Prentsa Aretoa
Berriak
2017/12/31
Iñigo Urkullu Lehendakariaren Urte Amaierako mezua
Arratsaldeon eta eskerrik asko, bihotz bihotzez, zuekin batera egoteko aukera hau eskaintzeagatik. Gaur mundu zabaleko euskaldun guztiak ditut gogoan, orain bereziki, urrutien bizi edo daudenak
Euskadi da gure Herria eta, lankidetzan jardunez, lortzen ari gara munduan gure izena zabaltzea.
Aurten aurrera egin dugu, Euskadi hazi egin da eta enplegu aukera berriak sortu dira. Hazten jarraitu nahi dugu, irekiagoa den mundu honetan gure izena eta izana sustatzeko eta indartzeko.
Urte berriaren atarian, bada, asmo onak, helburuak eta ilusioak partekatzeko une egokia da.
Nire partetik bost hauek proposatu nahi dizkizuet:
Esperantza,
Ekarpena,
Enplegua,
Elkartasuna,
Euskadi.
Bat egiten dut, bete-betean, hitz horien esanahiarekin eta asmoekin:
Esperantza-Itxaropena.
Urte berriari begira jarri, eta hobetzeko esperantza pizten zaigu; pertsona gisa, familia gisa eta, baita ere, Herri gisa hobetzeko itxaropena pizten da.
Esperantza-Itxaropena, baina, ez zaigu piztuko haren zain egote hutsarekin. Bultzada eman behar diogu eta ilusioz jardun.
Azken batean, esperantza, gure barruan dagoen indar bat da. Indar hori da erabili eta konpartitu behar duguna.
Esperantza. Ekarpena-Esfortzua.
Helburuak ekinaren ekinez lortzen dira; arazoak ezagutuz eta onartuz, egunero jardunez egiten zaie aurre oztopoei.
“Irauntza” da gure eredua: lanean iraun, ez etsi.
Horretarako, guztion ahalegina, guztion ekarpena behar dugu.
“Auzolana” horixe da: elkarrekin lan egitea; eskuzabal, zuzen eta zintzo; guztion onuraren mesedetan.
Urte berriari begira, pertsona orok izan behar du gure familia eta komunitatea hobetzen lagunduko digun asmo bat edo beste.
Gure ekarpena eskaintzea, ahalegina partekatzea. Hori da gure asmorik onena, gure indarra.
Esperantza. Ekarpena. Enplegua.
Horra hor xedea: urte berria, enpleguaren hazkundea eta enplegu gero eta hobeagoaren urtea izan dadila lortzea. Horra hor guztion nahia eta esperantza.
Helburu horrek merezi du gure ekarpena: Enplegu gehiago eta kalitate hobeagokoa.
Enplegua da, bai, euskal gizartearen eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. Enplegu aukera berriak gazteentzat. Lan aukerak egoera larrienean daudenentzat.
Badakigu, ondo jakin ere, lan duin bat izatea dela gizarte kohesionatu ororen oinarria. Irmotasun osoz, horren alde lanean jarraitu behar dugu, elkarrekin, auzolanean.
Esperantza. Ekarpena. Enplegua. Elkartasuna.
Pertsonek osatzen dugu euskal komunitatea eta, Herri txikia izanik, gertu-gertutik ezagutzen ditugu pertsonen arazoak eta zailtasunak.
Besteen sufrimenduak denoi eragiten digu. Izan ere, enpatiarako gaitasuna da gizaki egiten gaituena.
Elkartasunaren aldeko hautua egin dugu. Hainbat eta hainbat boluntarioen elkartasun lana aitortu nahi dut, gehien behar dutenei laguntzeko. Hori da gure gizarte kultura, hamarkada luzeetan eraikia.
Inor atzean uzten ez duen Herri bat eraikitzen jarraitu nahi dugu.
Eusko Jaurlaritzak, bada, gizarte-babeserako sistema bermatzen jarraituko du. Izan ere, pertsonen eta familien premiei erantzuten dien sare hori euskal gizarte konprometituaren isla da, elkartasunaren seinale.
Esperantza. Ekarpena. Enplegua. Elkartasuna. Euskadi.
Euskal Herria gara. Euskadi da gure Herria.
Euskadi da batzen gaituena. Gure nortasuna eta proiektua. Gure etxea.
Gure Etxean pertsona guzti-guztiek duintasunez bizitzeko aukera izan behar dute. Etxe abegikorra eta irekia. Konpromiso argia duena gazteei aukerak eskaintzeko eta, baita ere, emakumeen kontrako indarkeria errotik ezabatzeko.
Ateak eta leihoak mundura zabalik dituen Etxea da gura duguna: Euskadi- Basque Country alegia.
Esperantza. Ekarpena. Enplegua. Elkartasuna. Euskadi.
Urte berriaren atarian auzolanean aritzeko bost arrazoi.
Baditugu auzolanean betetzeko helburuak:
-Etxea sustraitu eta gure arteko bizikidetza jorratu;
-Pertsona ororen babes soziala bermatu;
-Egunez egun, lanpostuz lanpostu, enplegu aukera berriak sortzen lagundu;
-Gure nortasuna eta kultura indartu; eta
-Euskal izana eta izena munduan zehar zabaldu.
Eraiki dezagun, bada, elkarrekin, gura eta maite dugun Euskadi hori.
Desio hauekin, Ajuria Eneatik, besarkadarik estuena helarazten dizuet munduko euskaldun guztioi.
Urte berrirako, etorkizunerako, onena opa dizuet.
Eskerrik asko.
Zorionak eta Urte berri on!
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25