Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2017/07/18

Durango 1937ko bonbardaketen egileen aurka kereilatu da

Aitziber Irigoras Alkatea, Batzordearen eta durangar guztien izenean, Ezkurdi plazan kokatutako Epaitegietara jo du, 1937ko martxoaren 31an, apirilaren 2an eta apirilaren 4an Durangok jasandako bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereila kriminala aurkezteko.

rss Ezagutzera eman
Durango 1937ko bonbardaketen egileen aurka kereilatu da

ARGAZKIA JAITSI

Aitziber Irigoras Alkateak, “1937ko martxoaren 31”ko Batzordearen izenean, Durangok 1937ko martxoaren 31an, apirilaren 2an eta apirilaren 4an Durangok jasandako bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereila kriminala aurkeztu du gaur eguerdian udalerriko epaitegietan.


Aurretik, goizeko 11:00etan, Alkateak berak, Anaïs Franquesa abokatuak eta Andoni Barreña, Durango 1936 Kultur Elkarteko kideak, “1937ko martxoaren 31” izeneko batzordea osatzen duten kideekin batera, prentsaurreko bat eskaini dute Durangoko
Udaletxeko pleno aretoan, kereilaren helburu, arrazoi, argudiaketa eta justifikazio juridikoen berri emanez.
Aitziber Irigoras Alkatearen esanetan “pleno areto honetan aurkitzen garenok, gogor eta denbora asko daramagu lanean eta elkarlanean gertatutakoa argitzeko eta ahal den heinean, biktimen erreparazioa bultzatzeko. Gaur, Durango bonbardatu zuten
Aviazzione Legionariako kideen aurkako kereila kriminala aurkezten dugu, egia, justizia eta barkamena lortzeko aurrepauso sendo bat emanez”.

Honez gain, Irigorasek gaurkoa “gertaera historikoa” dela azpimarratu du, izan ere “Durangok lehen aldiz joko du epaitegietara sarraski frankista hura salatzeko. Eta gainera, “1937ko martxoaren 31” osatzen dugun kide guztien ahobatezko babesarekin
aurkezten dugu.” 

Durango Uriak, 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 4ra, Italiako Aviazzione Legionariak eragindako bonbardaketak jasan zituen. Durangon ez zegoen gerra-fronterik. Bonbardaketaren helburu nagusia izan zen izua hedatzea herritarren artean: 300etik
gora hildako, ehundaka zauritu, hamaika etxe eta eraikin birrinduta edo kaltetuta eta herritar guztiak ikaratuta utzi zuten. Zalantzarik gabe, ekintza hori Gizateriaren Aurkako Krimena izan zen, preskribitzen ez denetakoa. 


Ahalegin handiak egin badira ere Italiako Estatuak bere erantzukizuna onartu dezan Durangoko herritarren kontra egindako bonbardaketen inguruan, eta biktimei, familiarrei eta Durango herriari barkamena eskatu diezaietela eskatu bazaie ere, oraindik ez dugu inongo erantzunik jaso herritarren aurka egindako delitu larri hauen inguruan.


“1937ko martxoaren 31”ko Batzordea Durangoko Udalbatzarrak, alkateak eta zinegotziak, Durangoko alderdi politikoak eta Durangoko hainbat herri-elkartek osatzen dugu, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Kriskitin Dantza Taldeak, Ongi Etorri Kovanêk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak; eta zabalik dago eta egon da edozein herri-elkartek edo herritarrek parte hartu dezan.


Kereila aurkeztu aurretik, eguerdiko 12:00etan, Ezkurdi plazan, bonbardaketetako biktimak oroitzeko ekitaldi hunkigarria izan da. Bertan, Gerra Zibileko biktimak omentzeko 5 minutuko elkarretaratzea egin da, Udal Korporazioko kideek, EAJ-PNVren legebiltzarkideak Josune Gorospe, Jon Aiartza eta David Latzaga, udalerriko elkarte eta agente sozialek zein bizilagunek parte hartu dute besteak beste.