Prentsa Aretoa

Berriak

2017/01/30

Goazen 2030 ekimenaren helburuen % 12 bete dira dagoeneko, eta % 73 gauzatzen ari dira

Aurkeztu zenetik urte bat pasatu denean, legegintzaldiko 120 helburu estrategikoetatik 15 bete ditu Aldundiak; 87 gauzatzen ari dira, eta gainerakoak (18) diseinu-fasean daude.

rss Ezagutzera eman
Goazen 2030 ekimenaren helburuen % 12 bete dira dagoeneko, eta % 73 gauzatzen ari dira

ARGAZKIA JAITSI

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaia Goazen 2030 proiektuaren lehen urteari buruzko kontuak eman ditu, eta epe horretan helburuen % 12 bete dela azpimarratu du. % 73 gauzatzen ari dira, eta % 15 diseinu-fasean daude. Zenbaki horietan oinarrituta, Rementeriak esan du Bizkaia Goazen 2030 bete-betean ari dela funtzionatzen, ziztu bizian, proiektuan jasotako ekintza guztiak (120) martxan baitaude. 2015-2019 eperako Bizkaiak lehentasunezkotzat jotako 120 proiektu ditu dokumentu horrek. Aldundiaren eguneroko lana osatzen dute eta lau ardatzetan banatuta daude: jarduera ekonomikoa eta kalitateko enplegua; gizarte- eta lurralde-kohesioa eta aukera berdintasuna; administrazio modernoa eta arduratsua, eta munduarekin lotuta dagoen Bizkaia.

Gaur, Bizkaia Goazen 2030 egitasmoaren egoerari buruzko kontuak eman ditu lehen aldiz Ahaldun Nagusiak, eta Rementeriak aitortu du pozik dagoela gizarteari egiten ari direna eta zergatik egiten ari diren azaltzeko konpromiso pertsonala hartu zuelako, jendeak eskertu eta baloratu egiten duelako. Horrek ez du esan nahi herritarrak ados daudenik egiten denarekin, baina ados daude egiteko modu berri honekin, gobernu ireki honekin.

Lehenengo ardatzean, hau da, jarduera ekonomiko eta enpleguarenean, Rementeriak lorpen hauek nabarmendu ditu: , enplegu publikoaren barruan, 176 plaza betetzeko deialdia egin da; 207 pertsona laneratu dira zailtasunak dituzten taldeak laneratzeko programei esker; 138 enplegu sortu dira enpresa berritzaileentzako eta mikroenpresentzako Bat eta Mikro funtsen laguntzarekin; hamaika enplegu-anezka jarri dira martxan eta 210 parte-hartzaile daude, eta ETE eta autonomoentzako 380 inbertsio-proiektu sustatu dira. 

Gizarte- eta lurralde-kohesioaren eta aukera berdintasunaren ardatzean, Ahaldun Nagusiak, batetik, bidesariei buruzko politika berriak aipatu ditu, eta, bestetik, obra hauek amaitu direla esan du: Gerediaga-Elorrio ardatzekoak; BI-623 errepidekoak (Durangon); BI-631 errepidekoak (Orueta eta Agirleta bitartean) eta BI-2121 errepideko obrak, Morgan. Bigarren ardatz horretan, gainera, Aldundiak tutoretzapeko 334 adingabe familietan hartzea ahalbidetu du; egoitza eta eguneko zentro berria zabaldu du Zorrotzan (140 plaza egoitzan, eta 30 plaza eguneko zentroan); 1.593 plaza eskaini dira udalekuetan eta euskara ikasteko laguntza ekonomikoak eman dizkiete 1.094 pertsonari. 

Durangon herritarrei arreta integrala emateko bulego pilotu bat ireki izana da Administrazio modernoa, hurbila eta arduratsua lortzeko ardatzeko lorpenetako bat. Bi hilabeteko epe eskasean, 4.500 pertsonari eman zaie laguntza. Horrez gainera, iruzurraren aurkako planak onartu dira, Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen gardentasunaren atari guztiak aktibatu dira eta http://web.bizkaia.eus/eu web orria eguneratu eta hobetu da.  Bizkaia munduarekin lotzeari dagokionez, hauek dira 2016an lortutako mugarriak: Bizkaia nazioarteko foroetan egotea sustatzea (Smithsonian Folklife Festival jaialdian, adibidez); Aldundia "Silver Economy" Europako saria gidatzen duen taldean sartzea; nazioartean garrantzia duten hamabi ekitalditan egotea eta, Bilbo-Bizkaia helmuga turistikoa sustatzeko, zeharkako 68 ekintza egitea, eta datu hauek izatea turistei dagokienez: 2016an, 1,3 milioi bisitari izan dira, eta 10 bisitaritik 4 atzerrikoak izan dira. 

ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia