Prentsa Aretoa

Berriak

2015/06/16

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak zuzenduko ditu “hurbiltasunean, konpromisoan eta errespetuan oinarrituta”

Euzko Abertzaleak Bizkaiko ganberako talderik handiena osatu du, guztira diren 51 ahaldunetatik 23 dituelako. Bizkaiko herrialdeko parlamentua osatzeko osoko bilkura gaur goizean ospatu da Gernikako Batzar Etxean.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Batzar Nagusiak gaur goizean eratu dira Gernikako Batzar Etxean ospatu den osoko bilkuran. Ana Otadui jeltzalea izango da Bizkaiko parlamentuko presidentea.

Osoko bilkura berean Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaia osatu da. Mahai anitza izango da, ordezkaritza duten bost taldeetatik lauren ordezkaritza izango duena. Mahai hau izango da ganberako gaiak eta denborak antolatzeko eta zehazteko ardura izango duena. Otadui presidenteaz gain, mahaia osatuko dute PSE-EEko Begoña Gilek, lehen presidente orde gisa; EH Bilduko Joseba Gezuragak, bigarren presidenteorde gisa; EAJ-PNVko Koldo Mediavillak, lehen idazkari gisa eta Ahal Dugu-Podemos taldeko Elsa Pamparacuatrok, bigarren idazkari gisa.

Goizeko bilkura honetan, Euzko Abertzaleak taldeko ahaldunek Bizkaiko legebiltzarrean dagokien esertokietan eseri dira eta erakunde honetako talderik handiena osatu dute, hau da, guztira diren 51 ahaldunetatik, 23 izanik.

Agurrak eta ongi etorriak

Gaurkoa egun hunkigarria izan da Euzko Abertzaleak taldeko guztientzat, hainbat agur eta ongietorriren lekuko izan direlako. Legegintzaldi honetan izango ez diren ahaldunez gain, Ana Madariagak bere agur hunkigarria adierazi du gaur goizean, Batzar Nagusietan 20 urteko etapa amaitutzat joz, azken 12 urtetan Batzar Nagusietako presidente izan delarik. Madariagak esan duenez “hauek urteak guztiak oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzan” eta Bizkaiko ordezkari guztiei eskatu die “etxe hau” ondo zaintzea.

Madariaga gaurkoan ere izan da Batzar Nagusietako aginte makila Ana Otadui alderdikidearen eskuetan jartzeko arduraduna. Batzar Nagusietako presidente berriak azpimarratu nahi izan du parlamentu hau “hurbiltasunean, konpromisoan eta errespetuan oinarrituta” gobernatuko duela eta lau egoitzak hiritargoarentzat eta turismorako irekitzeko duen borondatea berretsi du “neure egin nahi dut ‘eman ta zabal zazu’ goiburua, gure Arbolaren sustraiak mundu osoan zabaltzen segitzeko”.