Prentsa Aretoa
Berriak
2017/10/02
Urkullu Lehendakaria: “Garaipen bakarra gaurtik aurrera elkarrizketaren eta akordio politikoaren bidea berreskuratzea izango litzateke”
Lehendakariak Forum Europako mahai-inguruan parte hartu du, eta bertan Euskadiko egoera ekonomikoaz hitz egiteaz gain Kataluniari buru ere hitz egin du. Atzo gertatutakoaren ondoren Lehendakariak ziurtatu du kontsulta legal eta itundu bat dela bide bakarra
Iñigo Urkullu lehendakariak txostengile gisa parte hartu du gaur Forum Europa: Tribuna Euskadik antolatutako mahai-inguruan, eta bertan errealismoaren, egonkortasunaren eta akordioaren baloreak aldarrikatu ditu. “Hazkunde ekonomikoaren ziklo berri” baten aurrean gaudela eta Euskadi “hilabetez hilabete” suspertzen ari dela egiaztatu ondoren, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela kalitatezko enplegua sortzea enpresa lehiakorren bidez. Lehendakariak, foro honek emandako aukeraz baliatuz, “akordiorako jarrera positiboa” eskatu du Kataluniari eta Euskadiri dagokienez, eta esan du “garaipen bakarra gaurtik aurrera elkarrizketaren eta akordio politikoaren bidea berreskuratzea” izango litzatekeela. Atzo gertatutakoaren ondoren Lehendakariak ziurtatu du kontsulta legal eta itundu bat dela bide bakarra.
Bilboko Ercilla Hotelean egindako ekitaldian Euskadiko egoera ekonomikoa aztertu du lehendakariak, baina gaurkotasun handiko beste gai batzuk ere aztertu ditu, besteak beste, autogobernua eta atzo Katalunian gertatutakoa. Lehendakariak adierazi duenez, “ulertezina” da erabilitako estrategia poliziala, eta zaurituekiko elkartasuna erakutsi nahi izan du. “Kezka eta tristezia eragiten dizkit hona ekarri gaituen egoera politikoak, gizarte katalanak ez baitu horrelakorik merezi”, ziurtatu du.
Kataluniari buruz ere esan du inor ez dela sendotuta eta garaile atera, baizik eta alde guztiek galdu dutela”, eta eskatu du benetako borondate politikoa izango duen elkarrizketa prozesua, demokratikoki bateratu ahal izateko espainiar, kataluniar eta euskal biztanle gehienen asmoak eta xedeak. “Lehen ezinbestekoa zen, eta gaurtik aurrera oraindik ere ezinbestekoagoa”, erantsi du. “Ezinbestekoa zen lehen eta are gehiago hemendik aurrera”, gehitu du Lehendakariak, eta azpimarratu du Catalunyako gatazka kale itsutik elkarrizketa politikorako mahaira eraman beharra dagoela eta gizartean eta politikan edozein haustura sahiestu.
Lehendakariaren ustez atzo “ziklo-aldaketa” ikusi ahal izan zen, eta aldaketa horrek eskatzen du Estatu eredua beste era batera formulatzea, gaur egungo “kafea denontzat” ereduak ez baitu balio izan. Horrela, “politikaren impasse egoera honetan“ euskal bidea planteatzen du irtenbide gisa, hau da, elkarrizketaren, negoziazioaren, akordioaren eta berrespenaren bidea. Lehendakariak, alde horretatik, “ituntzeko jarrera positiboa” eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta jarrera horixe bera eskatu die Euskadiko talde politikoei ere autogobernuari buruzko ponentziaren baitan akordio batera iritsi ahal izateko, eta esan du badirela “josteko hariak”.
EGOERA EKONOMIKOA
Bere ponentzian lehendakariak defendatu du giza garapen iraunkorraren ereduan oinarritutako Euskadiren hazkunde ekonomikoa. Urkulluk aitortu du krisiaren urte “oso gogorren” ondoren joera aldatu dela hainbat faktoreren eraginez, baita Euskadiko industriak eta enpresak egindako ahaleginari eta egokitzapenari esker ere, nahiz eta esan duen ez dela nahikoa. Adierazi du Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat dela kalitatezko enplegua sortzea enpresen lehiakortasunarekin estu lotuta. Lehendakariak datozen urteotarako agertoki ekonomikoari buruzko hainbat datu ere eman ditu, besteak beste, aurten BPGren hazkundea % 3koa izatea dagoela aurreikusita, eta 2020ra arte % 2,2koa; produktibitatearen hazkundea % 1 ingurukoa izango dela; eta enplegua iraunkortasunez sortuko dela, aurten % 1,9 inguru eta 2020ra arte % 1,3.
Lehendakariak esan du agertoki honetan Exekutiboak “argi eta garbi” zehaztu dituela bere lehentasunak: oinarrizko zerbitzuak mantentzea, berrikuntzako inbertsioa urtean % 5 igotzea, 20.000 gazteri lan-merkatuan sartzen laguntzea, biztanleriaren zahartzeari aurre egitea, Hezkuntzako eta Osasun arloko azpiegiturak berritzea, DBEri eta etxebizitza-eskubide subjektiboari eustea eta familiei laguntzeko politikak zabaltzea.
Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzaldi osoa
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25