Prentsa Aretoa
Berriak
2015/05/10
Hauteskunde hauetan “EAJ-PNV-ren lana, eta ekintzen eta besteen esperimentuen artean” aukeratu behar dela esan du Unai Rementeriak
Bizkaiko ahaldungaiak EAJ-ren eguneroko lana azpimarratu du, ideiekin, proiektuekin eta ilusioarekin jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko, eta, era berean, Koldo Goitiak, Lekeitioko alkategaiak, herriak aldaketa behar duela aldarrikatu du, “ezin baita beste lau urtetan ilunpetan egon”
Unai Rementeriak EAJk egiten duen eguneroko lana aldarrikatu du gaur Lekeition egindako agerraldian, ideiekin, proiektuekin eta ilusioarekin jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sorkuntza bultzatu eta Bizkaia hobe bat eginez. Emaitzek, esan du Bizkaiko ahaldungaiak, izen-abizenak dituzte. “Ez dira hitzak, ekintzak baizik. Albiste onak dira gure lurraldearentzat”, azpimarratu du, azken astetan industrian izandako albiste pozgarrien inguruan. “2.319 langabe gutxiago daude Bizkaian; Gestampek mundu mailako prestakuntza zentroa Boroan ezarriko du; TysenKruppek Ikerketa eta Garapen zentroa eraikiko du Zamudion; Alstomek instalazio berria eraikiko du Ortuellan; PCBk azken berri ona eman digu Sestaon instalazio berri batean inbertituko dituen 20 milioi horiekin eta Ezkerraldean eta Bizkaian sortuko dituen 200 lanpostu berriekin; eta Lointek-ek lantegi berria zabalduko du Bilboko Portuan”.
Rementeriak azpimarratu nahi izan du albiste guzti horiek ez direla hitzak soilik, ekintzak baizik. “Hauxe da hauteskunde hauetan erabakitzen duguna”, esan du; “EAJren lana eta emaitzak, Sestaoko PCBren 200 lanpostuak esaterako, edo besteen esperimentuak. Ez da esperimentuak egiteko unea. Kalitatezko enplegurako unea da. Suspertzea dago jokoan, geldialditik irtetea dago jokoan. Eusko Alderdi Jeltzalean inoiz baino indartsuago gaude. Inoiz baino elkartuago. Eta politika, benetako politika, inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik EAJk Bizkaiari aldaketa, ilusioa eta politika egiteko beste modu bat dakarren belaunaldi berria eskaintzen dio. Aldaketa gara. Pertsona gazteak gara, eskarmentu handikoak eta ilusioz betetakoak. Gogotsu gaude. Eta 0,0 politikako pertsonak gara. Zero irain eta zero joko zikin. Hori da eskaintzen duguna: lan asko, ideia onak eta herritarren zerbitzura dagoen lantalde ikaragarria”.
Ildo horretatik, Lekeitiok aldaketa beharrezkoa duela aldarrikatu du Koldo Goitiak, EAJren herrirako alkategaiak. Azken lau urtetan “udal gobernuan egon den talde politikoaren kapazidade falta, gestio falta, inbertsio falta eta garbitasun falta” agerian gelditu dela esan du Goitiak. “Danok ikusi dugu herria zelan dagoen, utzita, loixago, mantenimendu barik, herrirako proposamen barik, herritarren beharrizanari erantzuteko kapazidade barik, ganorazko ezer egin barik”, gaitzetsi du. “Argi geratu da Lekeitiogaz eta lekeitiarrekin daukaten konpromisoa hutsaren parekoa dela”, jarraitu du jeltzaleak, zeinaren esanetan, herriak aldaketa behar du, “ezin baita beste lau urtetan ilunpetan egon”. “EAJ da aldaketa dakarren alderdia. Talde berri bat dakar. Freskotasuna, hurbiltasuna eta esperientzia dakar. Pertsona formatu eta apalez osatutako taldea dakar. Lekeitio berri bat egiteko ideia berriak ditugun pertsonak gara. Eta, batez ere, kriston ilusioa dugun pertsonak gara”, esan du.
Era berean, Goiak herritarren lehentasunak argi eta garbi zehazten dituen programa aurkeztu du. “Herriaren beharrizanei lotuta eta parte-hartzetik sortutako programa. 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute eta 150 proposamen baino gehiago jaso ditugu. Lekeitiorentzat etapa berri baten hasiera da lekeitiarren arazoak eta kezkak benetan konpontzeko sortua delako”. Goitiak esan duenez, lehentasuna Lekeition ekonomia berpiztea da, merkataritza, turismoa eta itsasoari lotutako jarduerak bultzatuz; baina baita gizarte babeserako eta egoera txarrenean daudenentzako tresnak hobetu ere, edota hezkuntza eta kirol ekipamenduak hobetzeko inbertsio plan bat garatu eta gauzatu eta San Andres eta San Juan auzoak konpondu, besteak beste.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25