Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2015/05/02

Garai herritar guztien artean, “inor gutxietsi eta baztertu barik”, eraiki behar dela dio Erramun Osak

Alkategai jeltzaleak herrian hauteskundeak irabazten baditu, “apaltasunetik, herritarrek ematen diguten arduratik sortzen diren beharrei erantzuten saiatuko gara; horixe agintzen digulako gure barruak eta exijitu gure alderdiak”

rss Ezagutzera eman
Garai herritar guztien artean, “inor gutxietsi eta baztertu barik”, eraiki behar dela dio Erramun Osak

ARGAZKIA JAITSI

Garaiko EAJ-PNV-ren Uri Buru Batzarrak Erramun Osa aukeratu du alkategai jeltzalea izateko. Osarentzako izendapen hau erronka eta, aldi berean, konpromisoa ere bada: “Erronka, alderdiaren jarduna ikusgarri egiteko, Garai indarberritzeko eta herritarren apetei era eragingarrian erantzuteko. Konpromisoa ere bada; egun alderdien jarduna oro har gutxiesten eta arbuiatzen denean, herri honen alde horrenbeste ahalegin egin eta neke hartu duten alderdikideei eskertzeko modua ere badelako. Ea asmatzen dugun!”, dio Osak.

Naiz eta herri-politikarekin orain arte harremanik ez izan, Osak badaki zer den jardun publikoa eta taldeen kudeaketa. 2007 eta 2009 urteen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Koordinaziorako zuzendari izan zen, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzan, eta alderdian Garaiko UBBko kide izan da eta halaxe segitzen du. Osa euskara irakaslea da lanbidez, eta bere ibilbide profesionala hasiera-hasieratik euskarari, euskal kulturari eta euskal hezkuntzari lotua egon da. Honetaz gain, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduraduna ere izan da hainbat urtez eta egun, Euskaltzaindian egiten du lan.

Maiatzaren 24ko udal-hauteskundeak irabaziko balitu, Osak oso argi dauka zer egingo lukeen: “Apaltasunetik, herritarrek ematen diguten arduratik saiatuko gara erantzuten; horixe agintzen digulako gure barruak eta exijitu gure alderdiak”. Erramun Osak batasunaren alde egiten du udal-politikan ere bai eta, bere hitzetan, “ona izango litzateke udal ordezkari guztiok herritarren beharrei begiratzea eta, haiekin batera, adostea eta partekatzea herriko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko; gazteak Garain lekutu daitezen errazteko (etxeak eta baserriak egiteko edota eraberritzeko erraztasunak emanez); adinekoen beharrak asebetetzeko; ekonomia sustatzeko; uraren eta saneamenduaren arazo latza bideratzeko; Garai inguruko udalerriekin are hobeto komunika dadin garraio sistema publikoa hobetzeko; gure aurrekoek eskuratu diguten euskarazko ahozko jarduna galdu aurretik jasotzeko eta abar”, zerrendatu du.

Ildo beretik, Garai herritar guztien artean, “inor gutxietsi eta baztertu barik”, egin behar dela dio hautagai jeltzaleak. Eta, zehazten duenez, “bizikidetza eta auzolana lantzea izan beharko luke denon zeregina. Horretan saiatuko da EAJ alderdia; eskua luzatuz eta hasieratik guztiei lankidetza eskainiz”.

Erramun Osak bere herria biziki maite du eta bere edertasuna erabili nahi du Garai XXI. mendera proiektatzeko. “Garaik paraje ikusgarriak eta ederrak dauzka, Anbotoko mendilerroa edo Oiz mendira begiratzeak merezi du, Santa Katalina edo Momoitio, ehunka urte dituen artea... Begiratoki paregabea da. Leku lasaia ere bada. Nolanahi ere, ez dago isolatuta eta denbora labur batean edonora iristeko moduak daude”, adierazi du.