Prentsa Aretoa

Berriak

2015/05/11

Ekonomia berraktibatzeko ziklo berri bat irekitzearen alde agertu da Basauriko EAJ-PNV, enpresa-proiektuak udalerrira erakarriz

Andoni Busquetek eta Pedro Azpiazuk, Kongresuan EAJ-PNVren bozeramaile ekonomikoa denak, datozen lau urteetan EAJ-PNVren ekintza planak helburu hori bultzatuko duela adierazi dute gaur. Horretarako, Basconiaren lursailetan jarduera ekonomiko edo mistoak har ditzan sustatuko dute eta kartzelaren eta kuartelen lursailak askatzeko eskatzen jarraituko dute.

rss Ezagutzera eman
Asier Iragorri, Andoni Busquet, Pedro Azpiazu eta

ARGAZKIA JAITSI

Andoni Busquetek, Basauriko oraingo alkate eta EAJ-PNVren alkategaiak, bere programak ekonomi sustapenaren, enpleguaren eta gizarte politikaren alorrean dituen ardatz nagusiak azaldu ditu gaur. “Pertsonetan” zentratzen jarraitzen duen plana da eta ekonomia berraktibatzeko ziklo berri bat irekitzea du helburu, beste gauza batzuen artean. Horretarako, enpresa-proiektu berriak erakarri nahi ditu udalerrira, inguruan lanpostuak eta jarduera ekonomikoa sor ditzaten. “Basaurik duen ahalmena ustiatuko dugu, aukerak eskaintzen dituzten lurzoruak dauzkagula aprobetxatuz (jabetza pribatu zein publikokoak, baina ez udalarenak) eta beste indargune batzuez baliatuz, esate baterako beste lurralde batzuekin ditugun lotura bikainak, sektore ekonomikoen dibertsifikazioa eta enpresa laguntzaileen presentzia handia”, zehaztu du.

Jeltzaleek alor ekonomiko eta sozialean Basaurirako dituzten laneko ildoak aurkeztu bitartean, Pedro Azpiazuk, Kongresuan EAJ-PNVren bozeramaile ekonomikoa denak, eta Andoni Busquetek udalerriarentzako aukerak eskaintzen dituzten lursailak berreskuratu nahi dituztela azaldu dute. Hori lortzeko, EAJ-PNVk datozen lau urteetarako prestatutako ekintza planak Basconiaren lursailek jarduera ekonomiko edo mistoak hartzea bultzatuko du eta kartzelaren eta kuartelen lursailak askatzeko eskatzen jarraituko du, Basauriren garapen ekonomikorako ahalmen handia duten lursailak direlako. “Lursail horiek estatuko organismo desberdinenak dira eta horiek udalerrirako berreskuratu eta erabili ahal izateko, Kongresuko EAJ-PNV taldearen laguntza izango du Basaurik. Azken horrek basauriarren interesak defendatuko ditu, beste batzuetan ere egin duen bezala", azaldu du Pedro Azpiazuk.

Zentzu horretan, Kongresuko talde jeltzaleak Basaurirentzako estrategikoak diren gaien defentsan bultzatutako beste ekimen batzuk aipatu ditu EAJ-PNVren diputatuak. Horien adibide dira estatuak Social Antzokitik Gastañabaltzaraino doan trenbidea estaltzeko proiekturako emandako aurrekontu orokorrari aurkeztutako zuzenketak. Jada egin dira zuzenketa horiek eta Basauriko Udalak 300.000 euroko partida lortu du estatuko kontuen kargura, eta jada eskaini du proiektuaren idazketa. Beste adibide bat litzateke ADIFek Basauriko Udalari Pozokoetxeko trenbide-eremuaren titulartasuna lagatzeko egindakoa, eta arrakastarik izan ez bazuen ere, "hori eskatzen jarraituko dute".  “Basauriko herritarren eskaera historikoa da hau, gure herriak komunitatearen eta estatuaren azpiegiturak jasan ditu eta jasaten ditu eta bada garaia besteek ere solidaritatea ager dezaten, herritarren solidaritatea konpentsatzeko. Horretarako, udalerria berregituratzeko eta aurrera egiteko baliotsuak diren lursailak ematea nahi dugu", esan du Basauriko alkateak.

“Ildo beretik, momentu honetan kartzelak eta kuartelek hartzen dituzten lursailak berriro ere herriarenak izateko eskatzen jarraituko dugu.  SEPES eragile modura inplikatu dadin ere eskatuko dugu berriz, Basconiaren lursailek enpresa-jarduera har dezaten”, azpimarratu du Pedro Azpiazuk. Andoni Busqueten esanetan, industriaren hedapenerako ahalmena duten eremuak dira eta hori dela-eta, EAJ-PNVk HAPOren berrikuspenean jarduera ekonomikorako lurzoru modura kalifikatzea proposatu du. Basconiako fabrika zaharra kokatuta zegoen orubearen kasuan, aldiz, jarduera mistoetarako lurzoru modura kalifikatzea proposatu dute. “Basauriko bizilagunek gauza bera nahi dute. Izan ere, udal hiri behatokiaren arabera, basauriar gehienek uste dute kartzelak (basauriarren % 67,8) eta kuartelek (basauriarren % 66,5) ez diotela udalerriari baliorik ematen", gogorarazi du.

Jarduteko alor berriak

Datozen hauteskundeetarako hautagaitzan jarraitzen duten Aitor Aldaiturriaga Ekonomi Sustapen eta Enplegurako zinegotziarekin eta Asier Iragorri Gizarte Politikako zinegotziarekin batera,  Andoni Busquetek Basauriren “izaera industrialari" egin dio erreferentzia. Udalerriak mantendu behar duen nortasuna da, "baina jarduteko alor estrategiko berrietarantz ere orientatu beharra dago, garapen ekonomikoa sustatzeko eta basauriarren enplegurako aukerak hobetzeko. Ildo horretatik lan egingo dugu, legegintzaldi honetan horretan aritu baikara jada”, adierazi du. Zentzu horretan, lan-jarduera eta jarduera ekonomikoa sortzen lagundu beharra dagoela azaldu du, eta lurralde mailan markatutako garapen ekonomikorako alderdi estrategikoetan sakontzen duen bestelako jarduera ekonomikoari bultzada eman behar zaiola.

Bere aburuz, epe ertain edo luzera nabarituko ditugu ekintza horren emaitzak baina guztiz beharrezkoa da Basauriren etorkizunerako. “Udalerriko prestakuntza- eta enpresa-sarea dibertsifikatuko dituen egitura bat sortu beharko dugu, egun Basaurin ditugun enpresa handiekin lanean jarraitzeko, gurekin beste hainbat urtez egon daitezen. Baina aldi berean, estrategikoak diren eta gerora haz daitezkeen beste negozio-proiektu batzuk bultzatu behar ditugu”, hausnartu du.

Andoni Busquetek azpimarratu duenez, “proiektu horiek herriaren eta udalerriaren proiektuak izan behar dira eta ez alderdiarenak. Horretarako, zuhurtasunez lan egiten eta indar politiko eta instituzio guztien ekarpenak biltzen jarraitu beharra dago, landuz joan garen ildoari eutsiz”.

Ekonomia eta enplegua sustatzeko EAJ-PNVren programak epe labur eta ertainerako beste ekintza batzuk ere barne hartzen ditu, Behargintzaren bitartez enplegagarritasuna hobetzen eta autoenplegua eta enpresa txiki eta ertainak babesten jarraitzea, esaterako. Ezin ahaztu dezakegu 2011tik 2014ra bitartean Behargintzak 263 enpresa sortzea bultzatu duela eta horiek 419 lanpostu sortu dituztela. Laneratzeko eskaintzen duen zerbitzuari esker ere 442 kontratazio egin dira. 850 pertsona baino gehiago daude berriro lan merkatuan”, gailendu du Andoni Busquetek.

Gainera, hautagaitza jeltzaletik diru-laguntzak eta merkataritza eta ostalaritza sustatu eta dinamizatzeko neurriak mantentzea planteatu dute, eta ekonomia eta lanpostuak haztea sustatzeko neurri fiskalak ere bai.

Gizarteko kolektibo ahulei eman beharreko laguntzari lehentasuna ematea

Gizarte politikari dagokionez, EAJ-PNVtik gizarteko kolektibo ahulenei eman beharreko laguntzari lehentasuna ematen jarraituko dutela bermatu du Andoni Busquetek, “orain arte egin den bezala". Horretarako, ahulezia egoeran dauden basauriarrak babesteko konpromisoa hartu dute, Udaleko gizarte zerbitzuei beharrezko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak emanez. Gizarteratzeko Batzorde bat sortuko dutela ere adierazi du. Alor horretan aritzen diren bi kolektibo nagusik osatuko dute, jarduketak koordinatzeko eta arrisku edo babesgabetasun egoeretan estaldura eraginkorragoa eskaintzeko.

Adinekoak ere izango dira EAJ-PNVren gobernatzeko lanaren oinarrietako bat. Zahartze aktiborako politikak sustatzen eta autonomia pertsonala mantentzeko laguntzen jarraituko dute, osasun fisiko, psikiko eta sozialaren arloan ohiturak eta ekintzak bultzatuz eta prestakuntza eta aholkularitza eskainiz, ikastaroen, tailerren eta laguntza instituzionalaren bitartez. Beste proiektu jeltzale bat izango da adinekoen beharrizanei buruzko azterlan bat egitea. Horretarako, lehen eskutik entzungo dituzte haien eskaerak eta txosten horretan bildutako ekintzak gauzatzen hasiko dira. Adinekoen bizi-kalitatea, parte-hartze soziala eta ahalduntzea hobetzeari buruzko gaiak aztertuko dira txosten horretan, haientzako atsegina den hiri bat sortzen lagunduko diguten ekintza batzuk sustatzeko", argitu du Andoni Busquetek.

Azken lau urteotan egin duen bezala, EAJ-PNVk berdintasunaren politikak indartzen jarraituko du, Basaurik alor horretan erreferentziazko udalerria izaten jarrai dezan.