Prentsa Aretoa

Berriak

2016/09/13

Itxaso Atutxa: “Euskadiren aurrerapenerako berme hoberik ez dago, Iñigo Urkullu Lehendakariak eskaintzen duena baino”

BBBren presidenteak herritarrei ohartarazi die “Espainiako ereduak” ordezkatzen duen porrotaren aurrean, eta Lehendakariak eta bere lantaldeak aurreko legealdian burututako kudeaketa eraginkorraren garrantzia azpimarratu du. “Horri esker Euskadik aurrera egin duelako”.

rss Ezagutzera eman
Itxaso Atutxa: “Euskadiren aurrerapenerako berme hoberik ez dago, Iñigo Urkullu Lehendakariak eskaintzen duena baino”

ARGAZKIA JAITSI

Itxaso Atutxa BBBren buruak, gaur arratsaldean hitz egin du Bizkaiko hautagai Iñigo Iturraterekin batera, EAJ-PNVk Portugaleten egin duen mitinean. Biek azpimarratu dute EAJ-PNVk ordezkatzen duen egitasmoaren sendotasuna eta Iñigo Urkullu Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak kudeatzeko duen gaitasuna. “Jendea konbentzitu behar dugu, jendeari esan behar diogu berme handiagorik ez dagoela, EAJk eta Lehendakariak  ordezkatzen duguna baino. Herritarren konfiantza eskatzen dugu aurrera egiten jarraitu ahal izateko, etorkizunari begiratzeko eta gero eta hobeto egiteko. Euskadi da gure herri bakarra,  eta berari lotuta gaude gaur eta egongo gara bihar” esan du Atutxak.

Zentzu honetan esan du “Espainiako eredua” dela porrotaren eredua. “Desgobernuaren eredua saltzera datozenek jakin dezatela huts egin dutela, ez dugula halakorik nahi”. BBBren presidente andreak ACBrekin gertatu dena aipatu du Espainiako politika okerren eta elkar ulertze eta elkarrizketarik ezaren ondorioen adibide gisa. Atutxak bere buruari galdetu dio “bisitari” horiek non egongo ote ziren, Espainian gobernurik ez zegoelako, altzairu lantegi horretako langileak defentsarik gabe zeudenean. Ez zeuden, eta kito. “Izaskun Bilbao eurodiputatua  eta Arantxa Tapia sailburua bai, ordea , biak aritu izan dira euskal siderurgia Europan borrokatzen eta aldezten”.

Itxaso Atutxak esan du EAJ-PNVk lehentasunak argi eta garbi dituela. “ Une honetan, lehenengo eta behin egin behar dena da enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzea; lehenengo pertsonak dira, beren ongizatea, beren osasuna, beren hezkuntza. Hori da gure egitasmoa, hobeto bizi nahi duten pertsonen herria”.

Era berean, Bizkaiko hautagai jeltzale Iñigo Iturratek, Espainiaren paralisi politiko eta instituzionala alderatu du Euskadin lortu diren aurrerapenekin. “ Gu ez gara parakaidisten antzera iristen, guk etxerako lanak eginda dakartzagu, esana bete egiten dugu. Beraiek Espainian desgobernuan ari diren bitartean, hemen inurrien antzera aritu izan gara lanean. Beraiek hamar hilabeteko kanpaina daramaten bitartean, guk Euskadin kanpainako hamar egunetarako, hamar proposamen ekartzen ditugu”. Iturratek era berean azpimarratu du EAJ-PNVk gobernu arduratsu, serio eta akordio zalea eskaintzen duela, esperientzia egiaztagarriarekin, herri honek aurrera egin dezan. “Lau urteotan, Urkullu Lehendakariak eta bere Jaurlaritzak Euskadi norabide onean jarri dute etorkizun hoberako urratsak eman ditzagun. Baina jakin badakigu oraindik ez dela nahikoa, gehiago aurreratu behar dela. Gu ez gara egindakoarekin konformatzen”. Hautagai jeltzaleak gobernu sendoa eta akordiora irekia izateko beharra azpimarratu du eta  Portugaleteko mitinean elkartu diren herritarrei eskatu die hautestontziak EAJren botoekin betetzeko lana egin dezatela.