Prentsa Aretoa

Berriak

2017/11/21

Itxaso Atutxa: “EH Bildu Ciudadanosen blokearekin lerrokatu da, Kongresuan euskal herritarrak bertan behera uzteko”

BBBko presidente andreak gaitzetsi du koalizio abertzaleak, EAJren kontra duen obsesioak bultzatuta, “gure autogobernuaren oinarri” diren Ekonomia Itunaren eta Kupoaren legeak babestu ez izana

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Prentsaurreko bat baino zerbait gehiago eman beharko du EH Bilduk Ciudadanosen blokean bozkatzeko arrazoiak azaltzeko, 155 artikuluaren Ciudadanos horrekin, alegia”. Hitz horiekin argi bezain sendo mintzatu da Itxaso Atutxa EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidente andrea EH Bilduk Diputatuen kongresuan Ekonomia Ituna aldarazteko legea bai baina Kupoaren lege berria ostegunean ez babesteko hartu duen erabakiaren aurrean, arau berriek gure autogobernuaren muina osatzen duten arren. Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko jeltzaleen buruak kritikatu duenez “guri 155koekin apurtzeko eskatzen diguten bitartean, beraiek Euskadirentzat Kupoa bezain gauza onuragarriaren kontra bozkatuko dute eta niri berdin dit abstentzio kritikoa bada. Prentsaurrekoa baino gehiago eman beharko du Bilduk Euskadiko hiritargoari Kongresuan bertan behera uzte hau azaltzeko”, gaineratu du.

Burukide jeltzaleak ezker abertzalearen jarrera hau “kontraesankor” jo du, ez baitu ulertzen zergatik egin daitekeen “gauza bat onartu eta bestea ez”. “Kupoaren kitapena metodologia baten arabera egiten da eta metodologia hori da 2017ko kitapenerako eta Bost Urteko legea kalkulatzeko oinarria markatu duena, eta hori da ere irakurketa bakarrera eramaten dena. Zein zati da gustuko ez dutena? Nola egin den? Hauxe da Espainiako gobernuaren eta Euskadiko erakundeen arteko akordioa. Ez dago obskurantismorik. Dagoena da Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko negoziaketa”, azaldu du. Hori dela eta, Atutxa konbentzituta dago “gai honetan EAJ-ren kontrako jarrera bat nagusi dela. EH Bildukoak EAJ eta Euskadi nahasten ari dira. Gure kontra etortzea funsgabea izan daiteke, baina horrek berdin digu: onartzerik ez dagoena da beraiek ere herri honen autogobernuaren oinarria dela onartzen duten zerbaiten kontra joatea, Ekonomia Itunaren kontra, alegia. Bost Urteko Legeari baietza emateak eta Kupoaren Legeari ezezkoa emateak ez du zentzurik, are gutxiago metodologia berbera erabilita egin direla kontuan hartzen badugu”, baloratu du.

BBBko presidente andrearen esanetan, hauxe ez da ezker abertzalea erori den kontraesan bakarra: “EH Bilduk esan du ez duela zentzurik trukerako erabiltzea Legeak berak ezartzen duen zerbait. Kontraesana, hor ere, eta memoria pixka bat egitea baino ez dago. Gipuzkoako Aldundiaren gobernuan egon ziren urteetan hainbat aukera izan zituzten Kupoaren betepenari uko egiteko. Edo, bestela, ordaindu gabe utz zezaketen, besterik gabe. Horrek delituren bat egitera eramango zituen. Beren ardurapekoa denean, Espainiako legeria betetzen dute”, ohartarazi du.

Ildo beretik Itxaso Atutxak Ciudadanosi gaitzetsi dio Ekonomia Itunarekiko erakutsi duen jarrera, hain zuzen ere Albert Rivera buruarena, “iraingarri” jo duelarik. “Inguruko inork ez omen dio gizon honi Ekonomia Ituna zertan datzan azaldu; uste dut asmo txarra dagoela euskal hiritarrok dugun pribilegioa dela esan duenean”. Baina Espainian Ekonomia Ituna bezain gauza arriskutsu bat non eduki nahiko luketen galdetzen diegunean, inoiz ez digute erantzuna ematen. Compromis-ekoek ere ez digute oraindik ezer argitu”, kritikatu du.

Halaber, kezkatuta agertu da “diskurtso hori Albert Riverak ez ezik Espainiako ezkerrekoek ere egiten dutelako”. Baina, kritika horien aurrean argitu duenez “azken finean, Espainia osoan ez dago autonomiarik arrisku hori onartzeko prest dagoela esango digunik. Esaten duten gauza bakarra da euskal herritar batek bere oinarrizko gizarte zerbitzuetarako duen finantzaketa berbera izan nahi dutela, baina ez digute esaten arrisku hori berori hartzeko prest daudenik”, azaldu du. “Ez digute esaten, guk Aurrekontu Orokorren %6,24 a ordaintzen dugun neurri berean, Estatuari halako portzentajea ordaintzera prest daudenik, horrek beren aurrekontuen porrota ekarriko lukeelako urte batean diru sarrera nahikoa izan ez dutelako. Horretaz ez digu inork ezer esaten, horretaz euskal herritarrok baino ez dugu hitz egiten, alde bakarreko arrisku hura onartu genuelako eta onartzen jarraitzen dugulako”, gaineratu du. “Urterik gogorrenetan egin dugu. 2000 eta hurrengo urteetan kontua oso txarra izan zen Euskadirentzat eta oso ona Estatuarentzat” gogoratu du. “Nik beti defendatuko dut Estatuarekin solidario izan behar dugula, eta horrela jokatzen dugu. Hori beti defendatuko dut. Baina ez da egia pribilegiatuak garenik edo gain-finantzaketa dugunik”, ezarri du.