Prentsa Aretoa

Berriak

2015/10/13

Iurretak karpa finkoa jarriko du Askondoko oinezkoentzako gunean

Iurretaren helburuetako bat da herrigunea hobetzea eta birgaitzea, bideetako trafikoaren eta oinezkoen beharren arteko oreka lortuz

rss Ezagutzera eman
Iurretak karpa finkoa jarriko du Askondoko oinezkoentzako gunean

ARGAZKIA JAITSI

Hori dela eta, Udalak ezinbesteko du herrigunean aterpeko gune bat izatea, herritarrek kalean elkartzeko toki babestua izan dezaten eta euria denean ere ekitaldi desberdinak egin ahal izateko.

Askondo kaleko oinezkoentzako gunean 2016 urtean egingo da 300 metro koadroko zabalerako aterpea. Karpa garden finkoa jarriko da euria denean jarduera ezberdinak egin ahal izateko, edo, bestela ere, herritarrek beren aisialdian erabil dezaten. Ekimena herritarrei aurkeztu zaie eta ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko aukera izango dute gai honen inguruan eztabaidatzeko egingo den bigarren foroan.

Iurretako administrazioak beste urrats bat eman nahi du eta herritarrei ideia bat aurkeztu die herrian dagoen aterperik ezari erantzuna emateko. Udalaren helburua da behin betiko egitasmoa urte amaierarako bukatuta egotea. Ekarpenak egin ahalko dira Udalaren hasierako ideia hau hobetzeko, eta aukera hau hilaren 21ean , 19:00etan Ibarretxe Kultur Etxean egingo den foroan emango zaie.

Askondon jartzea pentsatu den karpa hau gardena eta arina izango da, ETFE materialez egina. Karpa sostengatuko duen egitura,ordea, egonkorra eta behin betikoa izango da. Eraikuntza berriak argiteria propioa izango du Led sistemaren bidez. Argiaren intentsitatea aldakorra izango da unean uneko beharren arabera.

Mikel Deunaren jaietan egiten diren herri bazkariez gain, karpa berri honek bestelako jarduerak hartu ahalko ditu,besteak beste, herriko merkatuak, kaleko antzezlanak eta abar. Umeen jolasgune ere izango da eta Dantzari kalearen luzapen gisa funtzionatu ahalko du.

Udala garatzen ari den plan honek ahalbidetuko du inguru osoa birsortzea eta une honetan nahiko narriatuta dauden egiturak konpontzea, besteak beste inguruko harresia edo medianak. Lasaitasuna areagotzen lagunduko duen gune honek herritarren bizitza kalitatea hobetzeko ere balioko du.