Prentsa Aretoa
Berriak
2017/09/21
Lehendakariak defendatu du giza garapen iraunkorraren ereduan oinarritutako Euskadiren hazkunde ekonomikoa
Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran esku hartu du gaur Urkullu lehendakariak
Politika Orokorreko Osoko Bilkura
MINTZALDIA - 2017/09/21
Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu du giza garapen iraunkorraren ereduan oinarritutako Euskadiren hazkunde ekonomikoa, euskal gizarte justuagoa eraikitzera bideratua. Urkulluk esan du horrek dakarrela “lehiakorragoak” izatea, horixe izanik Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duen helburua politika ekonomiko “eraginkorra, enpresen bideragarritasunaren alde egiteko eta enplegua sortzeko gai dena”, eta, aldi berean, aberastasuna oinarrizko zerbitzuak bermatuko dituen politika publiko bihurtzeko gai dena antolatuta. Horixe ziurtatu du Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorraren Eztabaidan egin duen esku hartzean, eta bere saioa Gobernu Programaren lau oinarrietan egituratu du: Giza garapena eta gizarteratzea; Enplegua eta ekonomiaren suspertzea; Bizikidetza eta giza eskubideak; eta Autogobernu gehiago eta hobea.
Lehendakariak onartu du helburu horiek betetzeko oraindik lan handia egin behar dela. Hala ere, balioetsi du Gobernu Programan hartutako konpromisoak bide onetik doazela. Hain zuzen ere, programako 175 konpromisoetako 165 abian daude, eta hori % 90etik gora da. “Gobernua lanean ari da, legegintzako programa aurreikusitakoa baino hobeto betetzen ari da”, erantsi du lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko erronken artean hezkuntza, erronka demografikoa eta gazteen, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta Euskadi nazioartekotzearen aldeko apustua aipatu ditu.
Gobernu Programaren beste oinarrietako bati, hain zuzen ere, bizikidetzarekin eta giza eskubideekin zerikusia duenari, dagokionez, lehendakariak berretsi du biktima guztiei ezartzeko erreparazioarekin, justiziarekin eta egiarekin lotutako politika publikoekin Jaurlaritzak hartuta duen konpromisoa, eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berria ere aipatu du. Lehendakariaren ustez plan hori onartu izanari etekina atera behar zaio, Legebiltzarreko lantaldearen lana probetxugarria izan dadin eta adostasunean Legebiltzarreko indar guztiek parte har dezaten.
Urkullu lehendakariak, bestalde, eskuratzeke dauden eskumenei buruz Eusko Legebiltzarrak eskatuta egin den eta Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen txostenaren ondorioak ere aurkeztu ditu. Txostenean jasotzen da 37 eskumen eskualdatu behar direla Gernikako Estatutua betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak “negoziatzeko eta akordiotara iristeko” borondatea duela. Lehendakariak adostasun zabalagoa izango duen Euskadiko esparru juridiko-politiko berria lortzeko hainbat gogoeta ere egin ditu. Zehazki, bost aipatu ditu: Euskadi Europan kokatzea, Euskadi nazio gisa errekonozitzea, autogobernua zabaltzeko bideak eskaintzea, aldebikotasun-kontzeptua finkatzea eta Estatuaren, Europar Batasunaren eta nazioarteko ekintzaren eremuan erabakitzeko ahalmen zehatza izatea.
KONPONBIDE POLITIKOA KATALUNIAN
Eusko Legebiltzarreko saioa Kataluniako egoerari aipamena eginez hasi du lehendakariak. Urkulluk esan du “konponbide politiko negoziatua” bilatu behar dela, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio, beraz, “elkarrizketaren atea zabaltzea, elkar ulertzeko eta akordiotara iristeko borondatea erakutsiz”. Erronka nagusia da, lehendakariaren ustez, “haustura sozial edo politikoa” saihestea, eta abiapuntu gisa proposatu du gizartearen gehiengoaren borondateen arteko gatazka aitortzea, proiektu nazionalari dagokionez elkarrengandik urrun agertzen direnak Katalunian, Euskadin eta Estatuko gainerako lekuetan.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25