Prentsa Aretoa
Berriak
2015/06/13
EAJ-PNV-k Bizkaiko 112 udaletatik 65etan gobernatuko du, horietako 41etan gehiengo absolutuarekin
Udalak osatzeko bilkurak gaur goizean gauzatu dira eta hauetan EAJ-PNV-k Bizkaian duen lidergoa agerian geratu da
Gaur goizean udalak osatzeko egin diren bilkuretan agerian geratu da EAJ-PNV-k Bizkaia osoan duen lidergoa, Bizkaiko herrialdeko 112 udalerrietatik 65etan gobernatuko duelako. Azpimarratu beharra dago talde jeltzaleak 41 udalerritan gehiengo absolutuarekin gobernatuko duela.
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan Bizkaiko EAJ-PNV-ren 68 hautagai zerrenda izan ziren beren udalerrietako bozkatuenak. Dena dela, gaur goizean udalak osatzeko egin diren osoko bilkuretan, gehiengo ezberdinek eragotzi egin dute EAJ-PNV-k Bakio, Plentzia eta Arteako alkatetzara iristea, EAJ-PNV herri horietako zerrenda bozkatuena izan den arren.
EAJ-PNV-k irabazi egin du Bizkaiko herrialdeko udalerri nagusietan, hau da, Bilbon, Barakaldon eta Getxon. Horrela, Bilboko EAJ-PNV-ren zerrendaburu Juan Mari Aburto Bilboko alkate aukeratu dute 2015-2019 agintaldirako, talde jeltzaleko 13 zinegotzien eta talde sozialistako 4 zinegotzien babesarekin. Aburtok Ibon Areso Bilboko orain arteko alkate eta lagunaren eskutik jaso du Bilbo hiribilduko aginte makila. Areso hunkitu egin da alkate berriari aginte makila ematean. Aburtok, alkate bihurtzean, Bilboko herritarrei adierazi die bere esker onik beroena eta Bilborekin hartu duen konpromisoa azpimarratu du ; aldi berean hiria “harrotasun handiz, zintzotasun eta erantzukizun osoz” ordezkatuko duela berretsi du.
Barakaldok gaurtik aurrera izango du bere historiako lehen alkate andrea. Amaia del Campo Berasategi aukeratu dute Barakaldoko Udala eratzeko egin den osoko bilkuran, maiatzaren 24ko hauteskundeetan zerrenda bozkatueneko ordezkaria izan delarik. Del Campok bere esker ona adierazi die gaur Barakaldoko alkatesa bihurtzera eraman duten barakaldar guztiei “Barakaldoko edozein herritarrek izan dezakeen ohorerik handienetakoa da; eta , aldi berean, ardura handia” aitortu du. Osoko bilkura gela eta ondoko gela gainezka egon da gaur goizeko bilkurara hurbildu diren herritarrekin. Amaia del Campok bertaratu guztiei gogoratu die barakaldar guztien alkate andre izan nahi duela: “Ez dizuet huts egin nahi, barakaldar guztiok zuen alkatetzat jotzea nahi dudalako, iragan 24an bozkatu ninduzuenona zein ez. Orain eta hemen agintzen dizuet ahalegin guztiak egingo ditudala Barakaldo, Bizkaiko bigarren eta Euskadiko laugarren hiriko alkate izateak eskatzen duenari erantzuteko”.
Imanol Landa EAJ-PNV-ko zerrendaburua, eta azken zortzi urteotan herriko alkate izandakoa, datozen lau urteotarako udalerriko agintari gorena hautatu dute berriro. Landak EAJ-PNV-ko 9 zinegotzien eta PSE-EE-ko 2 zinegotzien botoak jaso ditu.
Hauetaz aparte, EAJ-PNV Bedia, Zeanuri, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo (Euzko Abertzalea-EAJ koalizioaren baitan), Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Sukarrieta, Amorebieta-Etxano, Berriz, Durango, Iurreta, Mallabia, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Güeñes, Turtzios, Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Zierbena, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Mungia, Derio, Erandio, Lezama, Loiu, Sondika, Zamudio, Barrika, Berango, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Sopela, Urduliz, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, Ugao-Miraballes eta Zeberioko alkatetzek kudeatuko ditu.
Nabarmenak...
FORUA
2026/04/22
BERRIA
2026/04/22
MURUETA
2026/04/21
ARRIETA
2026/04/21
LEIOA
2026/04/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












