Prentsa Aretoa
Berriak
2015/05/20
Urkulluk “egintzen bidez” aldarrikatu du EAJ-PNV-ren konpromisoa; eta enpleguan, industrian eta eraikuntzan eman diren aurreikuspen onak betetzeko hitza eman du
Lehendakariak Barakaldotik egin du EAJ-PNVren alde bozkatzeko aldarria “boto probetxugarria, hazteko, industria suspertzeko, gazteen enplegua bultzatzeko”; eta Ortuzarrek iganderako iragarri duenez “Muskizetik Barakaldoraino, bederatzi udalerri egongo dira gorri, zuri eta berdearekin lerrokatuta”, EAJ-ren aburuz “ideien dogmatismoaren gainetik pertsonei eman beharreko arreta dagoelako”.
Andoni Ortuzarren hitzaldia Barakaldon
HITZALDIA - 2015/05/20Urkullu lehendakariaren hitzaldia Barakaldon
HITZALDIA - 2015/05/20Unai Rementeriaren hitzaldia Barakaldon
HITZALDIA - 2015/05/20Amaia del Camporen hitzaldia Barakaldon
HITZALDIA - 2015/05/20
Argazkiak...
Guztiz bateragarria da pertsonen esparruan eta gizarte konpromisoaren alorrean adi dagoen herria eraikitzea eta, aldi berean, arlo ekonomikoan haziko den eta enplegua sortuko duen herria egitea. Kontzeptu bi horiek bateragarriak dira eta, ez hori bakarrik. Egingarria ere bada krisi egoera batean. Eta, herri hori, Euskadi da. Iñigo Urkullu lehendakariak Barakaldon aldarrikatu du, gaur, Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNV-k gorpuzten duten eredu soziala, eta bere ahalegin guztia, bere Jaurlaritzarena eta eusko gizarte osoarena, denok daukagun helburu estrategikoari begira jarriko dituela esan du: azken asteotan ezagun izan diren aurreikuspen ekonomiko onak betetzea, zeinen bidez 2015 urtean enpleguaren sorreran eta BPG-aren hazkundean gorakada nabarmena aurreikusten den, industriaren, turismoaren eta eraikuntzaren hobekuntzaren bultzadaz. Urkullu gaur izan da Barakaldoko Foruen Plazan ia mila bat pertsonen aurrean egin den ekitaldi politikoan. Ondoan izan ditu EBB-ren presidente Andoni Ortuzar, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai Unai Rementeria eta Barakaldoko alkategai jeltzale Amaia del Campo.
“Hiru konpromiso dira gure ezaugarri nagusiak: zorroztasuna, sentsibilitatea eta etorkizuna” esan du Urkulluk, Eusko Jaurlaritza zuzentzeko lanean “zorroztasunari” jarraiki egiten diola gogoratuz. “Jaurlaritzaren lehen neurria izan zen goi karguen kopurua %20 murriztea, eta une honetan 200 milioi euro gutxiago da erakunde publikoetako ohiko gastua. Aurreko Gobernuak (Patxi Lopezena) sartu zuen kopurua baino 6.780 milioi gehiago gastatu zituen, guk defizita murriztu dugu eta Euskadik zero defizita izango du datorren urtean. Horiek dira egintzak” baieztatu du. “Sentsibilitatearen” konpromisoaren alorrean, lehendakariak zera gogoratu nahi izan du “Euskadi da Osasunean, Hezkuntzan eta Gizarte Prestazioetan gehien inbertitzen duen erkidegoa. Aurten 482 milioi euro inbertituko ditugu Sarrerak Bermatzeko Errentan, Etxebizitzarako Osagarrietan eta GLL-etan. Euskadi biztanleriaren %5 izanda ere, estatuko osoan inbertitzen denaren %40 jartzen du gizarte kohesioan. Egintzak”. Eta, “etorkizun” alorrean, Urkulluk “Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Plana” gogoratu du. “Plan horretan 2016 urte bitartean egingo da 6.475 milioi euroko inbertsioa”. Zentzu berean gogoratu ditu toki eta eskualdeko enplegu planak, enpresa eta industria babesteko planak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan 2020 urtera arteko eperako konprometituta dauden 11.100 milioiak. “Lan egiten segituko dugu, Euskadik hazten segi dezan” bermatu du Urkulluk. “Industria hazi da, inbertsioa hazi da, esportazioak hazi dira. Turismoa ere %10 hazi da eta 2008 urtetik lehen aldiz, eraikuntza sektorea ere bai. Enpresa munduak %2,7ra igo du 2015 urterako BPG-aren hazkundea, eta enplegu gehiago sortu ahalko dira. Konfiantza, inbertsio eta enpleguaren momentua da. Euzko Alderdi Jeltzalearen momentua”. Horregatik guztiagatik, Urkulluk azpimarratu du igandean, maiatzak 24, EAJ-PNV bozkatzeak duen garrantzi handia. “Botoa eskatzen dugu elkartzeko, inbertitzeko eta hazteko. Enpleguak sortzen segitzeko, banan-banan, pertsonaz pertsona. EAJ bozkatzea da hazteko boto probetxugarria, inbertitzeko eta gazte enplegua sustatzeko. EAJ-ri emaniko boto guztiak probetxugarriak izango dira elkarrekin egiteko eta elkarrekin hazteko”.
Andoni Ortuzarrek baieztatu du Barakaldok berehalako aldaketa behar duela “haizea kutsatzen hasia delako. Udaleko leihoak ez dira urte luzetan ireki eta dekretu agindu bidez gobernatu dute. Gardentasunik gabe. Elkarrizketarik gabe. Barakaldo beren finka partikularra balitz bezala. Heldu da Udaleko ateak eta leihoak irekitzeko ordua. Auzoetara irekitzea, elkarteetara, jendearen kezkak entzuteko. Apaltasunez gobernatzeko ordua da, gardentasunez, ideiak, egitasmoak eta ardurak partekatuz. Barakaldok estilo berria behar du, Amaia del Camporen estiloa”. Jeltzaleen buruak baieztatu du PSEk Meatzaldea eta Ezkerraldea “EAJrengandik defendatzeko” jarri duen gerriko gorriaren aurrean, igandean “udalerri gehiago izango dira lotura horretatik askatuko direnak”, “bederatzi udalerri egongo dira ilusio gorri, zuri eta berdearekin lerrokatuta”. “Eta, badakizue zergatik gertatuko den, orain dela urte batzuk ezinezkoa zen hori? Funtsezko gauza bat ulertu dugulako: ideien dogmatismotik harago, pertsonei eman beharreko arreta eta babesa dagoelako. Gure arreta guztia, pertsonen beharretan, kezketan eta arazoetan jarri dugulako. Eta, “eginahalak eta bi egin ditugulako, pertsonen beharren neurrirako auzoak, udalerriak eta eskualdeak eraikitzeko. Hemengoak garelako eta hementxe bertan bizi garelako. Gu ez gara Castrora joan” amaitu du jeltzaleen buruak.
Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak baieztatu du hauteskundeak igandean amaitzen diren arren, EAJ-PNV-k astelehenean kanpaina egiten segituko duela, kanpaina egunez egun eta egintzen bidez egiten delako. “Ondotxo dakizue eskualde honetan. Duela urte batzuk hemengo albistea zen enpresak eskualdetik irteten ari zirela. Oraingo albistea da enpresak hona datozela. Baina, zergatik datozen? Lehenengo eta behin, enpresa horiek bilatzen dituen Alderdi bat dagoelako: EAJ. Hemen oso kezkatuta gaude enpleguaz, baina enpresak ekartzen dituen bakarra EAJ da. Bakarra. Eta, enpresa horiek hona datoz gutaz fidatzen direlako, gure erakundeez, gobernatzeko dugun moldeaz. Jakin badakite guk ez dugula esperimenturik egingo. Horregatik etorri da PCB Sestaora. 20 milioiko inbertsioa eta kalitatezko 200 enplegu. Horregatik joan da Lointek Bilboko Portura. Kalitatezko beste 40 lanpostu. Eta, horregatik joan da Bricomart Galdakaora. Kalitatezko 110 enplegu. Ilusioa ekartzen ari gara Ezkerraldera eta Bizkaia osora”.
Amaia del Campo, Barakaldoko jeltzaleen alkategaiak azpimarratu duenez “igandean Barakaldoren etorkizuna izango dugu jokoan, eta bi ereduren artean aukeratu beharko dugu”. Del Campok azaldu bezala, “alde batetik dago PSE-ren eredua: zaharra da, ez du balio, ez du ideiarik, herritarrengandik urrun dago. Hiri eredua Udaletxeko bulegoetan erabaki eta inposatu dute, herritarren beharrei eta proposamenei bizkarra emanda”. Eta, bestetik dago EAJ-PNVren eredua: Gure Udaletxeko ateak eta leihoak ireki nahi ditugu, haize freskoa sar dadin eta barakaldarrak protagonista izan daitezen. EAJ-PNVren aldetik argi eta garbi daukagu Alkateak Barakaldoko herritarren zerbitzura egon behar duela, eta ez bulegoan sartuta. Alkateak kalean egon behar du, zuekin, herritarrei entzuten, zuen kezkak eta ardurak entzuten. Bulegoetatik ezin da, Udalean hartzen diren erabakiek aurpegiak eta begiak dituzte, zuen aurpegiak eta zuen begiak” amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25