Prentsa Aretoa
Berriak
2016/08/30
Itxaso Atutxa: “Hirugarren hauteskundeek are indar handiagoa emango liokete PPri, eta hori oso albiste txarra da Euskadirentzat”
Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak esan duenez, legegintzaldiko azken lau urteetan Alderdi Popularrak birzentralizatzeko ahalegina egin du, “euskal autogobernuaren aurka arituz, Euskadirentzat guztiz kaltegarriak diren politiken bidez”.
Itxaso Atutxak, Euzko Alderdi Jeltzaleko BBBko lehendakariak, Madrilen egin litezkeen hirugarren bozei buruz hitz egin du, esanez beste hauteskunde batzuek are indar handiagoa emango lioketela Mariano Rajoy jarduneko gobernuburuaren Alderdi Popularrari; eta, gainera, kontuan izanik popularrek legegintzaldiko azken lau urteetan izandako jarrera, hots, Espainiako Estatua berriro zentralizatzeko egin duten ahalegina, Ciudadanosekin sinatu berri duten akordioa albiste are txarragoa dela Euskadirentzat eta beraren interesentzat.
Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan, Atutxak argi utzi du Rajoyk 180 graduko bira eman behar duela EAJtik ezer lortu nahi badu. “PPk aldatu egin behar du Euskadiri buruzko jarrera, eta horretarako Rajoyk 180 graduko bira eman behar du. Haien politikak euskal herritarren interesentzat guztiz kaltegarriak izan dira eta Ciudadanosekin sinatu duen akordioak okerragotu egin du egoera hori. Ez zaigu batere gustatzen akordio hori, Espainiako Estatua berriro zentralizatzeko ideia sendotzen duelako, euskal autogobernuaren aurka, eta Euskadirentzat oso albiste txarra delako”.
Horrela, Atutxak berretsi egin du EAJk Mariano Rajoyren inbestidurarako bilkuran ezezko botoa emateko asmoa duela. “Gure aldetik ezetza jasoko du. Ezetz lehenengo bozketan eta ezetz bigarrenean. PPren jarrera aldaketa eskatu dugu eta, hala ere, euskal autogobernuaren aurka erasoka jarraitzen dute. Ez dugu ezta abstenitzeko aukera ere planteatzen”.
Azkenik, BBBko lehendakariak azpimarratu nahi izan du Euzko Alderdi Jeltzalea ez dagoela hirugarren hauteskundeak egitearen alde, guretzat, Espainiako politikaren ziurgabetasunagatik eta gobernu ezagatik –akordiorik gabe eta aurrekontu orokorrak geldirik daudela- ondorio izugarri kaltegarriak izango lituzketelako. “Beti agertu gara elkarrizketarako prest, akordioetara iristeko garaian. Baina egoera beltza da, eta hirugarren hauteskundeak egitea da oraintxe indar gehien duen aukera, itxuraz”, esan du azkenik.
EAEko hauteskundeak
Euskal Autonomia Erkidegoan irailaren 25ean egingo diren hauteskundeez ere mintzatu da BBBko lehendakaria, eta esan du EAJk ilusioz eta gogotsu ekingo diola kanpainari. “Gure motibazioa da jendeari erakustea gure Euskadi honek aurrera jarraitzen duela, eta horretarako egonkortasuna behar dugu, Iñigo Urkullu lehendakaria bezalako lider irmo baten eskutik. Edukiez eta programez hitz egin behar dugu; eta jendeari erakutsi behar diogu bere etorkizuna gauzatu ahal izango duenaren esku jarri behar duela botoa”, erantsi du Itxaso Atutxak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25