Prentsa Aretoa
Berriak
2015/04/11
Unai Rementeriak 10.000 lanpostu berri bultzatzeko konpromisoa hartu du hurrengo lau urteetan
Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak aurreratu du, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko EAJ-PNVren alkatetzerako hautagaien aurkezpenean, hiru programa espezifiko martxan jarriko dituela luzaroko langabeentzako, 45 urteko nagusi eta gazteentzako, hurrenez hurren
Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeek ezagun dituzte jada maiatzeko udal hauteskundeetan EAJ-PNVk aurkeztuko dituen alkategaiak. Gaur goizean Santurtziko Arrantzaleen Kofradiaren inguruan egin den aurkezpen ekitaldian, Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, jendaurrean aurkeztu du bere hauteskunde-programaren oinarrizko konpromisoetariko bat: enplegua. “Hurrengo lau urteetan, 10.000 lanpostu berri sustatzeko konpromisoa hartzen dut premia gehien duten kolektiboei zuzendutako hiru plan espezifikoen bidez: luzaroko langabeak, 45 urteko nagusiak eta gazteria”, aditzera eman du. “10.000 lanpostu behar duten 10.000 pertsonentzako; langabeziaren putzu beltzetik aterako diren 10.000 pertsonentzako; etorkizunari ilusioz begiratuko dioten 10.000 familientzako”, zehaztu du. Rementeriak azpimarratu nahi izan du hauek ez direla “bakarrik hitzak; izena eta abizena duten programak dira”.
Honela, ‘Gaztenplegua’ programa bultzatuko du 4.000 gazte lan munduan sartu daitezen, enplegu egonkor eta kalitatezko lanpostuetan. Bigarren programa, ‘Lan Berri Senior’, 45 urtetik gorako 2.000 langabetuei lagunduko die. Bere aldetik, hirugarren programak aurreikusten du erakunde eta enpresei laguntza ekonomikoak ematea prestakuntzazko eguneratze planak martxan jartzeko eta 2.000 luzaroko langabetuen kontratazioa bultzatzeko. Azken plan honen baitan, enplegu-fondo berezi bat sortuko du kualifikazio profesional urria eta egiturazko langabezian jausteko arriskua duten beste 2.000 pertsonen beharrei erantzuna emateko. “Horrela egiten da Bizkaia, ideiekin eta konpromiso argiekin”, adierazi du ahaldun nagusirako hautagaiak.
Ildo beretik, Rementeriak esan du krisialdi handiak bere amaierara heltzen direnean aukerazko momentuak direla: “Aukera handiko momentua dau hau Bizkaia eta Euskadirentzat eta, erabakigarria den momentu honetan, Bizkaian, tontokeririk ez. Ezin dugu hutsik egin. Proiektuak eta egonkortasuna eskaini behar dugu, ez esamesak eta ziurgabetasunak. Eta Euzko Alderdi Jeltzaleak proiektuak eta egonkortasuna eskeini dezake”, bukatu du.
Aintzane Urkijo, Santurtziko alkategaia, izan da herriko portuaren inguruan, eskualdeko alkategai izango diren bederatzi emakume eta gizonak aurkezteko ekitaldian elkartu diren alderdikide eta lagunei harrera egin diena.
Ezkerraldea eta Meatzaldea
Gaur goizean aurkeztu den taldeak ondo baino hobeto ezagutzen du udal politika, alkate izan direlako, zinegotzi lana egin izan dutelako edo ardura biak eraman dituztelako. Alkate dira eta berraukeratuak izateko aurkeztuko dira Borja Liaño (Muskiz), Josu Bergara (Sestao) eta Xabier Cuellar (Trapagaran); Maite Etxebarria eta Saulo Nebreda, lehen aldiz izan dira alkatetzarako aukeratuak, 2013 urtetik, hurrenez hurren, Abanto-Zierbena eta Ortuellako aginte makila eskuan daramaten arren; Amaia del Campo (Barakaldo) eta Javier Aranburuzabala (Portugalete) beren herrietako alkatetzetarako aurkeztuko dira hainbat legegintzalditan oposizioko lider izan ondoren; Iñigo Ortuzar de Loyolak (Zierbena) laurogeita hamargarren hamarkadan Abanto-Zierbenaren desanexioa lortu zuen Batzorde Kudeatzailea zuzendu zuen eta hainbat legegintzalditan izan da Zierbenako alkate eta, azkenik, Aintzane Urkijo Santurtziko lehen alkate andrea izateko asmoarekin aurkeztuko da, ia bi legegintzalditan zinegotzi izan ondoren.
Aintzane Urkijok adierazi du pertsona guztiak aurkeztuko direla “Ezkerraldea eta Meatzaldea hazi arazteko konpromisoarekin” eta pertsona horiek dituzten ezaugarriak azaldu nahi izan ditu “ilusioa, zorroztasuna eta esperientzia” eta gaineratu du “lan egiteko hitza eman dute, Euzko Alderdi Jeltzaleak herritarrei arreta emateko duen leihatila ez delako inoiz ixten”. Santurtziko hautagaiak azaldu du eskualdeko EAJ-PNV-ren aldetik eragile guztien arteko zubiak eraikiko dituztela pertsonen bizimodua hobetzea helburu, ”gure izaera bereziarekin, gure nortasunarekin; hori dena izango da aurrera egiteko dugun konpromisoa”. Urkijok Santurtzi herriaz ere hitz egin nahi izan du. Bere hitzetan “aurrekontu zorrotzekin, austeritatearekin eta jarrera ekintzailearekin” Santurtzi herria “ez da geldituko” eta “ EAJ-PNV-ren aldetik prozesu horretan parte hartu nahi dugu”. Ebaluazio horren adibidea izan da Arrantzaleen Kofradiaren eraberritze prozesua, Dorre Etxea eta turismo sektoreari eman zaion azken bultzada, horren datu onak eman dituena.
Itxaso Atutxa, BBBren presidentea, izan da ekitaldia itxi duena eta “doazenei eta geratzen direnei” adierazi nahi izan die bere esker ona “zuen herriak eta EAJ-PNV hazi arazteko hartu duzuen konpromisoagatik”. Era berean azpimarratu nahi izan duenez, politikak bere momenturik gozoenak bizi ez dituen garai hauetan “zuek aurrerako urratsa eman duzue eta etorkizunerako egitasmoa babesteko erabakia hartu duzue, hau da, eskualde honentzako egon daitekeen proiekturik onena”. “Eskualde eta herri honen etorkizunean sinesten dugu, eta horregatik hiritarren zerbitzura jarriko dugu guk daukagun onena: pertsonak”. “Zorionekoak gara hemen aurkezten dizkizuegun bederatzi emakume eta gizonek Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualde anitzagoa eta solidarioagoa egingo dutelako eta beren herri eta herrikideen alde egingo dutelako”, esan du. Aldi berean, Bizkaiko jeltzaleen buruak azpimarratu du erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia: “Norabide berean elkarrekin egiteak denok indartuko gaitu. Lankidetza Udalekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, baina baita era guztietako elkarte eta gizarte eragileekin ere”. Itxaso Atutxak amaitzeko esan duenez “herri hau denon artean altxatu nahi dugu; akordioak lortuz, hitz eginez eta entzunez”. Eta, hori dena, “herritarren mesedetan egiteko helburuarekin”, “behin eta berriz esango dugu: pertsona helburu eta goiburu”, amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25