Prentsa Aretoa
Berriak
2016/05/16
Euskadiko Udalen Elkarteak hautagaitza bateratua berretsi du
EUDELen Batzar Orokorrak, gaur goizean Elgoibarren egindako bileran, maiatzaren 9an aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi du, Euskadiko udaletan ordezkaritza duten indarren artean adostasuna lortu ondoren.
Euskadiko udaletako alkateek, gaur goizean Elgoibarko Herriko Antzokian izan den Batzar Orokorrean, joan den maiatzaren 9an hainbat indarrek aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi dute aho batez, EUDELen, Batzorde Eragilearen eta hiru lurralde batzordeen organo berrietan Euskadiko tokiko gobernuetako sentsibilitate guztiak gehitzeko adostasuna lortu ondoren.
Emandako 811 botoen 808 botorekin (3 zuriak) onartu da hautagaitza bateratua. Getxoko alkatea, Imanol Landa, EUDELen elkarteburu aukeratu dute berriro, 2016-2019 aldirako. Irungo alkate Jose Antonio Santano 1. elkarteburuordea izango da berriro ere, eta Errenteriako alkateorde Garazi López de Etxezarreta 2. elkarteburuordea izango da.
Elkarteburuaz eta bi elkarteburordeez gain, Batzorde Eragile berria 12 kidek osatuko dute: 12 emakume eta gizon, hiru lurraldeetako zinegotziak, tamaina guztietako herrietakoak eta kolore guztietako tokiko gobernuetakoak.
Batzorde Eragileaz gain, gaurko Batzarrean EUDELen Lurralde Batzorde bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) 9 kideak ere berritu dira. Horietako bakoitzean, aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi da.
Egun historikoa eta hasiera berria
Berriro ere elkarteburu izendatu ondoren eman duen hitzaldian, Imanol Landak EUDEL indartzen duten “pluraltasun zabala eta adostasuna” nabarmendu ditu, “indar guztien eskuzabaltasunari eta adostasunerako borondateari esker”.
Landaren iritziz, gaurkoa “egun historikoa” da EUDELentzat, baita “hasiera berria” ere, Euskadiko Udalen Elkarteak egiten duen lanerako.
Udalek eta EUDELek une honetan dituzten bi erronkarik garrantzitsuenak ere aipatu ditu Getxoko alkateak. Lehenengo erronka Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea abian jartzea da. Imanol Landak azaldutakoaren arabera, “zeregin garrantzitsua” ematen dio EUDELi, araudi berria udaletan ezartzeko xedez; izan ere, oso beharrezkoa da, “Euskadiko tokiko autogobernurako berezko markoa” gauzatu ahal izateko.
EUDELen balioak
Bigarren erronka gisa, udalek tokiko gobernantza onaren balioekin duten konpromisoa azpimarratu du elkarteburuak, hau da, berdintasuna, etika eta erakunde osotasuna, gardentasuna, parte-hartzea eta herritarrekiko hurbiltasuna.
Imanol Landak euskara nabarmendu du EUDELen funtsezko balioen artean, eta “udalen berezko eskumen gisa onartzea” aurrerapausotzat jo du. Azaldu duenez, Lege berriak “segurtasun juridiko osoa ematen dio, eta, aldi berean, udalek ekitaldi eta izapide administratiboak euskaraz egin ahal izatea sustatzen du”.
Baina, batez ere, adostasuna EUDELen balio nagusi gisa zaintzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Posible izan da beste esparru batzuetan lortzeko zailak izan diren akordioak lortzea udaletan. Era berean, EUDELen araua adostasunean lan egitea izan da, eta etorkizunerako printzipioa eta konpromisoa ere bada".
Hiru mezu, etapa berrirako
Imanol Landak aukera baliatu nahi izan du Batzorde Eragileko eta lurralde batzordeetako kide berriei ongietorria emateko; hiru mezu helarazi dizkie, EUDELen hasiko duten etapa berrirako.
Lehenik eta behin, EUDELekiko “leialtasuna” eskatu die, eta lan komunari “jarrera eraikitzaileaz eta bestearen tokian jartzeko enpatiaz” berehala ekiteko gonbit egin die.
Bigarrenik, zera gogorarazi die kide berriei: “EUDEL ez da entelekia bat. Alkateak eta zinegotziak gara EUDEL”. Beraz, “guk geuk soilik funtzionarazi dezakegu, denok bat”, gaineratu du.
Azkenik, “jabetzeko eta guregan konfiantza izateko” animatu ditu Landak tokiko gobernuak. Azaldu duenez, “tokiko autonomiari esker, adin nagusikoak garela sinetsi eta sentituko dugu, inork eskatu arte zain egon gabe, eta beste erakunde batzuen tutoretzaren beharrik gabe”.
Iturria: Eudel
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25