Prentsa Aretoa
Berriak
2015/05/19
Rementeriak igandean bozkatzeko deia egin du “etxean geratu eta botoa ematen ez badugu, oso ezusteko txarra izan dezakegu”
Ahaldun nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak esan duenez “inkesta guztiei buelta eman behar diegu, partida hau oraindik ez dugu irabazi eta boto guzti-guztiak lortu behar ditugu”
“Etxean nago” esanez hasi du agerraldia gaur arratsaldean Unai Rementeriak Bermeon. Amaren herria da, eta bertan bizi eta ikasi zuen ahaldun nagusigaiak. “Onean eta txarrean egon gara, baina batez ere, momentu zailenetan, izan ere, holakoetan da benetan egon behar denetan. Alde zaharreko sutea edota denboraleak eragindako sarraskian, hala nola. Momentu okerretan ere, egoten jakin behar da, baina ez egoten soilik, ahal den neurrian laguntza ematen ere jakin egin behar da”, azpimarratu du Rementeriak. Hala, EAJ Bizkaiaren alde lan egiteko dagoela adierazi du, erasorik gabe, trikimailurik gabe eta edozein bizkaitarrek eguneroko lanean jarri ohi duen gogo eta ahalegin berarekin “ilusioa, ideiak eta proiektuak” uztartu egin behar direla berretsi du. “Horixe berori da EAJk eskaintzen duena: gure lurraldea eraikitzen jarraitzeko konpromisoa. Eta horretarako, lana eta ilusioa batuz lortuko dugu. Eta horixe da domeka honetako erronka, orain arte egin izan dugun bezala Bizkaia eraikitzeko bideari jarraipena ematea, ala orain arte eraiki duguna hautsiko duten horiei bidea zabaltzea. Hori da domeka honetan bozkatuko duguna: eraikitzea ala haustea. Zubiak ala harresiak. Baietza ala ezetza. Eta zuena da erabakia, zuen bozka izango da gure lurraldeari norabidea emango diona”, adierazi du.
Rementeriak berretsi du “ilusio handia” daukala Bizkaiak geldiune honetatik irteteko duen urrezko aukeraz. “Gure gizartea, heldua izateaz gain, oso prestatuta dago. Gure gizarte-sareak ez du inor baztertzen, lehen mailako zerbitzu publikoak dauzkagu, hazi nahi duten enpresez inguratuta gaude, eta erakundeetan, behintzat Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, jarrera argia da: gure herrialdearen aldeko lana, eta beraz, gure herrialdea haztearen aldeko lana”.
Ildo horretatik, Bizkaiko ahaldun nagusigaiak esan du poztekoa dela langabeziaren inguruko azken datuek diotena, hala, enplegua eta enpresa berrien kopurua hazi egin da. Gauzak horrela egun, Bizkaian 2.319 langabetu gutxiago daudela eta PCB, Lointek, VIcinay edota Bricomart enpresak Galdakon ezartzeko egingo duen 14 milioi euroko inbertsioa azpimarratu ditu. Azken honek esaterako, 110 lanpostu zuzen eta 25 bat zeharkako lanpostu sortuko dituela azaldu du. “Hauxe da gure eskaintza: ekintzak, albiste onak, eta kalitatezko enplegua. Igande honetan hautestontziak guzti horrekin betetzea eskatzen dizuet: ilusioa, jarduera ekonomikoa, enplegua… Etxean gelditzen bagara botorik eman gabe atsekabea izan dezakegu. Atsekabe larria, gainera. Partida hau ez dago irabazita. Ezta gutxiagorik ere. Inork ez du aldageletatik partidarik irabazten. Partidak zelaira irtetzean irabazten dira. Etxetik irten eta botoa ematera joan behar gara. EAJri botoa ematera. Inkesten emaitzak irauli egin behar ditugu. Inkestek diotenak baino gehiago izan behar gara, askoz gehiago. Botoen azkena lortu behar dugu, ezinezkoa dirudiena ere. Lana daukagu oraindik egiteke, lan asko”, aldarrikatu du.
Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako EAJ-PNV-ko hautagiak, baieztatu du EAJ-ren jokamoldea dela “egitea eta egitea”, hau da, Bizkaia hazi arazteko egintzak eta ekimen berriak aurkeztuz. “Gure egitasmoa eta gure hautagai zerrendak osatzen dituzten pertsonak ezagutzera emanez egiten dugu. Egintzak eta baloreak bai; hitz hutsak eta irainak, ez”. Bere hitzetan “eredu eraginkorra daukagu (enpresa babestea, ekonomia produktiboari eta ekintzaileei laguntzea); arretarik handiena emango diegu aukera ekonomikoak sortzen lagunduko duten egitasmoei, sektore berriei,kanpoko merkatuei, eta arreta berezia jartzen dugu gazteei dagokien guztian (enplegua, emantzipaziorako eta bizitzeko egitasmoa eraikitzeko oinarri gisa, aholkularitza, prestakuntza eta egitasmoak finantzatzea)”. Azken finean “lehentasun argiak dituen egitasmoa, erantzun eta konpromiso irmoekin. Guk egin egiten dugu” esan du Bizkaiko jeltzaleen hautagaiak. Herrialdea eraikitzen segitzeko, bertaratu guztiei eskatu die igandean EGI gazte erakundearen goiburuarekin bat egitea eta botoa eraikitzeko eta gizartegintzan aritzeko tresna gisa erabiltzea. “Euskadi, hitz hutsez baino, ekintzen bidez eraikitzeko, igandean EAJ-PNV bozkatu beharra dago”, ezarri du.
Aritz Abaroak Bermeoko alkaterako hautagaiak ere hitz egin du gaur arratsaldean Artza pilotalekuan egin den mitinean. Alkategaiak, hitz egiten hasi orduko, bertaratu guztiei adierazi nahi izan die bere esker onik beroena, eman dioten babes eta laguntasunagatik: “Ohore handia da milaka bermeotarren izenean aurkeztea eta guztion babesa eta indarra sentitzea”. Abaroak azpimarratu duenez, berak eta bere lantaldeak egin duten egitasmoa “denon artean egina da; talde lana izan da, herritarrekin, enpresekin, erakundeekin...” eta argi eta garbi esan du erantzukizun errealei ekiteko ordua dela azken lau urteotan oraingo gobernu taldeak sortarazi duen “gatazka politikoaren eta gelditasunaren aurrean”. “Bermeo modernoa, garbia eta baikorra nahi dugu, aurrera begiratuko duena; enplegu aukerak emango dituen herria, nazioarte mailan ondo kokatua, mundura irekia eta denontzako bizitza kalitatea eskainiko duena (ume zein gazteentzat, heldu eta nagusientzat); baina, gauza guztien gainetik, errespetuan eta zintzotasunean oinarrituta eraikiko dugun Bermeo herria. Eta hori dena egingarria da, gure hauteskunde egitasmoan jasota dago, ez dut ezer ere asmatzen”, gaineratu du hautagaiak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25