Prentsa Aretoa

Berriak

2015/05/16

Rementeriak Enkarterriren kemenari dei egin dio, denen artean eskualdeko herritarren eta kalitatezko enpleguaren aldeko lana egiteko

Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaiak baieztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak “alfonbra gorria” jarriko diola “herrialdean jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko borondatea erakusten duenari”

rss Ezagutzera eman
Rementeriak Enkarterriren kemenari dei egin dio, denen artean eskualdeko herritarren eta kalitatezko enpleguaren aldeko lana egiteko

ARGAZKIA JAITSI

Balmasedan, maiatzaren 16an. Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaiak Enkarterrietako indarrari eta kemenari dei egin die elkarrekin eskualdeko pertsonen eta kalitatezko enpleguaren alde egiteko. “Krisia gogorra izan da Bizkaiarentzat. Baina bereziki Enkarterrirekin. Eskualde honetako sinbolo industrial batzuek itxi egin behar izan dute. Une itogarriak izan dira batzuetan… eta oraindik ari gara zartako gogor horiek sentitzen. Jakin badakizue Aldundia ekinean aritu izan dela. Ezagutzen duzue zuen alde egin dugun lana. Noraino murgildu garen. Imanol Pradales, Batzar Nagusietarako Enkarterriko zerrenda-burua buru belarri sartu da, eta hauxe da bere lana eskertzeko momentua”, esan du hautagai jeltzaleak. Era berean azpimarratu duenez “lan eta inplikazioarekin, enpresa batzuk berriz zabaltzeko ahaleginak egin ditugu, inbertsoreak bilatzen aritu gara, lanpostuak mantentzea adosten, alternatibak bilatzen…”. Zentzu horretan gogoratu duenez “ Duela hilabete batzuk Virtisu berriz ere zabaltzeko gai izan ginen eta enpresak lanean segitzen du Zallan, bide onean doaz, inbertitzen ari dira, hazten… etorkizuna dute”. Antzinako Pasguren-en egitasmo industriala sortu da eta enplegua sortzen hasi dira. Balmasedan ere, duela bi urte, akordio bat lortu zen industrialde berrira Fabio Murga lantegia eramateko. Enkarterrietako enpresa ezagun batek, Urbegik, 300 lanpostu sortu ditu eta sustatzaileek sei enpresa industrial berri egiteko erabakia hartu dute, eskualdeko emakume eta gizonekin. “Eta gu, lan horretan laguntzen ari gara. Zelan ez!” esan du.

“Horiek dira egintzak. Horiek ez dira hitz hutsak. Enkarterrirentzat eginak dira. Bizkaiarentzat eginak. Batzuei hitzekin betetzen zaizkie ahoak. Guk hitzak egintzez betetzen ditugu” esan du Rementeriak, Aldundiak berdin segituko duela gogoratuz, hor, beti hor, enpresekin soinez soin lan egiten, hori delako herria aurrera atera nahi duen herriaren borondatea eta izpiritua: “Aldundiak alfonbra gorria jarriko dio Bizkaian jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko borondatea erakusten duenari. Sestaon ere PCB-ri jarri diogun bezala. 20 milioiko inbertsioa eta kalitatezko 200 enplegu Ezkerraldearentzat. Erandioko Vicinay-ri jarri diogun bezala. Kalitatezko beste 40 lanpostu berri eta lehengo 170 lanpostuak mantentzeko. EAJ-ren aldetik lan horri ekiten diogu. Bizkaiak aukera paregabea dauka orain. Ziklo ekonomikoa aldatzear dago. Geldoa, bai, baina aldaketa. Eta, hobera egiteko. Ezin dugu huts egin. Suspertzea dugu jokoan. Enkarterrien suspertzea, Bizkaia osoaren suspertzea. Maiatzaren 24an horixe hautatuko da. Eta guk gizarte osoari eskaini nahi diogu gure egintzen abala. Egintzak, eta ez hitz hutsak”.

Goiburu berbera gogoan, Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, aldarrikatu du EAJ-PNV-k ondo dakiela hitzak egintza bihurtzen. “ Pertsonekin egiten dugu, guk daukagun onenarekin. Gure helburua eta goiburua pertsonak badira, aldaketak ere ekarri behar du gure onena beren zerbitzura jartzea: gure hautagaiak” esan du. “Eta, horren adibide dira Alvaro Balmasedan, Unai, Ana, Imanol eta Ibone Bizkaian… baina, horiek ere badira herri guztietan beren udalerriak hazi arazteko pausua eman duten ehunka emakume eta gizonak”. Bizkaiko jeltzaleen buruak esan duenez “guk ez dugu bakarrik lan egiten; ezin dugu eta ez dugu nahi. Balmaseda, Bizkaia eta Euskadi txikiak gara eta gure artean egin behar dugu indartsu izateko” eta erakunde guztien artean lan egiteko aldarria egin du, “baita merkatariekin ere, ekintzaileekin, enpresariekin, elkarteekin… eta hori, gaur egun, Euzko Alderdi Jeltzalearen lidergoak baino ez du lortuko” azaldu du. “Balmaseda zenbat eta hobeto egon, orduan eta hobeto egongo da Bizkaia osoa; eta, Bizkaia zenbat eta hobeto egon, orduan eta hobeto egongo dira Bizkaiko herri guztiak. Guk egiten dakiguna egiten segituko dugu: lan,lan eta lan. Eta egintzak, egintzak eta egintzak aurkezten segituko dugu. Gure eredua egintzetan oinarritzen delako, eta ez hitz hutsetan” ezarri du.

Álvaro Parro, Balmasedako EAJ-PNV-ren alkategiak, bere aldetik, Severino Deuna Enparantzan elkartu diren alderdikide eta alderdizaleei esan dienez “EAJ-PNV da, Balmasedan ere, etorkizunik onena. Egitasmoa daukagu, ideiak, ilusioa eta esperientzia eta odol berria uztartzen dituen lantaldea”. Gainera, talde jeltzaleak orain arte egin duen kudeaketa lanari esker “udal kutxa egoera onean dago, 700.000 euroko kutxako soberakina daukagu hiribilduari eta herritarrei egintzak eskaintzen segitzeko”.