Prentsa Aretoa

Berriak

2015/10/27

Elorrioko EAJ-PNVk udal lanerako neurri zehatzak aurkeztu ditu “EH Bilduren desgobernuari erantzuteko”

“Beren kabuz gobernatzeko estiloa darabilte, erabakirik gehienak ez dira udal taldeen artean eztabaidatzen eta, gainera, guk ezinbesteko jotzen dugun tresnaz ahaztu dira: parte hartzea", dio Joseba Mujikak, Udal Taldeko bozeramaileak

rss Ezagutzera eman
Elorrioko EAJ-PNVk udal lanerako neurri zehatzak aurkeztu ditu “EH Bilduren desgobernuari erantzuteko”

ARGAZKIA JAITSI

Elorrioko alkatetzara iritsi eta 165 egun geroago, EH Bilduren kudeaketan “desgobernua, jarduerarik eza eta norabiderik eza” nagusi direla esan du Joseba Mujikak, Elorrioko Udaleko EAJ-PNVren Udal Taldeko bozeramaileak. “Beren kabuz gobernatzeko estiloa darabilte, erabakirik gehienak ez dira udal taldeen artean eztabaidatzen eta, gainera, guk ezinbesteko jotzen dugun tresnaz ahaztu dira: parte hartzea. Aipatu, une oro aipatzen dute; baina gero ez dute praktikara eramaten”, kritikatu du. Mujikak zentzu berean esan du EH Bilduk Alkatetza Dekretuen bidez gobernatzen duela. “Ez da gobernatzeko estilo gardena, hau da, aldebakartasunez egiten dute eta aurretiazko eztabaidarik bideratu gabe korporazioa osatzen dugun taldeen artean egiten diren batzordeetan”, deitoratu du.

Udal lan batzordeetarako deialdien ingurukoa da EAJren aldetik egin den beste kritika bat. Sortu diren zortzietatik bi daude, Herritarren Parte hartzea eta E-Administrazioa, eta Turismoa eta Ondarea, behin ere deitu ez direnak, eta gainerakoak behin baino ez dira egin. “Elorrio moduko Udal batean normalena da batzorde bakoitza bizpahiru astetan behin egitea”, salatu du jeltzaleen bozeramaileak. “Hipokresia da herritarren parte hartzea defendatzea eta parte hartze hori bideratzeko gaitasuna dagoenean, gai hori alde batera uztea”, esan du Mujikak, gai hori oraingo alkate andreak ekainaren 13an karguaz jabetzean eman zuen diskurtsoaren ildo nagusietako bat izan zela gogoratuz”.

Elorrioko EAJ-PNVren Udal Taldeak jakin nahi du zein den gobernu taldeak elorriotarren etorkizunerako garrantzizko jotzen dituen gai batzuen inguruan daukan irizpidea:

  1. Udal Gobernu Taldeak zer egitasmo planteatuko du hitzartuta dauden udaletxe osteko lurzoruetarako? Momentuz “orubeak hor daude, bertan behera eta erabilerarik eman gabe. Zorutik bota dira herritarren aurreikuspenak”, deitoratu dute jeltzaleek.
  2. Gobernu taldeak zer jarrera mantentzen du Argiñetako museoa egiteko egitasmoaren gainean?. “EAJ-PNVk azken urteotan inguru hori zaintzeko ahaleginak bultzatu izan ditu erakunde ezberdinen laguntzarekin; aldi berean, turismoa erakartzeko balio historiko handiko gune bilakatu da” defendatu dute.
  3. Nola dago 2016 urterako aurrekontuak egiteko prozesua? Urte amaierarako bi hilabete eskas falta direlarik “oraindik ez dakigu gobernu taldeak 2016 urterako zein aurrekontu aurreikusten duen. Ohikoa denez, hurrengo urteko aurrekontua ekitaldiko azken osoko bilkuran onartzen da, baina Ogasun batzordean gaia aipatu ez dela kontuan hartuta, biziki kezkatzen gaitu udalerriari gehien eragiten dion egitasmorik nagusiena epe teknikotik at geratu ahal dela pentsatzeak”, esan dute.

Aurreko legealdian, EAJ-PNVren gobernu taldeak parte hartze prozesua jarri zuen abian, aurrekontuak egiteko orduan herritarrei hitza emateko. “Kronograma bat eta protokolo bat genituen oso emaitza onak eman zituena; aurrekontu guztiak urteko azken osoko bilkuran onartu ziren, herritarrek eginiko ekarpenak barne” azaldu dute.

“Gu ez gaude prest lau urtetan ‘esan eta agindu’ jarrera horrekin segitzera. Elorrioren bidea markatu behar da”. Hori dela eta, EAJ-PNVk urte bukaera baino lehen aurkeztuko du herri honen etorkizunerako egitasmoa, bidea ondo ezarriko duten neurriekin; herritarren beharrak kontuan izango dituen egitasmoa; herri honen izaera eta nortasunari eutsiko dion egitasmoa eta, batez ere, herri honetan bizi diren guztien iritziak kontuan hartuko dituen egitasmoa”, esan du Mujikak.

Aurrerapen gisa, Elorrioko Udaleko bozeramaileak hainbat egitasmo planteatu ditu Elorrio geldituta geratzea saihesteko. Hauek dira nagusienak:

  1. Belengua kalea oinezkoentzako gune bihurtzeko egitasmoa
  2. Elizaldeko futbol zelaian belar berria jartzea
  3. Udaletxe osteko orubea esparru publiko bihurtzea eta horretarako egokitzea
  4. Argiñetako museoa egiteko egitasmoa martxan jartzea
  5. Elorrioko Enplegu Plana onartzea
  6. Udalerrian Turismo Gidaplana abian jartzea
  7. Elorrioko Gazteria Batzordea sortzea
  8. Gure herrian euskara normalizatzeko egitasmoa abian jartzea
  9. Gobernu irekiaren araudia sortzea (gardentasuna, parte hartzea eta kontuak azaltzea)
  10. Elorrion Energia Iraunkorrerako Plana abian jartzea

Auzoetan ur horniketarako sarea burutzeko egitasmoarekin segitzea