Prentsa Aretoa
Berriak
2015/04/15
Aitor Sorriketa: “Legegintzaldi gogorra daukagu zain, Bedia hobetzen segitzeko lan handia egin beharko dugu”
Oraingo alkate eta alkategaiak bere herrian gehien estimatzen duena da “herri izaera“ mantentzen duela
Aitor Sorriketa izango da, berriz ere, Bediako EAJ-PNVren alkategaia, herriko alderdikideen aho bateko babesa jaso duenez geroztik. Alderdikidea da 1998 urtetik eta 2003an bihurtu zen Arratiako herri honetako alkatea. Administraria da lanbidez, gaur egun eszedentzia egoeran.
Sorriketak ilusio handia dauka Bedia herriarentzako egitasmo berrien aldeko apustua egiteko. “Legegintzaldi gogorra dugu zain, herria hobetzen segitzeko lan handia egin beharko dugu. Inkesta batzuk egin ditugu herritarren iritziak jasotzeko, eta erantzun asko jaso ditugu, alferrik galtzen utziko ez ditugunak”. Bere hitzetan “interesgarrienak egitasmoan sartuko ditugu, baina gainerakoak ere izango ditugu kontuan. Azpimarratu beharreko egitasmo horietako bat izango litzateke Jauregi auzoko urbanizazioa idaztea eta burutzea”, azaldu du.
Alkategaiaren helburua ere bada Zinbe enpresa kokatuta dagoen lurretan ere parke bat egin ahal izatea: “Behar besteko gestioak egingo ditugu, jabeekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, gune hori gure herrikideen gozamenerako izan dadin. Ez gara ahalegina egin gabe geratuko, denak amaiera ona izatea espero dugu eta Bedian aisigune berria izan ahal izatea”.
“Bedia herri lasaia da, oraindik ez du herri izaera hori galdu eta hori da gehien estimatzen dudana; herrikideok elkar ezagutzen dugu. Kokapenagatik eta komunikazio onei esker, Bizkaiko edozein tokitara joan gaitezke inolako arazorik gabe. Bilboko zaratatik Bediako lasaitasunera ia konturatu gabe pasatzen gara”, esan du Bediako alkateak.
Aitor Sorriketak aitortu du bere mundua bi urte eta erdiko alaba Iraiaren inguruan mugitzen dela. Mendizalea da “Euskal Herriko hainbat mendi igo ditut, baina esanguratsuena agian Mont Blanc-era egin nuen igoera izan zen, mendiaren inguruko trabesia egin ondoren. Pala jokoa ere gustuko dut, baina orain Iraia da nire mendia eta nire pala jokoa, eta horrela izan dadila geroan ere”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25