Prentsa Aretoa

Berriak

2017/04/15

Ortuzarrek Bizkargitik animatu du Aberri Eguna ospatzera “bakerako bidea zabalduz doan” Euskadin

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak aldarrikatu du Euskadi “nazioa” dela eta “nazio den aldetik, aitortuak izan behar diren eskubide politiko eta sozialak dituela”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar Bizkargi mendira igo da gaur, euskal hiritargo osoa bihar Aberri Eguna ospatzera deitzeko. EAJ-PNVren 300 bat alderdikide eta alderdizalerekin batera, Ortuzarrek Guda Zibilean erori ziren gudari guztien oroimenez egin den elizkizunean parte hartu du eta, jarraian, ikurrina altxatu du inguruko guztiekin batera ´Euzko Abendaren Ereserkia´ abesteaz batera. Bizkargin batutako guztiek hamaiketakoa partekatu dute beherako bideari ekin baino lehen indar berriak hartzeko.

“Aurtengo Aberri Egun hau oso giro politiko berezian ospatuko dugu. Azken aldi honetan oso gertakari garrantzitsuak bizi izan ditugu euskal herritarron arteko bake eta bizikidetzarako bidea indartzen eta zabaltzen lagundu dutenak. Eta, orain, egiteke geratzen zaigun betekizuna da autogobernurako bidea zabaltzea eta indartzea, euskal herritarrok gure egoerarekin pozik eta gustura senti gaitezen. Guk, EAJko abertzaleok, Euskadi nazio dela sinisten dugu eta nazio den aldetik eskubide politiko eta sozialak dituela uste dugu, eta eskubide horiek aitortuak izan behar direla. Era berean uste dugu eskubide sozial eta politiko horiek euskal herritarrok onetsi behar ditugula, guri baitagokigu gure etorkizuna erabakitzea. Eta hori da, hain zuzen, hurrengo aldi politikoan, Autogobernu Lantaldearen baitan saiatuko duguna: Euskadirentzako Estatus juridiko-politiko berria”.

Ortuzarrek bertaratu guztien aurrean gogoratu du EAJ-PNVk bihar, goizeko 11:30etik aurrera, Aberri Eguneko jaia ospatuko duela Bilboko Plaza Barrian eta jai giroan jarraituko duela eguerdi aldean Bizkaiko hiriburuko Areatzan egingo den bazkarian. Ortuzarrek euskal hiritargo osoa gonbidatu du, bihar, igandez, BIlbon, Donostian, Iruñean edo Euskal Herriko beste edozein tokitan Aberri Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartzera. Jeltzaleen buruak, era berean, ez ditu ahaztu nahi izan Bizkargin, Burdin Hesian eta Guda Zibil osoan erori ziren gudariak. “Hementxe bertan, Bizkargin, duela 80 urte, askatasunaren alde borrokatu ziren. Gudari haiek gogoan, gaur eta hemen, herri honekiko konpromisoa berresten dugu, Euskadiren askatasunarekiko konpromisoa”.