Prentsa Aretoa

Berriak

2015/04/12

EAJ-PNVk Uribe Kostan aurkezten dituen alkategaiek eskualdea hazi araziko dute “inor bidean utzi barik”

Bederatzi gizon eta emakume hauen konpromisoa da “krisiaren ondorioz galdu diren enpleguak berreskuratzea eta inguruko ekonomia dinamizatzea, pertsonen alde zubiak eraikitzeko”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Uribe Kostan aurkezten dituen alkategaiek eskualdea hazi araziko dute “inor bidean utzi barik”

ARGAZKIA JAITSI

Roberto Muñoz (Barrika), Mª Isabel Landa (Berango), Imanol Landa (Getxo), Arantza Etxebarria (Gorliz), Mª Carmen Urbieta (Leioa), Unai Andraka (Lemoiz), Elixabete Uribarri (Plentzia), Javier Bilbao (Urduliz) eta Gontzal Hermosilla (Sopela) izango dira EAJ-PNVren izenean Uribe Kostako herritarrak “denak, salbuespenik gabe” ordezkatuko dituzten hautagaiak. “Gure konpromisoa da” esan du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak gaur goizean Sopelan eskualdeko alkategaiak aurkezteko egin den ekitaldian. Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, ere egon nahi izan du herriko Udaletxeko plazaren inguruan elkartu diren alderdikide eta alderdizaleekin batera.

Lau emakume eta bost gizon hauek ondo baino hobeto dakite udal politika zer den, horietako batzuk beren herrietako alkate direlako edo legegintzaldi ezberdinetan zinegotzi izan direlako. Mª Isabel Landa, Imanol Landa, Arantza Etxebarria, Unai Andraka eta Javier Bilbao, beste aldi batez, beren udalerrietako alkate bihurtzeko helburuarekin aurkeztuko dira; Mª Carmen Urbietak 2013 urtean Leioako Udaleko aginte makila hartu ondoren, lehen aldiz izango da bere herriko alkategaia maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Elixabete Uribarri eta Gontzal Hermosilla beren herrietako “alternatiba” gisa aurkeztuko dira eta “egitasmo ilusio sortzailea” aurkeztuko dute, beren herrikideekin partekatu nahiko luketena.

Gontzal Hermosilla Sopelako alkatetzarako hautagaiak ekitaldi hasieran adierazi duenez bera eta bere alderdikideen konpromisoa da “Uribe Kosta guztion artean hazi araztea, inor bidean utzi barik; hau da eskualde honekin, norbera bere herriarekin eta osatzen duten herrikide bakoitzarekin hartzen dugun konpromisoa”. Azaldu duenez, “hileak eman ditugu lanean, batzarrak izan ditugu elkarte eta arlo guztiak jorratzen duten erakundeekin, herri bakoitzeko auzoetan eta herrikideekin egon gara” Uribe Kostarentzako “egiazko programak egitea helburu; “guk ez dugu kerik salduko”, zehaztu du. Hermosillak erakunde eta instituzioen arteko elkarlanaren alde egin du (udalak, Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Mankomunitatea…) “krisiaren ondorioz galdu diren enpleguak berreskuratzeko eta inguruko ekonomia dinamizatzeko, eta horrela zubiak eriki pertsonen alde egiteko; pertsonak direlako gure izatearen arrazoia”.

Sopelako alkategaiak esandako hitzak bere herrira hurbildu nahi izan ditu, non EAJ-PNVk oposizioan izan den azkeneko urteotan. Adierazi duenez, “lau urte hauek legealdi galdua izan dira”. Baina, alderdi jeltzaleak hurrengo legegintzaldirako duen proiektu politikoa defendatu nahi izan du: “Ilusioz eta harrotasunez betetzen gaitu gure herrikideen beharrekin eta ekarpenekin egindako proiektua delako; batera. Hori delako Sopela hazi arazteko modurik onena”. Azaldu duenez, alkatetzara helduko balitz, EAJ-PNVk Udalean zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko du. “Parte-hartze erreala eta eraginkorra bultzatuko dugu; surfa herriko ekonomia suspertzeko eragile giza indartuko dugu; eraztun berde berria bultzatuko dugu eta, batez ere, Udala herritargoari hurbilduko diogu”, esan du.

Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, bere aldetik, bertaratu guztiak animatu nahi izan ditu berarekin batera igo daitezela martxoan “Mundakan sortu zen ilusio olatura”, “Bizkaia maite dugun guztiok elkartzeko mugimendua sortzeko; guztiok gauza berberak batzen gaituztelako. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta handiagoa izango baita defentsa hori, hobeto biziko garelako, oparoagoak izango garelako”. Aldi berean, bertaratu guztiei eskatu die “kalean, etxean, lagunekin eta lanean” esatea “EAJ-k Bizkaiarentzat egitasmo berria eta ilusio sortzailea duela; enpleguan eta jarduera ekonomikoan oinarritzen den egitasmoa, gizarte sarea mantentzean oinarritutako egitasmoa, baina iruzur fiskalik edo sozialik gabe eta 0,0 politikan oinarri. Zero irain, zero joko zikin”.

Itxaso Atutxa, BBBren presidente andreak, bere aldetik, EAJ-PNVren hautagaien “lan egiteko gaitasuna, profesionaltasuna, konpromisoa eta apaltasuna”, azpimarratu nahi izan du. “Lantalde indartsua osatzen duzue eta zuen herrien alde lan egiteko gogo handia duzue, baina, gauza guztien gainetik, herrikideen alde egiteko gogoarekin zatozte” azaldu du. Halaber, burukide bizkaitarrak eskatu die “bakoitza bere bidetik egitea” eta esan duenez “gu, jendearen arazoak konpontzeko gaude: enplegua, ekonomia, garraioa, hezkuntza… Hiritargoak konfiantza jarri du gugan eta gure hitza betetzen segitzeko ardura dugu”. Atutxak hautagaiei eta beren lan taldeei eskatu die “indartsu eta gogotsu” segitzea. “Jakin badakit azken bide zati hau gogorra izango dela, baina gai izan behar dugu guztiok barnean daramagun ilusioa, indarra eta konpromisoa herrikideei helarazteko. Hauxe da zuen momentua; etorkizuneko Uribe Kosta eraikitzeko momentua, biharko Bizkaia eta Euskadi eraikitzeko unea”, amaitu du.