Prentsa Aretoa

Berriak

2015/07/01

Unai Rementeria, Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusi berria

Gernikako Arbolaren aurrean bere karguaren zina bete ondoren, Rementeriak adierazi du “apaltasuna, hurbiltasuna, leialtasuna eta lana” izango direla Ahaldun Nagusiaren eta bere lantaldearen kudeaketa lanaren ezaugarri nagusiak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Unai Rementeria gaur arratsaldez izendatu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi. Rementeriak lekukoa José Luis Bilbaoren eskutik jaso du, honek Bizkaiko Foru Aldundiaren zuzendaritzan 12 urte eman ondoren. Karguaz jabetzeko diskurtsoan Rementeriak Bilbaori eta bere lantaldeari eskertu nahi izan die aurreko urteetan guztietan egindako lana “kudeaketa zuzenaren eredurik onena zarete; Aldundi egonkorra uzten duzue eta, batez ere, muga oso goian jarri duzue”.

Euzko Abertzaleak taldeko kideen 23 botoekin eta PSE-EE taldearen 7 botoekin, Bizkaiko Batzar Nagusiek hautagai jeltzalea aukeratu dute hurrengo lau urteotan Bizkaiko Foru Aldundia zuzentzeko. Rementeriak enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko eta Bizkaiko gizarte sareari eusteko egiten duen apustua berretsi du, eta bere lantaldean sinesten duela baieztatu du “ lantaldeari nire konfiantza osoa, ematen diot” eta “lau gauza eskatzen dizkiot: apaltasuna, hurbiltasuna, leialtasuna eta lana”

Foru gobernu berriak pertsonak izango ditu helburu, haien alde jardungo du eta egiturazko konponbideak proposatuko ditu. Gobernu hau da -esan du Rementeriak- Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren artean eratu den koalizioak eskaintzen duena. Ezberdinen artean osatutako akordioa, alderdi bien gobernua eratzeko, “ez dira izango alderdi banako bi gobernu”. Eta, gobernu honetara gainerako alderdi politikoak ere gonbidatu ditu. “Konplize gehiago behar ditugu, babes gehiago, konpromiso gehiago, denok partekatuko dugun etorkizunarekin. Hitz egin eta adostu nahi duten guztiekin hitz egiteko eta adosteko borondatea daukagu” esan du Rementeriak.

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi bihurtuta, karguaren zina egin du Agirre Lehendakariak berak erabili zituen hitzekin “Jainkoaren aurrean apalik, Bizkaiko lur gainean zutunik, Asaben gomutaz, Gernikako zuhaitzpean neure agindua ondo betetzea zin dagit”. Ana Otadui, Bizkaiko Ganberako presidentea izan da Aginte-Makila Ahaldun Nagusi berriaren eskuetan jartzeko arduraduna. Hunkiturik, Unai Rementeria Bizkaiko Legebiltzarrean sartu da eta Jose Luis Bilbao orain arteko Ahaldun Nagusiari besarkada beroa eman ondoren, lehen eserlekuan jarri da, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren ohorezko tokian.

Foru gobernua

Foru Ahaldun Nagusiak horrela banatu ditu hurrengo legegintzaldirako erantzukizunak:

• Ibone Bengoetxeak zuzenduko du Administrazio Publiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Saila

• José María Iruarrizagak zuzenduko du Ogasun eta Finantza Saila

• Lorea Bilbao  arduratuko da Kultura eta Euskara Sailaz

• Teresa Laespadak eramango du Enplegu,Gizarteratze eta Berdintasun Saila

• Vicente Reyesek zuzenduko du Garraio,Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Saila

• Isabel Sánchez Roblesek zuzenduko du Gizarte Ekintza Saila

• Elena Unzueta arduratuko da Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaz

• Imanol Pradalesek zuzenduko du Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Saila