Prentsa Aretoa

Berriak

2017/05/25

Itxaso Atutxak PPri gogoratu dio akordioa “2017ko aurrekontuetarako baino ez dela”

BBBko presidenteak baieztatu duenez “gonbidapena helduko balitz” EAJ-PNV berriro eseriko litzateke “haiekin edo beste edonorekin hitz egiteko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxak PPri gogoratu dio EAJ-PNVren eta Gobernu zentralaren artean izenpetutako akordioa bakarrik “2017ko aurrekontuei buruzkoa dela”; “inork bestela esan arren”. Hori bai, kontuan hartu behar da akordioak “urte askotarako partidak” jasotzen dituela “eta oso adi egongo gara esandakoa eta izenpetutakoa bete dezaten”, baieztatu du. Ildo beretik azpimarratu du EAJ-PNV prest dagoela 2018ko kontuei buruz hitz egiteko “haiekin edo beste edonorekin”, “hitz egiteko gonbidapena heltzekotan”.

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko jeltzaleen buruak era berean aipatu du Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburuak, atzo Eusko Legebiltzarrean kupoaren inguruan adostutako akordioa azaldu zuela. EH Bildu eta Podemos taldeei, “akordioa PPrekin lortu izana kritikatu dutenei”, galdetu die beraiek iraileko hauteskunde autonomikoak irabaztekotan eta “bakarrik edo koalizioan” gobernatzen egongo balira ez ote ziren kupoa, kitapena edo hurrengo bost urteetarako legea negoziatzen jarriko, “zein gobernurekin egingo zuten?”, galdetu du, edo “gobernu gisa izango zuten derrigor hori bete gabe utziko zuten?”.

Pedro Sánchezen aukeraketaren ondoren PSOE alderdiaren baitan bizi den egoeraz galdetuta, Atutxak esan du “idazkari nagusia aukeratua izan ondoren PSOE nola egituratuko den jakin arte, hau da, exekutiba berria zein izango den eta hurrengo kongresuan zer gertatuko den jakin arte” ez da argi geratuko “PSOEk zer bide eta zer estrategia jarraituko duen”. Eta horrek “beste hilabete bat beharko du, eta seguruenik, bigarren hilabetea beharko da eta uztailean egongo gara autonomia guztietako kongresuak amaitzen direnerako” esan du. BBBko presidente andreak era berean hitz egin du EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko itunaz eta esan du “ez dagoela arriskurik” Pedro Sánchezek PSOEren primarietan irabazi ondoren. “Jakin dakigu ideologikoki ezberdinak garela, baina badakigu elkarrekin lan egiten”. “Hori da PSE-EE eta EAJk hainbat urtetan erakutsi dugun balore handia” esan du.

Burukide jeltzaleak era berean ekarri ditu gogora EAJ-PNVren eta EH Bilduren arteko harremanak. Atutxak aitortu duenez “agian pixka bat hoztu dira” baina ez alderdi pertsonalean. “Sortu-ko gazteek (Ernai) EAJren batzokien kontra eginiko ekintza batzuk ez ditugu gustuko izan. Ez dira egokiak, eta ez bakarrik antzinako moldeak errepikatzea dakartzatelako baizik eta anakronikoa delako eta hurkoaren ideiak ez errespetatzea delako” baieztatu du. Horregatik esan du nahiko lukeela “alderdi horretako nagusiek beren gazteei irmotasunez erantzutea”. Edozein kasutan, “uste dut etorkizuna elkarrekin eraiki behar dugula eta Legebiltzarra, Batzar Nagusiak eta udal batzuk toki onak izan daitezke. Baina, horretarako, borondate politikoa behar da” esan du. Testuinguru honetan, Atutxak esan du EH Bilduk “azken pausua eman gabe jarraitzen duela”. “Uste dut borondatea egon badagoela,baina ez dago erabakimenik” argitu du.