suspertze ekonomikorako motorea bide onetik eramatea” aldarrikatu du eskualdeko alkategai izango diren hogei emakume eta gizonak aurkezteko ekitaldian
Bermeon egin da, gaur arratsaldean, EAJ-PNV-k eskualde osoan maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan proposatuko dituen alkategaiak aurkezteko ekitaldia. “Busturialdea eta bakoitza bere udalerria hazi araztera” datozen hautagaiak dira Ismael Oar-Arteta (Ajangiz), Josu Sabin Olano (Arratzu), Aitor Aretxaga (Busturia), Koldo Latxiondo (Ea), Jesús Mª Olagibel (Elantxobe), Joseba Zarragoikoetxea (Ereño), Mikel Madariaga (Errigoiti), Jane Eyre Urkieta (Forua), Juan Félix Naberan (Gautegiz-Arteaga), Guruzne Solabarrieta (Ibarrangelu), Ibon Legarza (Kortezubi), Joseba Mallea (Mendata), Mª Teresa Artetxe (Morga), Aitor Egurrola (Mundaka), Iratxe Lamikiz (Murueta), Aitziber Ansotegi (Muxika), Jaione Oar (Nabarniz), Pedro Sainz Vizcaya (Sukarrieta), María Uribe (Gernika-Lumo; bigarren izango da Jose María Gorroño lehen tokian eramango duen Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos / Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco koalizioan) eta Aritz Abaroa, Bermeo. Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak eta Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak kostako herrian elkartu nahi izan dute, eskualdeko hautagaiak aurkezteko egin den ekitaldian bildu diren alderdikide eta lagunekin.
Busturialdeko hautagai diren 6 emakume eta 14 gizonek oso talde hetereogeneoa osatzen dute eta beraien bidez uztartzen dira esperientzia eta gaztetasuna. “Talde gaztea da, prestatua eta beren udalerrien eta, batez ere, herrikideen alde lan egiteko gogo handiarekin dator”, esan du Itxaso Atutxak. Horietako batzuk beren herrietako alkate izan dira jada, besteak beste, Josu Sabin Olano, Joseba Zarragoikoetxea, Jane Eyre Urkieta, Juan Félix Naberan, Joseba Mallea, Aitor Egurrola eta Pedro Sainz Vizcaya. Ganera, gehienek lehen eskutik ezagutzen dute udal bizitza zer den, azken urteotan zinegotzi lanetan murgilduta egon direlako. Udaletan duten esperientziarekin osatzen dute erakunde publiko ezberdinetan eta enpresa pribatuetan egin duten ibilbidea.
Ekitaldia Bermeon egin denez, bertako alkategai Aritz Abaroa izan da ekitaldiari hasiera emateko arduraduna. Abaroak esan du EAJ-PNV-k hilabeteak daramatzala Busturialdearen etorkizuna definituko duten egitasmoak lantzen “prozesu parte hartzaileak antolatzen eta herritarrei entzuten, beren beharrak; hau da, gure beharrak identifikatzeko”. Are gehiago “herri bakoitzean garatu izan ditugu gure lan dinamikak; herrikideekin, elkarteekin eta sektore guztietako gizarte eragileekin elkartu gara denon arteko egitasmoa egiteko”, “banan-banan gauza handiak eta emankorrak egin ahal baditugu, are handiagoak eta emankorragoak izango dira denon artean egiten baditugu”, esan du. Gaineratu duenez “herritarren zerbitzura gaude, konpromisoarekin, lan egiteko gogoarekin eta EAJ-PNV-ren 120 urteek ematen diguten esperientzia, berme eta segurtasunarekin”.
Bermeoko alkategaiak esan du krisiari era aktiboan egin behar zaiola “ezin dugulako onartu beste lau urte gora begira egotea” eta “suspertze ekonomikoaren motorea bide onetik eramateko beharra” aldarrikatu du. Horretarako, alderdikideak animatu nahi izan ditu denok norabide berean egitera “EAK-PNV-ko emakume eta gizonak Busturialde osoan suspertzea lideratzeko prest gaudelako”.
Abaroak gaurko ekitaldian aurkeztu ditu talde jeltzaleak Bermeo herrian aurkeztu duen egitasmoaren ildo nagusiak, eta zehaztu du herritarrentzako bizitza kalitate hobea nahi duela eta enplegua sortzea eta suspertze sozioekonomikoa bermatzea bilatzen duela. Horretarako, Bermeoko gazte honek ulertzen du eskualdean dauden sektoreen aldeko apustua egin behar dela; eta, aldi berean, era guztietako ekimen enpresarialak bultzatzea eta, turismo jasangarri eta iraunkorrerako eredua sustatzea. Hori bai, bakoitza bere udalerritik baina ikuspegi globalarekin “udalerrien arteko lana eginez eta Busturialdearen aldeko apustu argia eginez” amaitu du.
Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak, Busturialdea eskualdeari eskatu dio berarekin olatura igo dadila eta bertaratu guztiei adierazi die bere ilusioa. Rementeriaren hitzetan, olatu hori da Bizkaiarentzat egin den proiektu berria; enplegua, jarduera ekonomikoa eta gizarte zerbitzu hobeak ekarri nahi dituen egitasmoa. Halaber, agerian utzi nahi izan du “0,0 politikarekiko konpromisoa. Zero irain, zero joko zikin”, eskualdea eta Bizkaia osoa hazi arazteko modurik onena delakoan.
Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea, izan da amaierako hitzak esan dituena. Atutxak eskualdeko zerrenda buruei eta hautagaitza jeltzaleak osatuko dituzten emakume eta gizonei adierazi nahi izan die bere esker ona “egiten ari zareten lanagatik eta Busturialdea, Bizkaia eta EAJ-PNVrekin hartu duzuen konpromisoagatik”. Baina burukide bizkaitarrak beste gauzen gainetik azpimarratu nahi izan duen gauza izan da elkarrekin lan egiteko beharra dagoela herritarren bizitza kalitatea hobetzeko. “Herri hau ezin dugu guk bakarrik eraiki, adostasunean oinarrituta egin behar dugu. Herri hau, herrialde hau eta herri hauek guztiak jatorri ezberdineko pertsonek osatzen dute, ideologia eta izaera ezberdina duten pertsonek, eta denok dugu pertsona horien guztien beharrei erantzuna emateko beharra, herritargoak horixe eskatzen digulako”, azaldu du. Horretarako, zera defendatu nahi izan du “EAJ-PNV-rentzat pertsona izango da gure jardun politikoaren helburua” eta herritarren onerako “hitz egin beharko dugu, negoziatu beharko dugu eta akordioetara iritzi beharko dugu Busturialdea, Bizkaia eta Euskadiren alde lan egin nahi izango duten guztiekin”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25