Prentsa Aretoa

Berriak

2015/07/01

Rementeriak foru gobernu “indartsu eta egonkorra” aurkeztu du, Bizkaian suspertze ekonomikoaren, enplegua sortzeko ekimenaren eta hazkunde iraunkorrari ekiteko

Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai hautetsiak esan du Aldundi moderno, hurbil eta gardenagoa egiteko bidaiak atzera bueltarik ez duela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Bizkaiko ahaldun nagusia izendatzeko osoko bilkura
    2015/07/01

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI

Unai Rementeriak Bizkaiko Batzar Nagusietan karguaz jabetzeko diskurtsoan aurkeztu du gaur hastear dagoen legegintzaldiak ekarriko duen erronkarik handienari ekiteko foru gobernu “indartsu eta egonkorra”, hau da, Bizkaiko ekonomia suspertzea, enplegua sortzea eta hazkunde iraunkorra. Jeltzaleen hautagaiak, iragan maiatzeko hauteskundeetan Bizkaiko gizartearen gehiengo baten babesa jaso ondoren, gaur iragarri du ziklo ekonomiko berria hastear dagoela eta esan du bakean hastera doan legegintzaldian ere etapa berria hasiko dela politikaren duintasuna beste era batera lan egiteko eta jokatzeko molde berrien bidez berreskuratzeko. “Gaur hastera goazena,atzera bueltarik ez duen bidaia da, Aldundi modernoago,hurbilago eta gardenagoa egiteko. Aldaketarako bidaia izango da” aldarrikatu du Rementeriak. Aldi berean azpimarratu du eta eskertu du Jose Luis Bilbaok Bizkaiko erakunde gorenean egin izan duen lana. Rementeriaren esanetan Bilbaoren ahaleginak “herrialde oparoa eta Aldundi egonkorra” ekarri du.

Ahaldun Nagusi karguaz jabetzeko bilkuran, ahaldun nagusirako hautagaiak gizartea helburu izango duen foru gobernua osatuko duela iragarri du, hau da, lan egingo duen eta egiturazko soluzioak proposatuko dituen gobernua. Gobernu hau da -esan du Rementeriak- Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren artean eratu den koalizioak eskaintzen duena. Ezberdinen artean osatutako akordioa, alderdi bien gobernua eratzeko, “ez dira izango alderdi banako bi gobernu”. Eta, gobernu honetara gainerako alderdi politikoak ere gonbidatu ditu. “Konplize gehiago behar ditugu, babes gehiago, konpromiso gehiago, denok partekatuko dugun etorkizunarekin. Hitz egin eta adostu nahi duten guztiekin hitz egiteko eta adosteko borondatea daukagu” esan du Rementeriak bere diskurtsoan. Ahaldun nagusirako hautagaiak sozialistekin adostutako akordioa defendatu du, erantzukizunean eta eskuzabaltasunean oinarrituta bilbatu delako, biek partekatzen duten helburua lortzeko: ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, pertsonetan inbertitzen segitu ahal izateko. Jeltzaleak azaldu duenez, akordio hau lau ardatz nagusitan oinarritzen da: berdintasuna eta gizarte sarearen defentsa; eskualde mailako garapen orekatua; kalitatezko zerbitzu publikoak; eta erakundeen arteko koordinazioa.

Rementeriak hiritarren zerbitzura egongo den politika eskatu du, hau da, serioa, errespetua eta detaileak zainduko dituena, detaile pertsonaletik hasita, politikarien artean zaindu beharko diren jokaera zuzena eta elkarrekiko begirunea,alegia. Zentzu honetan, batzarkide guztiei eskatu die eredugarri izatea. “Eta inor baino lehenago, ni neu, jakina” esan du, oposizioko taldeei hitz egin baino lehen. Haien lana ere ondo hartu, errespetatu eta baloratuko duela esan du. “Jakin badakit gobernu on batek oposizio ona behar duela. Gobernu ona zuzendu nahiko nuke eta, beraz, emadazue oposizio ona nahi izateko aukera. Askatasun osoz burutuko den oposizio lana, baina heziketa onez eta joko zikinik gabe egina. Helburuen eta baliabideen inguruan eztabaidatzea proposatzen dizuet, baina inola ere ez jokaera eta portaeraren inguruan. Eta, beti egin dezagula Bizkaiaren eta Bizkaiko emakume eta gizon guztien defentsan” ezarri du.

Rementeriak iragarri duenez, foru gobernu berriak gizarteak politika gardenagoa, parte hartzaileagoa eta irekiagoa izateko eskariari erantzungo dio, eta gobernua osatuko duten pertsona guztiek “ahaldun nagusiarengandik hasita” Kode Etikoa izenpetuko dute. Berrikuntza berria iragarri du, Modernizaziorako,Gobernu Onerako eta Gardentasunerako Zuzendaritza Nagusia eratuko du oraingo Administrazioaren eta politika berriak eskatzen duenaren arteko zubia izango dena. Halaber, Bizkaia osorako behatoki bakarra jarriko da martxan, Bizkaiko Behatokia izenekoa, Aldundiak hartuko dituen konpromisoak gainbegiratuko dituena, hau da, betepen maila, gizartearen gogobetetze maila eta Administrazioaren eta hiritargoaren arteko harremanak.

Helburuak eta lehentasunak

Rementeriak erabakimenez eta ekimenez hartu du legegintzaldirako planteatzen zaion erronkarik nagusiena: ekonomia suspertzea, kalitatezko enplegua sortzea sustatzea eta era jasangarrian eta iraunkorrean haztea. Jeltzaleak aitortu du enplegua dela Bizkaiko biztanleriaren erronkarik nagusiena eta premiazkoena, eta zentzu honetan enpresek berebiziko egitekoa izango dutela esan du “enplegua ezin baita dekretuz sortu, baina erakundeen egitekoa bada lanpostu horiek sortzea ahalbidetzeko erabakiak babestea, bultzatzea eta ahalbidetzea”. Rementeriak bi gauza eskatu dizkie enpresariei. “Bizkaian inbertitzea segitzea eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzea. Enplegua sortzea delako egin daitekeen politika sozialik onena eta enplegua sortzea delako suspertzearen adierazlerik onena”. Horren truke baieztatu du enpresei eta inbertsoreei bermatuko diela gaur egun eskain dezakeen balorerik handiena: egonkortasuna eta ziurtasuna. “Egonkortasuna eta ziurtasuna nahaspilatuta agertzen den inguruaren aurrean, Bizkaia egonkortasuna da. Eta, egonkortasun hori izango dugu urte askotarako. Egonkortasun hori eta erakundeen lankidetza osoa eskaintzen ditut. Aldundia busti egingo da Bizkaiaren alde bustiko diren guztien mesedetan” esan du jeltzaleak. Zentzu berean azpimarratu du Bizkaia munduarekin konektatu nahi duela eta “misio nagusi eta transbertsal hori” Kanpo Ekintza Zuzendaritza berriak zuzendu eta kudeatuko duela.

Rementeriak euskal enpresa ereduan konfiantza osoa duela adierazi du, pertsonengan, printzipioetan, baloreetan eta lan gogorrean oinarritzen delako. “Eredu horretan sinesten dut. Euskal kultur enpresariala eraiki duten milaka enpresa txiki eta ertainen eredua. Dena emateko prest dauden enpresariak dira; beren egitasmoa aurrera ateratzearren, beren onena ematen duten enpresariak; kalitatezko enpleguak sortzen dituzten enpresariak. Aberastasuna banatzen eta gizarte orekatua sortzen laguntzen duten pertsonak” esan du , sindikatuei eta gizarte eragileei suspertzea erakunde eta enpresen lan esklusiboa ez dela gogoratuz “denak gaude itsasontzi berean. Denok egin behar dugu arraun, aberastasunaren banaketan, zeroren zatiketa, zero delako eta izango delako”.

Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak espero du ziklo ekonomiko berri honen hasierak horren gogotsu espero den suspertzea ekartzea, baina, heltzen den bitartean, inor bazterrean ez uzteko konpromisoa hartu du: “Denok ondoan ditugu krisiaren zartako gogorrak sufritzen ari diren lagunak. Arazo gehiegi eta itxaropen eskasa duten pertsonak dira. Pertsona horien ondoan gaude. Benetan. Pentsamenduz, hitzez eta egitez” esan du, Bizkaiak urteotan bilbatu duen gizarte sare unibertsal eta eraginkorra goretsi baino lehen. “Orain, sare hori zaindu behar da eta , gizarte zerbitzuen kartera berriarekin, bultzatu egin behar da. Eraginkortasunez eta jasangarritasunez egingo dugu. Hurrengo belaunaldiek estatu babeslea izatea bermatu behar dugu, eta ez zorrekin itota dadoen estatua” ezarri du.

Jasangarritasun horren parte nagusi dira diru sarrerak, baina horrek ez du esan nahi soilik fiskalitateari begiratu behar zaionik. Zentzu horretan esan du “lanak eginda” daudela iragan apirilean zergen erreforma integrala osatzeko egin zen ahaleginarekin. “Lan horren eragina ikusteko dugu oraindik” esan du. “Beraz, epe laburrean ez dut zergen erreforma integralik aurreikusten. Prest gaude berrikusteko eta eguneratzeko, fiskalitatea edozein herrialderen bizitza ekonomikoaren elementu dinamikoa delako, ziurtasun eta egonkortasun marko orokorraren barruan, betiere” iragarri du.

Era berean iragarri du Ekarpenen Lege berria negoziatzeko orduan Bizkaiak bere posizioa defendatuko duela, hau da “Aldundiari eta udalei behar besteko baliabideak bermatuko dizkion legea izan dadin, gizarte politikei eusteko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko, beste herrialdeekiko solidariotasunari uko egin gabe”. Forutasuna auzitan jartzen duten iritzien aurrean, Rementeriak iragarri du gobernu berriak foru erakundea babestu eta indartu egingo duela, hobeto gobernatu ahal izateko eta “foru erregimenaren defentsan” ez duela “milimetro bakarrean ere” amore emango; baina,aldi berean, ez dio atea itxi nahi foru erregimen hori garai berrietara egokitzeko prozesu adostua egiteko aukerari.

Jon Andoni Atutxak, Bizkaiko ganberako talde jeltzalearen bozeramaileak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai hautetsiak adierazitako konpromiso guztiak berretsi ditu, eta koalizioko gobernuak “gobernu egonkorra” bermatzen duela esan du erronkaz beteriko egoeran “gobernu indartsua da, aniztasunean eta askotariko ideologikoetan oinarrituta, bai. Ezberdinen arteko akordioan oinarrituta. Beharren eta jardueren inguruan egin den azterketa partekatuaren oinarrian”. Zentzu berean “akordioen balioa auzitan jarri dutenak” gonbidatu ditu Bizkaiko errealitateari begiratzea. “Gizarte anitza gara eta izango gara; guk horrela pentsatzen dugu eta horren arabera jardungo dugu. Erratuta daude gizarte hau akordiorik barik gobernatu, aurrera egin eta hazi ahal dela sinesten dutenak, porrot egin duten ereduen aldeko apustua egiten ari dira” ezarri du.