Prentsa Aretoa

Berriak

2016/09/21

Itxaso Atutxak EAJ-PNVk Berdintasun,Enplegu eta Gazteria alorreanhartu dituen konpromisoak azpimarratu ditu

EAJ-PNVren BBBren presidente andreak ezinbesteko jotzen du berdintasun politikak bateratzea, eta garapen ekonomiko erreal eta egonkorra azpimarratu du hurrengo legealdira begira jarri den konpromisoaren oinarri gisa, Euskadiko 20.000 gaztek lehen lan esperientzia izan dezaten eta langabezia tasa Euskadin %10etik jaitsi dadin.

rss Ezagutzera eman
Itxaso Atutxak  EAJ-PNVk Berdintasun,Enplegu eta Gazteria alorreanhartu dituen konpromisoak azpimarratu ditu

ARGAZKIA JAITSI

Itxaso Atutxak berdintasun alorrean egiten diren politikak bateratzearen garrantzia azpimarratu du; eta horretarako, adibide gisa eman ditu Iñigo Urkulluk atzo, asteazkenez, Durangon aurreratu zituen konpromisoak,zeinen bidez aitatasun eta amatasun baimen berdin eta besterezinak sustatuko diren, une honetan soldatetan egon daitekeen arrakala ezabatzeko lana egingo den eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei erantzun integrala emango zaien .

EAJ-PNVren BBBren presidente andreak Abanton egin den ekitaldian aitortu du benetako berdintasuna lortu ahal izateko, oraindik "bide luzea" geratzen dela,, baina "bide onetik goazela" azpimarratu nahi izan du. Gaur egun, eta Europako Berdintasun Institutuaren metodologiaren aplikazioan, Euskadi bosgarren dago Europako berdintasun rankingean, hau da, Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herri Behereen atzetik .

Bozeramaile jeltzaleak era berean aipatu ditu EAJ-PNVk egiazko garapen ekonomiko egonkorra lortzeko hartu dituen konpromisoak, gero eta enplegu gehiago eta hobea sortzen laguntzeko. Zentzu horretan, Atutxak gure gizartean gazteen enpleguak duen garrantzia azpimarratu du, gizartean integratu daitezen eta beren garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetzeko besteko egonkortasuna  izan dezaten. Aldi berean, emakumeak lan munduan integratzea bultzatu behar da, baina lana eta familia bizitza behar bezala uztartzeko neurri egokiak sustatu eta abian jarri beharko direla ahaztu gabe.

Bizkaiko hautagai jeltzale Josune Gorospek,bere aldetik, Iñigo Urkullu Lehendakariak gizarte politiken garapenarekin hartu duen konpromisoa azpimarratu du. Honakoa EAJ-PNVk lehenesten duen arloa da, eta azken legealdian ez da inolako murrizketarik egin. "Lau urteren buruan, Euskadin konpromiso soziala erabat bermatuta egotea lortu da. Integrazioaren, bizikidetzaren, gizarte kohesioaren eta zerbitzu publikoen alde egiten duen lehendakaria dugu. Inor atzean ez uzteko oinarria goiburutzat hartuta, Gobernu honek osasuna, hezkuntza eta Euskadiko gizarte babeserako sistema babesten jakin du, eta aurrekontuak ia 150 milioi eurotan areagotu ditu legealdiari hasiera eman zitzaionetik hona”. 

Gorospek galdetu duenez "zein murrizketez hitz egiten dute beste alderdiek Mariano Rajoyren austeritate politikei men egin izana egozten digutenean?. Murrizketak? Jakina egon direla murrizketak. Murrizketak langabezian, zorrean, defizitean eta Administrazio Publikoaren egituran.  30.000  langabe gutxiago ditugu eta langabezi tasa %10etik jaisteko helburua jarri dugu. Defizita puntu batean jaitsi dugu eta zorpetze maila erdira murriztu da Patxi Lopezek utzi zigunarekin alderatuta. Administrazioaren egitura ere %20 murriztu da. Murrizketak, bai, murrizketak egin dira ekonomian zorroztasuna eta kudeaketan efizientzia berreskuratzeko. Etorkizunerako hipotekarik ez uzteko".

Abanto Zierbanan egindako ekitaldian, EAJ-PNVren hautagaiak birpasatu ditu Iñigo Urkulluren egitasmoak Ezkerralde eta Meatzalderako jasotzen dituen konpromisoak. Gorosperen esanetan, konpromiso horiek jarduera zehatz eta egingarriak izango dira, besteak beste Juliana Deuna auzoaren birgaikuntza lanak, Abanton egingo den Euskadiko Meatzaritza Parkea, Ortuellan alokatzeko eraikiko diren 80 etxebizitzak eta Barakaldon Murrieta eta Urban lotzeko egingo den pasabidea. “Hitzematen dugu eskualde honetako bizimodua hobetzeko lana egingo dugula. Eman genuen hitza bete dugu eta orain konpromiso berriak hartu ditugu Euskadik, Ezkerraldeak eta Meatzaldeak aurrera egiten jarrai dezaten". Gorospek ekitaldian batu diren guztiei azken ahalegina egitea eskatu die kanpainan geratzen diren azken egunetan mobilizazio handia eman dadin eta EAJ-PNVrentzako boto bakar bat etxean gera ez dadin.